Ezaguna du Ricardo Darinek (Buenos Aires, Argentina, 1957) Donostia, baita Zinemaldia ere. Azken 20 urteotan makina bat aldiz izan da jaialdian, eta gainera, bisita horietako batzuetan eskuak beteteta itzuli da etxera: 2015ean gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra lortu zuen, Truman filmean (Cesc Gay) egindako lanarengatik —ex aequo jaso zuen aitortza Javier Camararekin—, eta, handik bi urtera, 2017an, Donostia Saria jasotzeko itzuli zen hirira. Oraingoan, bada, Zinemaldiak beste aitortza bat egin nahi izan dio aktoreari, aurtengo aldiko kartel ofizialeko irudia izango baita.
Txikitatik gertu izan du aktore mundua Darinek. Izan ere, ama —Renee Roxana— eta aita —Ricardo Andres Darin— aktoreak zituen; zineman eta telebistan egiten zuten lan. Gurasoekin batera jokatu zuen bere lehen rola, antzerkian, 10 urte besterik ez zituela. 15 urterekin egin zuen debuta pantaila handian, He nacido en la Ribera (Catrano Catrani, 1972) filmerako egindako pertsonaia txiki batekin. Handik urte batzuetara, 1980ko hamarkadan zehazki, hasi zen sona lortzen Argentinan, Estrellita mĂa eta Rebelde telesailetan izan zuen parte hartzearengatik.
Eta 2000ko hamarkadan egin zuen salto nazioartera, Nueve Reinas (Fabian Bielinsky, 2000) pelikulari esker. Marcos izeneko lapur baten rola jokatzen du bertan Darinek, eta, Juan izeneko kide batekin batera, iruzurrak egiten ditu. Juan Jose Campanella zuzendari eta gidoilari argentinarrarekin hainbatetan egin du lan, eta proiektu horietako batzuk ere saritu izan dituzte: El secreto de sus ojos (2009) filmak, adibidez, nazioarteko film onenaren Oscar Saria jaso zuen; gainera, Darinek Goya sarietarako izendapen bat ere lortu zuen, gizonezko aktore onenaren kategorian.
Zinema eta antzerkia uztartu izan ditu urte luzez, eta, 2015etik aurrera, zineman eta telesailetan egin izan du lan batez ere. Garaikurrak eta izendapenak irabazten segitu du ordutik, tartean, Truman filmean egindaeko lanagatik jasotakoak.