Urtaro oso bat dantzan

Atzo hasi zen XXIV. Dantzaldia, eta abendura bitarte zortzi emanaldi taularatuko dituzte

Dantzaldia jaialdiaren aurkezpena, atzo, Bilboko Rekalde aretoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Urte luzez nazioartean ibili ondoren etxera itzultzea erabaki duten euskal artistak omenduko ditu aurten Dantzaldia Bilboko Nazioarteko Dantza Jaialdiak. Horixe nabarmendu zuen atzo Laura Etxebarria festibalaren zuzendariak, Bilboko Rekalde aretoan egindako aurkezpenean: «Joan-etorriko bidaia hori egin duten eta Euskal Herrian finkatuta dauden dantzari eta koreografo horiek ezagutzea da asmoa». Zehazki, atzo arratsaldean abiatu zen 24. jaialdia, eta, abendura bitarte, dantza garaikidearen zenbait ezpal bilduko dituzte Bilboko eta Barakaldoko (Bizkaia) sei espaziotan. Tartean, flamenkoa, dantza urbanoa eta esperimentala.

Topiko bat ezabatzea izango da aurtengo helburuetako bat. Etxebarria: «Oso zabalduta dago dantza munduan ibilbide artistiko garrantzitsua izateko nazioartera joan beharra dagoela. Ideia hori ezabatu nahi dugu. Izan ere, hainbat dira euren ibilbidea Euskal Herrian bertan egiten ari diren artistak». Horren adibide dira, besteak beste, Asier Zabaleta, Igor Calonge eta Olaia Valle, aurtengo egitarauan parte hartuko duten dantzarietako batzuk. Zabaletak Ertza dantza konpainia sortu zuen 2004an, Gipuzkoan; Calongek Cielo Raso konpainia zuzentzen du Donostian; eta Valle dantzari bizkaitarrak tokiko hainbat artistarekin kolaboratu izan du. Alabaina, bestelako helburu nagusi bat ere badu jaialdiak: dantza garaikidea publiko zabalari hedatzea.

Denera, bederatzi saio prestatu dituzte. Atzo arratsaldean egin zuten aurrenekoa, Bilboko Rekalde aretoan, eta datozen hiru hilabeteetan egingo dituzte hurrengo zortziak. Emanaldi horietako bakoitza Bilboko eta Barakaldoko sei gunetan taularatuko dute: Rekalde aretoan, Arte Ederren Museoan, Fundicion aretoan, Guggenheim Museoan, Barakaldo antzokian eta Azkuna zentroan.

Ordainpeko ikuskizun guztietarako sarrerak eskuragarri daude jada dagokien espazioetako leihatiletan eta webguneetan. 6 eurokoa da sarrerarik merkeena, eta 20 eurokoa garestiena. Sarrera doakoa den kasuetan, berriz, beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea.

Euskal artistez gainera, nazioarteko dantzari eta konpainiak ere bilduko ditu aurtengo egitarauak. Besteak beste, Chey Jurado & Javito Mario (Extremadura, Espainia), Filipe Moreira (Portugal), Estevez & Paños (Madril) edota Jesus Rubio Gamo (Madril).

Dantza eta zinema

Askotariko dantza emanaldietatik harago, zinema proposamen bat ere izango da jaialdian. Jean Nesprias, Philippe Oihanburu eta Koldo Zabala dantzariei buruzko dokumentala proiektatuko dute azaroaren 2an, Fundicion aretoan: Oroitzen naiz. 2011. urtean egindako koreografia bat jasotzen du ikus-entzunezkoak, eta dantzarien gorputzaren zahartzea irudikatzen du. Etxebarriaren arabera, baina, asmo nagusia ez da izango omenaldi bat egitea: «Hiru protagonistek dantzari eskaini diote euren bizi osoa; gizatasun osoa eman nahi dugu argitara». Mizel Theret aritu da zuzendari.

2000. urtean abiarazi zuen Dantzaldia Bilboko Fundicion aretoak. Berez, Euskalduna jauregiaren programazioa dinamizatzeko helburuz jarri zuen martxan jaialdia Bizkaiko Foru Aldundiak, baina hasierako asmo hori eraldatuz joan da urteekin.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.dantzaldia.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.