Bero sapa Getarian (Gipuzkoa). Arratsaldeko lehen orduak dira, eta oraindik inor gutxi dabil hondartzan; jendeak nahiago du etxeko freskura. Kalean daudenak, gehienak turistak, kale estuetako itzalpean dabiltza. Hala ere, bada eguzkitan herriko txokoak bisitatzen ari denik ere. Amaia Lasa (Getaria, 1948) idazlearen etxe parean tantaka-tantaka agertzen dira turistak. Izan ere, Juan Sebastian Elkanoren estatua bat dago hango plaza txikian, eta hura ikusteko asmotan iristen dira bisitariak. Argazki bat atera, eta segituan egiten dute alde, berotik ihesi. Etxeko balkoira atera, eta kazetariari eta harekin doan argazkilariari barrura sartzeko gonbita egin die Lasak: «Hemen hobeto egongo gara». Lur arrotzak (Erein) liburua kaleratu du idazleak, liburua kaleratu du idazleak, hamasei urtez poema libururik argitaratu gabe egon ostean.
Pasatu dira aste batzuk Lur arrotzak kaleratu zenuenetik. Iritzirik-edo jaso al duzu?
Kalean gutxi ibiltzen naiz, eta ez ditut kaleko jendearen iruzkin asko jasotzen. Liburuak atera ondoren, ez lehen ezta orain ere, ez dut komentario askorik jaso. Atera eta denbora batera jaso izan ditut gehiago. Ni neu pozik nago, nolabait, adin honetara iritsi eta liburua argitaratzeagatik.
Zure azken poesia liburua 2010ekoa da: Itsasoko izaki. Nolatan sortu zitzaizun berriro ere poesia lan bat kaleratzeko ideia?
Bai, aspaldi idatzi nuen nire azken poesia liburua, baina horren ondoren ere kaleratu nituen lan batzuk: Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti [Katakrak, 2018] eta Erbesteko gutunak Victor Hugori [Katakrak, 2021]; biak itzulpenak [Barne iraultzen loraldia artikulu bilduma ere kaleratu zuen 2016an]. Nik beti idatzi izan dut poesia, eta poliki egitea gustatzen zait. Denborarik gabe, eta ezer konkreturik gabe. Jarraitzen dut idazten, eta bizitzen, eta horrelaxe sortu dut. Liburuan ez daude poema asko, nik gehiago sartu nahi nituen, baina pozik nago.
Noizkoak dira liburuko poemak?
Azkenengo urteetan idatziz joan naizenak dira. Zaharrenak duela sei edo zazpi urtekoak izango dira.
Lur arrotzak itsasoari lotuta dago zuzenean. Esan: zer du itsasoak zuretzat?
Nire bizitzaren parte da itsasoa. Askotan, jendeak natura behar duela esaten duenean, mendia, zuhaitzak, loreak... etortzen zaizkigu burura; niri itsasoa etortzen zait. Itsasoz inguratuta gaude, Getaria hala dago behintzat, eta miresmen handia diot.
«Ni neu pozik nago, nolabait, adin honetara iritsi eta liburua argitaratzeagatik»
Itsasoak duen handitasuna eta edertasuna islatzeaz gain, haren gordintasuna ere azaleratu duzu. «Hilobi handi bat besterik ez zara», idatzi duzu Itsaso urdina poeman.
Etorkinen errealitatea islatu nahi izan dut. Aurreko batean Oscar Camps Open Arms erakundearen sortzaileari egindako elkarrizketa bat ikusi nuen, eta oso datu lazgarriak ematen zituen. Mediterraneoari buruzko poema bat da Itsaso urdina. Etorkin askok gurera etortzeko dauzkaten baldintzak oso gogorrak dira, baita hemen jasan behar dutena ere.
Iristeko baldintzak gogorrak dira, eta bada bidean geratzen denik ere. Hain zuzen, horiei buruz hitz egin duzu Haurrak ere poeman; Aylan Kurdi eta Ahmed Dawabshe hildako haurrei eskaini diezu.
Liburua idazten ari nintzela hil ziren biak. Kurdi ito egin zen, eta haren gorpuaren argazkia, hondartzakoa, mundu guztian atera zen. Dawabshe, aldiz, bere sehaskan hil zen [Palestinan, bere etxean]. Ingurua erre, eta hura ez zen bizirik atera. Benetako dramak dira horiek, baina ez dira itsasoaren kulpa, gure kulpa dira. Itsasoak bere edertasuna eta lasaitasuna eskaintzen ditu, baina egia da itsasoarekin batzuetan, haserretzen denean batez ere, kontuz ibili beharra dagoela.

