Tracey Emin (Croydon, 1963) 1997an sartu zen Erresuma Batuko iruditeria kolektiboan, Turner sariaren inguruko zuzeneko telebista emanaldira erabat mozkortuta iritsi zenean. «Pintura hilda al dago?» zuten eztabaida gaia emanaldi hartan. Urte hartan emakumeak ziren sarirako hautagai guztiak, eta haien artean ez zegoen margolari bat bera ere. Eztabaida euskarri berrietako artearen garrantziaren inguruan zen. Partaideak, berriz, orduko arte adituak ziren; gehienak gizonezkoak, bi emakume artista izan ezik. Momentu jakin batean, arte historialari batek modatzat jo zuen emakumezkoen zerrenda, eta beste batek ere gauza bera egin zuen arte kontzeptualaren garrantziarekin. Gizonak hitz egiten ari ziren bitartean, Eminen berriketa etengabea entzuten zen kameratik kanpo.
Eztabaidak aurrera egin ahala, alkoholak hartu zuen gaina, eta Emin galdezka hasi zen isildu gabe: «Nor ari da hau ikusten? Benetako jendea da? Benetako bizitza duena? Benetan?». Garai hartan asaldagarria izandakoa goi mailako performancea da orain, bere osotasunean ikusiz gero behintzat. Aitakeriaz eta ideia zaharkituz inguratuta ageri da Tracey Emin artista, eta Sara Ahmed pentsalariaren figura feminista —festa zapuztailea— bilakatzen da: telebista estudioan arte historialarien eta kritikarien festa izorratzen du.
90eko hamarkadako arte merkatua, gehien balioesten ziren artistei dagokienez, maskulinoa zen —halaxe erakusten du Damien Hirst Saatchi galeriak—, baina emakumezko ikur batzuk salbu zeuden. Hala, 1999. urtean, Eminen Nire ohea instalazioa (1998) izendatu zuten Turner sarietarako hautagai. Eztabaida publiko bizia sortu zuen: artea ote zen ohe xume hori? Horren moduko eztabaida bat sortu zuten Carl Andreren «adreiluek» aurreko hamarkadan, Tate museoan erakutsi zirenean.
Artista, arrotza
2005ean argitaraturiko Strangeland liburu autobiografikoan gertatutakoaz hitz egiterakoan, Eminek dio hurrengo egunean lagun batek deitu zionean jabetu zela telebistan izan zela; ez zela ezertaz oroitzen. Eminek, idatziz, bere artean bezala, Joseph Beuysen estiloan, bere zauria erakusten du. Ez du bere burua psikoanalizatzen, ezta justifikatzen ere. Haren testu autobiografikoa basatia da, aitortzaz harago doa, eta aitzindaria izan da. Haren artean ere, hitza eta material autobiografikoa ardatz dira. Askotan, bere lanik ederrenetan, eskutitz, argazki eta bideo bidez islatzen du aita gonazalearekin izan zuen harremana, behin-behinekotasuna eta samurtasuna uztartuz.
Kulturartekotasuna baino gehiago, kultura talka ikertzen du artistak bai literaturan eta bai artean. Tracey Eminen izena bera kakofonia hutsa da: langile klaseko izen ingeles baten eta abizen turkiar baten arteko ezkontza.
Gatazka kultural horrek egituratzen du Strangeland autobiografia, hiru ataletan: amaren lurraldea, aitaren lurraldea —ingelesez, euskaraz bezalaxe, aberria— eta Traceyren lurraldea. Haurtzaroko paisaiak iradokitzen ditu Eminen lehen aukera estetikoak; hain zuzen ere, Margaten, Ingalaterrako hego-ekialdeko kostaldeko herri batean. Hitza hausnarketarako tresna da, eta idatziz azaltzen digu betidanik sentitu duen arroztasunak egin duela artista. Hasieran dio arraroa dela leku batekoa izatea, hain zuzen ere, nongoa zaren nolabait sortzea.
