Rockaren izpirituak hauspotutako pop musikaren azken iraultza trip hopak ekarri zuela defendatzeko prest nago. Betiere «iraultza» kontzeptua «berrikuntzarekin» identifikatzen badugu, noski, azken hogeita hamakoxka urteotako jite-aldaketek, sail honetan behin eta berriro defendatu izan dugun bezala, revivalismo eternal baten bidetik etorri direlako nagusiki. Esplika nadin: trip hopa deritzonaren soinuak gure belarrietara iristen hasi zirenean oraindik sinesten genuen rockaren aurrerabidean; ondoren nagusitu ziren soinuez jabetzean, betiereko itzuleraren buklean sartuta geundela susmatzen hasi ginen. Izan ere, kronologikoki, pop musikaren historian, zer etorri zen trip hoparen ostean? Britpopa, alajaina. Trip hopa elektronikaren, hip hoparen, dubaren eta postpunkaren nolabaiteko gurutzaketatik sortzen hasi zen 1980ko hamarraldiaren hondarrean, non, eta (ageriko) tradizio rockzale handiegirik ez zeukan Bristol hirian. Bazeukana karibetar jatorriko komunitate sendoa zen, ordea, zeinaren inguruan indartsu piztu baitzen sound system-en garra, raparen eta grafitiaren kulturekin batera. Magma horretatik joan zen sortzen erritmo geldoak, hip hoparen errezitatuak, elektronika atmosferikoa, eta arimaz beteriko kantua (emakumezkoen ahotsetan, nagusiki) nahasten zuen estilo berri eta originala, 1990eko hamarraldian eztanda egin eta haren amaieran gailurra joko zuena, Bristol betirako ipiniz britainiar musikaren maparen leku garrantzitsu batean. Haren hedatze-uhina, gainera, azpigenerotik kanpo sakon iritsi zen: garaiko Björk-en edo Maddona-ren lanak entzutea besterik ez dago; gugandik hurbilago, hor daude NajwaJean proiektu espainiarraren edo Atomoog gasteiztar efimeroen adibideak. Eta eragin handia izaten jarraitzen duena baita egun ere, produkzio askotan sumatzen jarraitzen baita: Arlo Parks, FKA Twigs edo are Fontaines DCren pieza batzuk entzutea besterik ez dago horretaz ohartzeko.

MASSIVE ATTACK
Trip hoparen sorrerara eraman zuen humusaren osagarri bakarra ez bazen ere, Massive Attack proiektuan elkartu zen jendeak (3D, Daddy G, Mushroom, Tricky) protagonismo berezia izan zuen azpigeneroaren eklosioan. Bristolgo sound system-etako batetik (The Wild Bunch, diskoetxe bilakatua gero) eta kaleko arte eszena indartsu batetik abiatuta (hipotesi entzutetsuenetako batek dio Banksy-ren atzean 3D ezkuta daitekeela...), Neneh Cherry handiaren laguntzaz Blue Lines album harrigarria argitaratu zuten halako batean (1991), anomalia bat bere garaian, eta atzera begira trip hoparen sorreratzat jo dena. Izan ere, eskubide osoa leukake hemen egoteko, hurrengo albumak bezalaxe, Protection (1994): bietan daude sample zorrotz aukeratuak, oinarri erritmiko geldoak, elektronika lurrintsua eta, batez ere, ahots gonbidatu ikaragarriak, kantuetako batzuk zerura eramaten dutenak (Horace Andy, Shara Nelson, Nicolette eta Tracey Thorn, harrapa ezank). Baina hemen bakar bat aukera nezakeen, eta Mezzanine honekin geratzen banaiz da, agian, trip hoparen estilizazioaren gailurra hemen jo zelako, eta ahots laguntzaile nagusian nor eta Cocteau Twins-eko Elizabeth Fraser izan zutelako, Teardrop edo Black Milk bezalako kantuei distira berezia ematen diena. Album honek, izan ere, erakusten du zein inportantea zen taldekideentzat postpunka: soinu ilunago bat lortu zuten, ia gotikoa. Baina, ondorengo postpunkaren revival guztia ez bezala, mimetismoan erori gabe, zerbait berria sortzeko helburuarekin. Eta lortu egin zuten. Hainbeste ezen orduz geroztik gutxi argitaratu baitute (bi album gehiago, soilik); edonola ere, zuzenekoekin jarraitzen dute, eta aktibismo politiko kontzientea praktikatzen, Palestinaren kausaren alde nabarmenki.

