Hasi da atzerako kontaketa Donostiako 73. Zinemaldirako: irailaren 19tik 27ra bitarte, Donostia mundu osoko filmen eta telesailen lekuko izango da. Aurten, Donostiako belodromoan bi film estreinatuko dira: Rondallas (Daniel Sanchez) eta Hasta que me quede sin voz (Mario Fornies, Lucas Nolla, Sepia). Bi saioak 19:00etan izango dira, irailaren 23an eta 25ean, hurrenez hurren. Era berean, Go!azen telesailaren bi emanaldi ere emango dituzte: hilaren 24an eta 26an, 18:30ean. Itziar Gomezek zuzendu duen hamabigarren denboraldiko lehen atala aurkeztuko dute.
Horrez gain, aurrenekoz belodromoan, EITB gala izango da, eta bertan, datorren udazkenean ETB1en estreinatuko duten Euskal Herria hegan programaren lehen atala ikusi ahal izango da, Gipuzkoa hegan izenekoa. Zinemaldiko itxiera galaren zuzeneko emanaldia, Sail Ofizialari amaiera emango dion filma eta laster iragarriko den beste pelikula bat ere proiektatuko dira.
Rondallas film luzea Galiziako udalerri batean kokatuta dago, eta bertako herritarrek jada existitzen ez den rondalla —Galiziako musika talde tradizional bat— berreskuratzeko asmoa du ardatz. Komedia dramatiko horren protagonistak Javier Gutierrez, Maria Vazquez eta Judith Fernandez aktoreak izango dira, besteak beste.

Hasta que me quede sin voz dokumentalak, berriz, Leiva abeslari espainiarrak ahots kordetako batean izan zuen lesio larri baten ondorioz bizi izandako egoera kontatzen du. Lana osatu duten hiru zuzendariak —Mario Fornies, Lucas Nolla eta Sepia— musikariaren bidelagun izan dira, eta haren bideoklipetan ekoizle, muntatzaile eta zuzendari lanetan ibili ohi dira.
Iaz bezala, Go!azen telesailaren estreinaldiaren aurretik, protagonistek zuzeneko emanaldi bat egingo dute. Sei pertsonaia berri izango dira datorren denboraldian, horietariko hiru Ainhoa Tabuyo, Yan Pinto eta Luken Urruzmendik antzeztuak. Aurreko urteko aktoreetatik, besteak beste, Nerea Arriola, Ander Ayerza eta Adriana Sanchez itzuliko dira.
Belodromoko emanaldietarako sarrerak bihar jarriko dira salgai, 10:00etan, Zinemaldiko eta Kutxabankeko webguneetan.
'Euskal Herria hegan'
Datorren udazkenean ETB1en estreinatuko den Euskal Herria hegan programaren lehen atala ere emango dute belodromoan: Gipuzkoa hegan. Saioaren atal bakoitzean euskal kantari baten bi emanaldi izango dira, eremu ikusgarrietan grabatuak; lehenengoan, Olatz Salvador izango da Goikobalu abesbatzarekin eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin batera. Emanaldia hilaren 21ean izango da, 18:00etan. Sarrera doakoa izan arren, gonbidapenak eskuratu beharko dira Zinemaldiaren edota Kutxabanken webgunean, bihartik aurrera.
Era berean, belodromoak Euskadiko Orkestrarekin eta SGAE fundazioarekin batera antolatutako Kontzertua & Proiekzioa hartuko du, irailaren 20an, 18:00etan. Ikuskizunak soinu banden interpretazio sinfonikoa eta horiek inspiratu zituzten filmen eszenen muntaketa batzen ditu. Emanaldiaren gonbidapenak irailaren 13tik 19ra egongo dira eskuragarri jaialdiak Kursaalean prestatutako informaziogunean, Donostiako Bulebarrean dagoen turismo bulegoan, bai eta belodromoko leihatilan ere, egun berean.
Bestalde, 6 eta 11 urte bitarteko haurrei zinema eta zientzia lotzen dituen pelikula baten proiekzioaz gozatzeko aukera emango die Ikastetxeak Belodromoan programaren barruan; oraindik ez dute argitaratu zein pelikula izango den. Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak batera antolatutako saioa izan ohi da.