Bigarren bizitza
Hogei urteren ondoren, berriz argitaratu zuten Eminen autobiografia, hitzaurre bat gehituta. Sarrera berri horren helburua minbizia gainditu izana azaltzea da. 2020an, artistari maskuriko minbizi erasokorra diagnostikatu zioten. Oso minbizi zaila da tratatzeko, eta oso gutxik gainditzen dute; Eminen kasuan, gaixotasunari aurre egiteko ebakuntza erradikala egitea aukeratu zuen. Urte hartan, betiko aldatu zitzaion bizitza. Bizitakoa 2005eko autobiografiaren estalki berria izango da, baita aurten Tate museoak antolatutako A Second Life erakusketaren hezurdura ere.
Erakusketak nostalgia kutsua izan zezakeen, batez ere kontuan hartzen badugu Erresuma Batuan 90eko hamarkadaren nostalgia merkantilizatzen ari direla hainbat arlotan. Ikusle askorentzat, Emin hamarkada haren hasierako artista gazte errebelde baten argazki izoztua da. Hala ere, erakusketaren antolaketa espektatiba horien aurkakoa da. Hasieran, hastapenetako lanik esanguratsuenak ageri dira, baina ordena ez da kronologikoa. 90eko hamarkadako ohea ez da garai hartako artearekin jartzen, baizik eta bigarren bizitzaren erdigunean. Izan ere, orain ez aspaldi, jaio, sexu harremanak izan, erditu, gaixotu eta hil, dena ohe berean egiten zuen. Gizarte garaikideetan, gaixotasuna eta heriotza tabu bihurtu dira, eta, sufrimendua saihesteko, beste eremu batzuetara lekualdatu dira. Eminen Bigarren bizitza erakusketan, ordea, erdigunean daude.
Bigarren bizitzaren hastapen gisa, erakusketaren bihotzean, polaroid argazki sorta bana dago korridore estu baten alde bietan. Minbiziari aurre egiteko bere gorputzean egindako ebakuntzen artxibo grafikoa da, argazki sexyagoekin nahasia. Hamar argazki daude pareta bakoitzean. Ikuslea korridorean sartzen da, eta deseroso sentitzen da argazki sortak ikustean. Gainera, ezin dira bi ikusle elkarren parean jarri, ez baitago lekurik. Korridoretik atera eta lehenengo artefaktua eskultura bat da, zerura begira: Ascension (Igokundea, 2024). Ondoren, 1998ko ohe famatua ageri da. Hurrenkerak ikuslearengan deserosotasuna sor badezake ere, haustura horretan datza Eminen jenialtasuna.
Artea ez da espektakulua, ezta entretenimendua ere. Eminen hitzetan, arteak ikusezina den hori azaleratu behar du. Strangeland liburuaren epigrafea Ahmad Ibu-al-Qafen poema bat da, eta azken bertsoak dio hitzak «ipurtargiak» direla iluntasunean. Traumak artearen poderioz berrantolatzeko ahalmenaz dihardu aipaturiko eskulturak; ondoren, gaztaroko ohea zahartzaroan kokatzen du, bigarren bizitzan. Nahiz eta Eminen ibilbide osoa jaso, erakusketa ez da atzera begirakoa, ezta 90eko hamarkadaren nostalgia ere; haustura, jostura eta berridazketa erradikala erakusten ditu.
Eta bigarren bizitza berri honetan, zergatik berrargitaratu Strangeland beste aro bati dagokion testu autobiografikoa baldin bada? Hainbat elkarrizketatan aipatu du Eminek gaztaroko sormenarekiko bulkada sentitu duela zahartzaroan. Atzera egin du aurrera egiteko, eta, bidean, hastapenetako artista sena berreskuratu du. Esate baterako, Margatera itzuli da arte eskola bat eraikitzeko. Gorputza gaitzat duen eskultura lantzen hasi da, eta pinturari heldu dio berriz ere, nahiz eta aspaldian utzia zuen. Arte eskolaren ostean abandonatu zuen pintura, eta 1999tik aurrera sigi-saga ibili zen.
Gorputza izan da ardatza haren lanean, eta, gorputzarekin duen harremana aldatu denean, aro oparo batean sartu da bete-betean. Euskal letretan, besteak beste Mari Luz Esteban, Mariasun Landa eta Arantxa Urretabizkaia ari dira zahartzaroaren inguruko estereotipoak zapuzten. Zalantzarik gabe, emakumezkoentzat zahartzaroa da punk berria.