Paseoek sortzen dutena

Oihana Aranak eta Maria Alonsok 'HJZ edo akabatu egin zaitugu?' formatu txikiko performancea estreinatuko dute bihar Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. Antropologia eta arte eszenikoak uztartuz, «autoetnografia eszeniko» bat sortu dute.

Maria Alonso eta Oihana Arana, ikuskizuna prestatzen. KULTURAZ
Maria Alonso eta Oihana Arana, ikuskizuna prestatzen. KULTURAZ
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko irailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Jendeari ez diogu azaldu nahi zer ikusiko duen», hala hasi dute Maria Alonsok eta Oihana Aranak HJZ edo akabatu egin zaitugu? proiektu berriaren inguruko azalpena. Formatu txikiko performance bat da, eta publikoa bera da ardatza; jendearen erreakzioan edo parte hartzean oinarrituko baita gertatuko denaren zati handi bat. Bihar bertan egingo dute lehen aldiz jendaurrean, Azpeitian (Gipuzkoa). Dinamoa sormen gunean egin dute sormen egonaldia bi artistek, eta hori bera izango da bi artisten plaza; 12:00etan izango da emanaldia.

Aranak eta Alonsok gizarte antropologiako master batean ezagutu zuten elkar, eta ikasketek eta artearekiko zuten interesak bat egin dute proiektuaren sorkuntza prozesuan. Arana: «Konturatu ginen egiten ari ginena antropologiaren metodoak eta artearenak elkartzea zela». Horregatik definitu dute euren lana «autoetnografia eszeniko» gisa. Halaber, sortzaileek gaineratu dute obrak ez diola gai jakin baten ildoari jarraituko, aurrera eramandako prozesuaren «gorabeherak erakusteko» eta egindako bideari «ondra egiteko» espazio bat izango dela.

«Dispositibo artistiko» batzuk aktibatuko dituzte egileek emanaldian; prozesuan bizi izan dituzten kontuak izango dira, baita idatzi dituzten testuak eta euren jarduna teorizatzen lagundu dieten testuak ere. Publikoarekin harreman zuzena izango dute dispositibo horiek, jendeak duen erantzunaren arabera, modu batera edo bestera jokatuko baitute sortzaileek. «Obra bera bertan daudenen erantzunaren arabera gertatuko da», azaldu du Aranak. Horrek, beraz, inprobisaziorako aukera eskaintzen dio bikoteari, eta hori da, hain zuzen, harentzat interesgarriena: «Inprobisazioak dakartzan urgentziak, urduritasunak eta kaosak sortzen dituzten emozioek lekua izatea nahi dugu». Hala ere, argi dute zein bideri jarraitu behar dioten, Alonsoren hitzetan, inprobisazioak inprobisazio egituratuta baitute dena.

Konexioak eraikitzea

Klasekideak izanda ere, ikuskizunaren egileek aitortu dute ez zutela harreman handirik, harik eta Alonsok Aranari beste proiektu baterako laguntza eskatu zion arte. Horri esker hasi ziren HJZ edo akabatu egin zaitugu? saiorako gako izan diren metodoetako batekin: paseoak ematen. Paseoak ematea hausnartzeko eta sortzeko aukera ona zela ikusi zuten bi sortzaileek. Alonso: «Ni arte eszenikoetatik nator, eta banekien Oihana literaturatik zetorrela. Paseoei esker ikusi genuen nahiz eta mundu desberdinetatik etorri, bagenituela interes komunak edo konexioak». Masterreko klaseetako batera antropologo bat joan zitzaien behin, bere metodologia azaltzera. Hark azaldu zuen bere ikerketa metodoetako bat zela paseatzea. Horrek «grazia» egin zien sortzaileei, eta euren lan egiteko modua hain bestelakoa ez zela ikusi zuten. «Hortik aurrera gure metodologia hori zela aldarrikatzen hasi ginen», gaineratu du Aranak.

«Inprobisazioak dakartzan urgentziak, urduritasunak eta kaosak sortzen dituzten emozioek lekua izatea nahi dugu»

OIHANA ARANA Sortzailea

Baina ikuskizuna ez da ibilian-ibilian bakarrik sortu. Idazketari leku «asko» eskaini diote performancearen egileek. Kontatu dutenez, prozesuaren hasieran batez ere, asko esperimentatu zuten testuen sorkuntzarekin. Hala ere, aipatu dute proiektuaren azken emaitzan testu horiek ez dutela horrenbesteko protagonismorik. Denbora pasatu ahala, aldatu dira beste kontu batzuk; Aranaren esanetan, obra formaz aldatuz joan da, «mutatuz». «Prozesuak berak ematen zigunari jarraitu diogu, eta gure bizipenei, sentitzen genuenari... Hala, eraldatuz joan da», gehitu du Alonsok.

Bukleak

Proiektuari bete-betean heltzeko asmoz, bi sormen egonaldi egin dituzte Alonsok eta Aranak. Lehena euren kabuz antolatu zuten —azkenean ezin izan zuten nahi beste luzatu—, eta bigarrena, Dinamoan egin zuten. Guztira bi aste egin dituzte, bi zatitan banatuta: lehena otsailean, eta bigarrena uztailean. Alonso bereziki eskertuta dago egonaldia egin izanaz, ohartzen delako zein zaila den sorkuntzarako modu trinkoan lan egiteko espazio bat topatzea. Aranak ez du sekula hain modu jarraituan lan egin horrelako proiektu batean, eta, balorazio positiboa egiten badu ere, arrisku batzuez jabetu da: «Egonaldi batean oso erraza da burbuila edo bukle batean sartzea, eta puntu arriskutsuetara iritsi zaitezke». Hori dela eta, lan egiteko modu hori ere kudeatu behar izan dute; «energia, denbora edota ordutegiak neurtzen ikasi dugu; azken finean, geure burua zaintzen», adierazi du Alonsok.

Biharko estreinaldiak garrantzi handia du HJZ edo akabatu egin zaitugu? saioaren sortzaileentzat, orduan ikusi ahal izango baitute zer bide egin dezakeen ikuskizunak. Bestalde, orain arte egindako lanari aitortza egiteko ere baliatu nahi dute emanaldia, eta hari beste leku batetik begiratzeko. Arana: «Nolabaiteko amaiera bat izango da, eta gero ikusiko dugu ea amaieraz gain, beste hasiera bat izatea nahi dugun, edo hor geratuko den».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.