Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Eneko Lazkoz nagusitu da Auritzen, eta Txaber Altube Mungian

Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketan nagusitu da Lazkoz, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarrenean Altube.

Eneko Lazkoz nagusitu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketan, Auritzen. BERTSOZALE ELKARTEA
Eneko Lazkoz nagusitu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketan, Auritzen. BERTSOZALE ELKARTEA
garbine ubeda goikoetxea
2025eko urriaren 4a
19:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eneko Lazkoz eta Txaber Altube izan dira gaurko bi bertsolari protagonistak. Lazkozek Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa irabazi du, Auritzen, 357,5 punturekin. Azaroaren 1ean Agoitzen jokatuko den finalaurrekorako txartel zuzena eskuratu du. Altube, berriz, Lekeition, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren saioan gailendu da, 450 punturekin.

Seina bertsolari aritu dira bi saioetan. Aurizkoan, Patxi Buenoren esanetan aritu dira, eta hauxe izan da sailkapena: Eneko Lazkoz Martinez (357,5), Saats Karatsatorre Martinez (328,5), Eki Mateorena Zozaia (301,5), Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (293,5), Urko Gartzia Aleman (287) eta Aitor Irastortza Arrizurieta (282).

Hurrengo larunbatean jarraituko du Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Mutiloan jokatuko den saioarekin. Kultur etxean izango da saioa, 17:30ean. Han ariko dira kantuan Beñat Astiz Isasi, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Idoia Granizo Uribarrena, Jabi Lezaun Landa, Julio Soto Ezkurdia eta Sarai Robles Vitas, Iratxe Legarra Nuin gai-jartzailearen aginduetara. 

Bihar, Mungian

Txaber Altube 480 puntu lortuta gailendu da Lekeitioko kanporaketan, eta azaroaren 2an Abadiñon jokatuko den finalaurrekorako sailkatu da zuzenean. Gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute hurrengo fasean kantatzeko aukera.

Hau izan da sailkapena Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren saio honetan: Txaber Altube (480), Lurdes Ondaro (458), Iruri Altzerreka (444,5), Jone Larrinaga (432,5), Iker Uriarte (422,5) eta Beñat Bilbao (416).

Idoia Anzonandia Kareagak egin ditu gai-jartzaile lanak. Epaimahaiko kideak, ostera, hauek izan dira: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Beñat Romero Maguregi, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Marta Ortiz Mateo, Miriam Juaristi Urizar. Idazkari lanetan Itziar Basterretxea aritu da.

Bihar jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketa, Mungian.

Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, Bertsosarrerak.eus atarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.