Parafilia guztien artean, ziur aski voyeurismoa da idazleari propioen zaiona. Askotan entzun izan dugu: kasu idazleekin, deskuiduan bere liburu horietako batean topa dezakezu zeure burua. Irakasle izan nuen Jordi Llovetek aipatzen zuen idazlegai ugari etortzen zitzaizkiola gomendio eske, ea zein literatura eskuliburu gomendatzen zien idazle izateko. Bere erantzuna itzulinguru gabea izaten zen. Ahazteko eskuliburuak oro, idazle izateko bi baldintza baino ez zirela bete behar: literatura onaren (klasikoak ahal dela, literatura garaikide gutxi) irakurle fina izatea eta bista ona edukitzea; hots, behatzaile fina izatea.
Behin batez, ez galde zergatik, dirudunen mahai buelta batean egokitu nintzen. Ez ziren diru asko zuten gizon-emakumeak, baizik eta labeldun dirudunak, kaskotik oinazpiraino. Populazioaren %1 horietako batzuk. Lanak izan nituen bazkari osoan zehar nire etengabeko harridura disimulatzeko. Besteren artean, batek Afrikan ur-putzu bat zuela aipatu zuen, ur-putzu bat jabetzan, alegia; «hangoak» ur premia larrian egoten zirela maiz eta bere ur-putzuak sekulako lana egiten zuela lehorteei aurre egiteko. Bigarren bat kultura sustatzeko bere fundazioaz jardun zen, ez dakit zenbat eraikin zituena han eta hemen, eta lotsagarria zela Espainiako kultur proiektuengatiko zerga-pizgarri falta. Postretan, emakumezko bat negar malkotan hasi zen beste batek senarra aipatu ziolarik. Emakumea baino hogeita hamar urte zaharragoa, eritasun larri bat diagnostikatu berri zioten eta bizitza zeinen lazgarria izan daitekeen madarikatzen zuen emakumeak. Txeraz kontsolatzen saiatu ziren mahaikideak, nik leku hartatik hanka egiteko nola egin nezakeen pentsatzen nuen bitartean.
Bazkari xelebre hori kontatu nion handik egun batzuetara Eider Rodriguezi. Bere inbidia aitortu zidan berehala, gustura asko entzungo zituela dirudun horiek guztiak beren kontuez hizketan. Baiki, irakurriak ditugu bere liburuak eta ez gara harritzen, imajina dezakegu zeinen ondo pasatuko lukeen haiei buruzko ipuina idazten.
Jakina da mendekua hotz zerbitzatzen dela. Esan diezaiokegu berak eta bera bezalakoek dolarrak kriptomoneten gainean pilatuko dituztela baina guk hitza daukagula. Esan diezaiekegu lana asko errazten digutela eta adi ibiltzeko, deskuiduan Eider Rodriguezen ipuinen batean agertuko direla
Azken boladan nahi baino denbora gehiago ematen dut sareetako eduki sortzaileen bideotxoak ikusten. Amorratu samar madarikatu ohi dut neure burua denbora galtze horrengatik, baina berriki ohartu naiz, bestetik, literatur gai agorrezinak direla hor zehar agertzen diren influencer eta bestelakoak. Lehen kalera joan behar zenuen eta belarria jarri; gero, behin Rafael Chirbesi entzun nion bezala, telebista ere jar zenezakeen giza espektakulua zuzenean ikusteko. Orain sakelako pantailatxoan bertan duzu aukera paregabea askotariko pertsonaia, gertakari eta istorioei behatzeko.
Bilbon jaio eta Deustuko Unibertsitatean ikasitako ultraliberal batek nauka harrapatuta azken egunotan. Finantza munduan lan egiten duen triunfadore bat da, aukera duen guztietan zergez kexatzen dena, Suitzan bizi eta dirua inbertitzen ez dugunok tenteltzat hartzen gaituena. Komunikatzeko era seguru eta tolesgaitzez politikoki zuzenari eta wokismoari desafio egiteak pizten du. Espainiako politika kontuez ere solte aritzen da, eta baita Euskadiko lacra terroristaz ere, iraganean Bilboko parte zaharrean bizitakoak oroituz. Bere burua irabazleen saldoko kidetzat duelarik, gu bezalako jende-modu ahul eta txepelari goitik behera begiratzen dio, berak aberastasuna pilatzen duen bitartean. Haren aldean ez daukagu gauza handirik egiteko, baina jakina da mendekua hotz zerbitzatzen dela. Esan diezaiokegu berak eta bera bezalakoek dolarrak kriptomoneten gainean pilatuko dituztela baina guk hitza daukagula. Esan diezaiekegu lana asko errazten digutela eta adi ibiltzeko, deskuiduan Eider Rodriguezen ipuinen batean agertuko direla.
Honoré de Balzacek esan zuen nahikoak zitzaizkiola bi mila edo hiru mila pertsonaia tipo bere garaiko Frantziako gizarte osoa erretratatzeko. Egun, idazle behatzaileak errazki ekidin ditzake pertsonaiak imajinatu beharraren buruko minak, sakelakoa piztu eta eduki sortzaileen profiletan sartuta: hor ditugu esku-eskura, zuzenean eta debalde, komedia humano garaikideko pertsonaia groteskoenak, pare bat kliken distantziara. Bakarrik sortzen den antzerki baten moduan, hortxe ditugu harrotasuna eta aurrejuzguak, hotsa eta ardaila, itxaropen handiak, idazle voyeurraren begiradaren zain. Balzacek berak esan zuen bezalaxe, idazlea ez da gehiago idazle izango baizik eta gizartearen idazkari huts. Akta jasoko duen idazle voyeurra. Ez dugu triunfatuko, ez gara dirudun bilakatu, baina guk ere baditugu ondo pasatzeko gure lasterbideak.