PORTISHEAD
Trip hoparen loraldi bristoldarraren bigarren euskarri nagusia Portishead taldea izan zen: 1994an, Massive Attackek berak Protection definitiboa kaleratu baino aste batzuk lehenago, Beth Gibbons-ek, Geoff Barlow-ek eta Adrian Utley-k osatutako taldeak Dummy arrakastatsua argitaratu zuen, eta mugimenduaren estilema nagusiak definituta geratu ziren; Portisheadek berehala berretsi zuen bere izen ona bigarren disko homonimo batekin (1997). Bi elepe fundazional horiek argi uzten dituzte Bristoleko eszenarekiko antzekotasunak (hip hop oinarrien garrantzia, Portisheadengan batez ere scratching-aren erabilera bereziki eraginkorrean islatzen dena; giro jazzistiko lainotsuak; emakume ahots kantariaren protagonismoa: Gibbons arima eztarrian duen izaki horietako bat da), baina baita desberdintasunak ere: nabarmenena, soinu-banden atmosferen eragina, soinu nolabait hotzago bat garatzera eraman zituena. Edonola ere, hain dira onak lehenengo disko haiek, ezen, hautu salomondarrera jo, eta loriaren aparrean ondu zuten zuzeneko honen alde egin baitut gaurkoan (ia erdi eta erdi banatzen dira bi elepe haien kantak: Mysterons, Glory Box, Sour Times, Roads eta Strangers, Dummy-tik, eta Humming, Cowboys, All Mine, Only You, Half Day Closing eta Over, bigarrenetik). Zuzeneko honetan, hariak eta haizeak ezin hobeto ezkontzen dira hip hop oinarriekin eta elektronikarekin, eta soinu are distirantagoa eransten diete kantei. Dena dela, handik gutxira taldekideak trip hoparen etiketaz nekatu, eta eszena horretatik aldentzen hasi ziren: hurrengo diskoa hamar urte geroago argitaratu zuten (Third, Island 2008), eta nahita urruntzen zen, erradikalismo elektronikoaren bidetik, aurrekoetatik. Arrakastak irentsita (ez) hiltzeko modu bat, zalantzarik gabe.

MORCHEEBA
Izan ere, hori izan zen trip hoparen arazoa, arrakasta daukaten iraultza(txo) gehienena: zabalkuntza bizkorra, estandarizazioa, eta ondorengo bulgarizazioa. Kasu honetan, Ingalaterrako periferiako soinua Londresko ekoizleek kaptatu eta bazter guztietara zabaldu zuten. Hazia zabaldu eta, lur onean erortzen zenean, emaitza ikusgarriak eman zitzakeen (Everything But The Girl-en 1996ko birrasmakuntza, Walking Wounded albumaren bidez, inportanteenetako bat da; Beth Orton-en trip hopez kutsatutako folka ere hor kokatuko nuke), baina beste kasu batzuetan soinua deribatiboegia suertatu zen, Lamb, Hooverphonic, Moloko edo eskuartean dugun taldearen zenbait lanetan nabaritzen den bezala. Ez da lan txarrak egiten zituztela (izan ere hau, Morcheebaren lehenengoa bezala, dezente gustatzen zait), baizik eta ez dela haietan hainbeste sumatzen pioneroen arriskua eta fedea. Morcheeba bi anaia produktoreren produktua da (erredundantzia, hemen, beharrezkoa da), Paul eta Ross Godfrey, boladan zegoen soinuaren esentzia harrapatu, Londresera hegal egin, eta kantari eraginkor bat errekrutatu zutenak, Skye Edwards, zeinarekin trip hoparen bertsio (aurrekoekin alderatuta) amultsuago eta beroago bat mamitu baitzuten, disko honetako The Sea, Shoulder Holster edo Friction piezek ondo islatzen dutenez. Formula agortze zantzuak erakusten hasi zenean (batez ere, Charango-n, Sire, 2002), funkaren eta disco-soularen eremu atzerakoiagoetara biratzen hasi (haien benetako bokazioa, akaso), kantaria alokairuzko ahotsekin ordeztu (gero itzuli egin zen), eta hortxe dabiltza oraindik, areto ertainen zirkuituan eta bigarren mailako festibaletan hype urteak gogora ekartzen, eta garai bateko abangoardia nostalgia bihur daitekeela berresten.