Musika

Izarok hogei kontzertuko bira batekin hasiko ditu 'Arkitektura' diskoaren aurkezpenak

Urtarrilaren 23an ekingo die zuzenekoei, Irungo Ficoban; otsailean, berriz, Donostian, Donibane Lohizunen, Iruñean eta Bilbon ariko da; eta atzerrira eginen du salto gero. Disko berria argitaratzeko dago oraindik; abendu honetan atera asmo du.

Izaro Andres, iragan urteko Donostiako Zinemaldian kantuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Izaro Andres, iragan urteko Donostiako Zinemaldian kantuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko ekainaren 10a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eraikitzeko gaitasunaren bueltan, zerbait eraikitzeko behar den horren inguruan eta bizitzaren beraren eraikuntzaren gainean gogoeta eginez eraiki ditu Izaro Andresek bere azken diskoaren zimenduak. Arkitektura izena jarri dio lanari, hori jakina da dagoeneko, baina, kontrara, oraindik argitzeko dago kantu bilduma horretan zer doinu eta kantaera jaso dituen, abenduan plazaratuko baitu diskoa artistak. Hain zuzen, iragarpenak egiteko ohiko ordena nolabait kizkurtuz jakinarazi ditu datozen hilabeteei loturikoak Izarok, baina, zaleen zorionerako, hasia da falta direnak azaleratzen. Espainiako telebista publikoko programa batera eginiko bisitan, Arkitektura plazaratzekoa dela jakinaraztearekin batera iragarri zuen lehenbiziko aurkezpen kontzertua: 2027ko urtarrilaren 23an izanen da hori, Irungo Ficoban (Gipuzkoa). Eta haren segidan emanen dituen beste hemeretziren berri eman du orain. Besteak beste, otsailaren 13an Donostiako Kursaalean joko du, eta azaroaren 20an Bruselan ariko da kantuan. 

Euskal Herrian emanen ditu birako lehenbiziko bost kontzertuak. Ficobakoa salbu, otsailean izanen dira guztiak: hilaren 13an Kursaalean eginen duen emanaldiaz gain, otsailaren 19an Donibane Lohizuneko Tankan (Lapurdi) ariko baita; 20an, Iruñeko Baluarten; eta 27an, Bilboko Euskaldunan. Donostiako eta Donibane Lohizuneko kontzertuetarako sarrerak eskuragai daude jadanik, eta ostiral honetan zabalduko dute beste emanaldietarakoak erosteko bidea ere, 12:00etan. 

Aldiz, Irungo emanaldirako sarrerak aspaldi bukatu ziren. Aurkezpen kontzertu hori «berezia» izanen dela iragarri du Izarok hilabeteotan. Tailerrak ere izanen dira egun horretan, besteak beste, birako eszenografia «eraikitzeko». 

Ingalaterra, Frantzia, Belgika

Euskal Herrian zenbait emanaldi egin ondoan, atzerrira eramanen du bere musika Izarok. Madrilen izanen da aurrena, otsailaren 28an, eta, ondotik, martxotik azarora bitarte, Espainian, Galizian, Herrialde Katalanetan, Irlandan, Ingalaterran, Frantzian eta Belgikan joko du. Artistaren webgunean daude ikusgai data guztiak, aletuta. 

  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE