Aske jaialdia Atarrabian egingo dute abenduaren 26an. Euskal Herri aske baten «soinu banda» moduan deskribatzen dute festibala antolatzaileek: «Euskalduna, feminista, antikapitalista, solidarioa…». Soinu banda horretan, dagoeneko iragarria zuten aurten, besteak beste, Arkada Social eta Des-kontrol taldeek parte hartuko dutela, eta beste sei talderen berri eman dute gaur: Ketekalles, Latzen, Maruxak, Belako, Bull Brigade eta La Txama.
Iazko moduan, oholtza gainean askotariko estiloak plazaratzea dute helburu antolatzaileek. Hori horrela, esaterako, La Txamaren doinu dantzagarriak izanen dira; hip-hopa, folk-rocka eta korrido tumbado estiloak batzen ditu taldeak bere kantuetan, eta, antolatzaileen esanetan, gorputza mugitzeko giro «paregabea» sortuko dute. Era berean, Maruxak Iruñerriko taldearen folklorea egongo da presente Askeren eszenatokian. Uda honetan, Euskal Herrian txokoz txoko ibili da trabesti talde hori, dantza eta aldarriak zabalduz.
Oñatitik (Gipuzkoa) iritsiko dira doinurik gogorrenak Latzen taldearen eskutik. 2025eko uztailean, preseski Hatortxu Rockeko azken aldian, taldea berriro igo zen oholtzara, eta, ordutik, metal doinuekin josi du eszena musikala atzera ere. Eta, hala ere, ez dira bakarrak izango Aske jaialdira soinu gogorrak eramaten: Belakoko kideak ere arituko dira eszenatokian, post-punk estiloa oinarri. Alemanian hainbat kontzertu eskaini eta gero helduko dira Atarrabiara.
Ketekalles eta Bull Brigade taldeak dira, oraingoz, Euskal Herritik kanpokoak diren eta festibalean aritzekoak diren musikari bakarrak. Ketekallesek Bartzelonan du jatorria, baina sustraiak Txilen, Venezuelan eta Argentinan ere baditu. Taldea osatzen duten bost emakumeek rapa, rocka, runba, hip-hopa eta soinu urbanoak nahasten dituzte. Bestalde, Bull Brigadek Turinen (Italia) du sorterria, eta punk doinuak joko dituzte oholtza gainean.
Jadanik iragarrita zeudenak
Abenduaren 26an «momentu gogoangarriak» biziko direla adierazi dute antolatzaileek, eta ziurrenik horrelakoak izango direla Arkada Socialen edo Des-kontrol taldeen kontzertuak. Ez zoriz. Eszenatokiei agur esango dietela jakinarazi zuten ekainean bi taldeek. Agurra bi emanalditan emango dute: Aske jaialdian eta 40 Minutu Rocken, Durangon, 2027ko otsailaren 20an.
Arrasateko talde horien berri emateaz gainera, antolatzaileek uztailean jakinarazi zuten zein beste hiru taldek parte hartuko zuten: Tremenda Jauria, Añube eta Sukena. Lehenak, cumbia eta reggaeton estiloak uztartzen ditu, konpromiso sozial eta politikoz beteriko hitzekin. Añubeko kideek, berriz, doinu rockeroago baten alde egiten dute; eta Sukena taldeak, pop estiloaren alde.
Aske jaialdiko sarrerak jadanik eskuragarri daude online festibaleko webgunean, 40 euroren truke.