Euskadi saria jasotzegatik eskertua dago oso Markos Zapiain (Irun, Gipuzkoa, 1963), eta umiltasunez hartu du aitortza. Azpimarratu duenez, euskaltzaletasunak bultzatu zuen Txillardegi hizkuntzaren beraren muina, izaera eta funtzionamendua aztertzera, eta, hain justu ere, ideia horretan sakondu nahian ondu du berak liburua: «Hizkuntzari buruz zuen ikuspegia uste dugun baino askoz sakonagoa zen». Aitortu duenez, «Txillardegi berri bat» deskubritu du liburua idazterakoan.
Esan duzu sariaren meritua Txillardegirena dela, ez zurea.
Ez dut umiltasun faltsurik erabili nahi, baina egia da. Liburu honen muinean Txillardegiren ideiak daude. Nik egin dudana da haren pentsamendua antolatu, testuinguruan jarri eta irakurlearentzat eskuragarri egin. Sormen lana, ideien muina, Txillardegirena da.
Zer deskubritu duzu haren lanaren bitartez?
Txillardegi berri bat. Hizkuntzari buruz zuen ikuspegia uste dugun baino askoz sakonagoa zen. Politikari edo militantearen irudia gailendu zaigu, baina bere pentsamendua harago doa: hizkuntza eta inkontzientea lotu zituen, psikoanalisitik hurbil dagoen begiradaz. Haren ustez, gure hizkuntza egitura inkontzientean dago, eta hortik dator hitzek sendatzeko ahalmena izatea, pilularik gabe, solasaren bidez.
Hori dena deskubritzeak harritu egin zaitu?
Bai. Txillardegi jabetu baitzen hizkuntza ez dela soilik gizakiarena, eta bizitza bera hizkuntza moduan dagoela antolatuta. Molekulak idatzita daudela esan ohi zuen, eta gizakiok ez garela mintzaira asmatu dugun izaki bakarrak. Ikuspegi hori errotik berritzailea da. Haren pentsamenduan geure burua hobeto ulertzeko gakoak daude. Hau da: hizkuntza ez da tresna soila, gure izatearen egitura bera da, eta hori kontuan hartzea, bai filosofiaren bai hezkuntzaren ikuspegitik, funtsezkoa da.
Nahiko zenuke liburu honek zubi lana egitea belaunaldi berriekin?
Txillardegi berriz irakurtzea proposatu nahi dut. Askotan baztertu egiten ditugu duela hamarkada batzuk idatzitako lan bikainak. Nik gazteei Kronikak gomendatuko nieke, gozamen hutsa delako; edo Joxean Agirreren Hitza hitz, Txillardegirekin izandako hizketalditik ondutako liburua, haren unibertsoan sartzeko ate paregabea delako. Eta Euskal Herria helburu autobiografia ezinbestekoa da Txillardegiren figura osoa ulertzeko. Niretzat arrakasta handiena litzateke irakurleari jakin-mina piztea, Txillardegi bere osotasunean irakurtzeko gogoa sorraraztea. Haren pentsamenduak merezi du, gaurko eztabaidetan ere baduelako zer esana.