Poemetan kritika egin nahi izan diozu gaur egungo gizarteari.
Bai. Gizarteari, gaur egun gertatzen diren kontuei, baita geure buruari ere. Irakurleari astindu bat eman nahi izan diot, ikusteko zer tragedia dauden gure inguruan. Gaur egun gauza asko gertatzen dira, eta askoren inguruan ez dugu berririk ere.
Zure sorterriari eskaini diozu poema bat, Getariari, baina Euskal Herritik kanpoko beste txoko batzuk ere erabili dituzu: Florentziako Ponte Vecchio eta Tunisiako Tozeur hiria. Zer dela eta?
Florentziara lagun batekin joan nintzen. Ponte Vecchio bisitatzera joan ginen, zoragarri zegoen: ilunabarra, saltzaileak kaleko saltokietan... Handik hamar urtera itzuli nintzenean, erabat aldatuta ikusi nuen zubia. Saltzaile horiek guztiak desagertu egin ziren. Turismoarentzat erakargarri ez zirela argudiatuta, debekatu egin zituzten. Kaleko saltokien ordez, etxetxo moduko batzuk jarri zituzten. Joan eta denbora batera idatzi nuen poema.
Tozeurri dagokionez, 2010ean udaberriko iraultza izan zuten Tunisian, eta eragin zuzena izan zuen turismoan. Kaleko saltzaile bati saltzea galarazi nahi ziotela, horixe da poemaren muina. Debekuaren kontra agertu zen saltzailea, eta erre egin zuten. Hil egin zen; oso krudela da. Harritu nauten lekuei egin dizkiet poemak.
«Emakumea/ bizitza pribatuko zoko ilun/ isilera zigortua», diozu Bizitza: agerikoa, pribatua poeman. Zuk bertatik bertara ikusi ahal izan duzu nola aldatu den emakumearen egoera.
Zorionez, aspaldi sartu ginen feminismoaren munduan; 1975-1976 inguruan. Feminismoari zera gertatzen zaio: badirudi dena isilik dagoela, baina bat-batean halako leherketa bat gertatzen da. Niretzat, bere garaian, feminismoa ezagutzea hunkigarria izan zen. Zuk zure kezkak dituzu, baina ez dakizu nola esplikatu; zure buruan bakarrik egongo balira bezala da. Denborarekin konturatzen zara hor mundu bat dagoela, eta esperientzia partekatuak direla. Euskal Herritik kanpo ere, emakumeak poesia idazten hasi zirenean «las poetas» edo «las poetisas» izendatzen zituzten [emakumezko poetak], mespretxu gisa.
«Euskal Herritik kanpo ere, emakumeak poesia idazten hasi zirenean 'las poetas' edo 'las poetisas' izendatzen zituzten [emakumezko poetak], mespretxu gisa»
Zure hastapenetan gutxi zineten emakumezkoak, baina gaur egun geroz eta gehiago dira.
Bai, pila bat daude. Gainera, oso ondo idazten dute. Ni bakar-bakarrik hasi nintzen. Zeruko Argia-n idazten nuenean, bazeuden emakume batzuk, baina ez asko. Batzuk azaltzen ziren, baina segituan desagertzen ziren. Gaur egun emakumeak ikasi egiten du. Hala ere, ez dut uste unibertsitatera joan behar denik poemak edo dena delakoa idatzi ahal izateko. Hizkuntza menperatu behar da: hori da garrantzitsuena.
Elkarrizketaren batean aipatu izan duzu maitasunaz idazten hasi zinenean sentitu zinela erabat aske; oraindik ere aske sentitzen zara?
Gaztea nintzenean asko ibiltzen nintzen talde marxistetan. Asko irakurtzen genuen, eta gero mintegiak egiten genituen. Gai horrek ukitzen ninduen nolabait, eta Marxi buruz idazten hasi nintzen. Urte oso bat eman nuen horretan, eta egindako testu guztiak puskatu nituen, ez zutelako zentzurik. Gero konturatu nintzen eguneroko bizitzako zenbait elementu unibertsalak zirela, denon arazoak zirela. Beti ez gabiltza maitasunari buruz hitz egiten; gaia hor dago, inportantea da. Gainera, asko landu da feminismotik.
Luzaro poemak denboraren igarotzea du abiapuntutzat. Zuk, aurrera begira, nola ikusten duzu zeure burua?
Gauzek poliki-poliki aurrera jarraitzea nahiko nuke.
Eta, idazten jarraituko duzu?
Bai, baditut urte batzuk ere, baina bai. Idazten jarraitu nahi dut, irakurtzen, eta bidaiaren bat ere egin nahiko nuke.