Urtarrilaren 5a ez da nolanahiko eguna Etzakit taldearen ibilbidean. Halako egunez eman zuten lehen kontzertua 1995ean, eta taldearen ibilbidearen zortzigarren urtea betetzeko egun bat falta zela, 2003ko urtarrilaren 5aren bezperan, azken kontzertua eman zuten. Etenaldi baten ostean, berriro elkartu dira aurten, eta urtarrilaren 5a izan da egun seinalatua bigarren susperraldi horretarako ere. Azken kontzertua iragarri dute orain, eta hori ere 2027ko urtarrilaren 5ean izango da, Etzakit taldearen sorlekuan, Hernanin (Gipuzkoa). Gudarien plazan izango da kontzertua, 22:30ean, doan.
Aitor Huizi Hernaniko Kultura zinegotziarekin batera egin dute agerraldia Xabi Solano, Jon Mari Beasain, Aitor Zabaleta, Ander Barrenetxea eta Jaxinto Rodriguez Etzakit taldeko kideek. Harro mintzatu da hitzorduaz Huizi: «Hernaniko herriarentzat ederra da Etzakiten gisako talde bat, Hernanin sortua eta gure herriaren kultur ondarearen parte bihurtu dena, herriko plazan hartzea».
«Urte hau ospatu nahi dugu, bizi izan dugun guztia gogoratu eta, azken aldiz, elkarrekin kantatu eta dantza egin»
XABI SOLANO Etzakit taldeko abeslaria
«Kontzertua guztion eskura egotea nahi dugu», erantsi dio horri Solanok, eta Etzakit taldearen ibilbidean alboan izan dituzten adiskide guztiak ekarri ditu hizpidera. Haientzat eta Hernaniko herritarrentzat beren beregi prestatutako «festa handi bat» izango da urtarrilaren 5ekoa; «kolaborazioz eta sorpresaz» betea. «Lagun asko izango ditugu gurekin, Etzakitek martxan eman dituen urteetan eta aurtengo abenturan bidelagun izan ditugunak».
Aparteko urtea
2026koa urte berezia izan dela aitortu du Solanok, Etzakit taldeko kide guztien izenean: «Euskal Herriko hainbat txokotan ibili gara. Aspaldiko lagunekin berriz elkartu gara, eta belaunaldi berriak jarri dantzan». Alde horretatik, izandako harrera eta «maitasun ikaragarria» eskertu ditu.
Azken kontzertua izanagatik ere, urtarrilaren 5ekoa haientzat ez da «agur triste bat» izango, festarako aldarria baizik: «Urte hau ospatu nahi dugu, bizi izan dugun guztia gogoratu eta, azken aldiz, elkarrekin kantatu eta dantza egin».