Ardo onaren moduan, Aterkings taldeak hobera egin du urteen poderioz. 2000. urtean sortu zen taldea, Markina-Xemeinen (Bizkaia), eta lehen urteetan hiru disko kaleratu zituzten: Alboroto (2002, autoekoizpena), Rock 'n' Roll (2005, Gaztelupeko Hotsak) eta Aterqueens (2006, Gaztelupeko hotsak). Hogei urtez ezer atera gabe egon ostean, Nun ibili haz? lan laburra kaleratu zuten maiatzean. Kaleratu gabe bai, baina, geldirik ez, hala adierazi du Alberto Gonzalez gitarra jotzaileak: «Ez diogu jotzeari utzi, baina lasaiago hartu dugu». Gonzalezekin batera, Iñigo Goikoetxea (ahotsa), Mikel Txurruka (gitarra eta ahotsa), Asier Etxaniz (baxua eta ahotsa) eta Martxelo Mendizabal (bateria) aritzen dira taldean.
Ostiralero du taldeak zita Markina-Xemeinen duten lokalean, eta hogei urteotan ez dute hutsik egin. «Gu beti izan gara talde bat, eta lokalean entseatzea izan dugu helburu nagusia», adierazi du gitarra jotzaileak. Entsegu ordu horiek eman dute fruitua, jada eginda zeuzkaten abestiak hartu, eta, taldeak gordea zuen dirua erabilita, diskoa ateratzea erabaki baitzuten. Aterkingsekoek sorkuntza modu kolektiboan ulertzen dute, eta hala ondu dituzte diskoko hamahiru kantuak. «Ideia bat daukanak erakutsi egiten du, eta hari jarraitzen diogu. Hortik zerbait ona sortzen bada, aurrera».
«Gazteak ginenean kontzertuak ematea falta zitzaigula esaten genuen, baina hori aldatu egin da. Jada ez dago ez beldur eszenikorik ez horrelakorik»
ALBERTO GONZALEZ Musikaria
Euskarazko hamar kantu ditu Nun ibili haz? diskoak, gaztelaniaz bat, eta ingelesez bi. Kantu laburrak eta erritmoz beteak dira, punk eta rock-and-roll doinuetan, estilo horiek baitira taldearen zigilu. Besteen artean, beste talde batzuen abestien bertsioak egin dituzte; Death by the gun-en, Radio Birdman taldearen bertsio bat egin dute, eta Marijo-n, berriz, Stranglersen Go, Buddy, Go kantarena. Gonzalezek esplikatu duenez, kantu laburrak egiten saiatu diren arren, bitan bi minutu pasatxoko langa pasa nahi izan dute.
Horietako lehena Enok txarra da, zortzi minutu eta hiru segundokoa. Diskoko hirugarren abestia da, eta taldeko kideak azaldu du bertan kokatzearen arrazoia: «Entzulea harritzea zen asmoa; 'zer da hau?' pentsa dezan». Halaber, gaineratu du abesti horrek erakusten duela ondoen Aterkingsek entseguetan egiten duen lana: «Melodia bat jotzen hasten gara, eta progresio bat lantzen dugu. Kasu honetan, ez genuen progresio horretatik irten nahi, eta horrela atera da». Diskoa ixteko erabili dute Amaia abestia; orotara ia bost minutu irauten du. Gonzalezek aipatu du Enok txarra-ren egitura antzeko samarra duela baina Amaia-k baduela beste kutsu bat, Iggy Pop musikari estatubatuarraren The Stooges taldean inspiratuta sortu baitute. Kantu luzeenek lan laburrari kutsu «dentsoagoa eta sakonagoa» ematen diotela uste du gitarra jotzaileak.
Garai zaharrak gogoan
Gonzalezek ondo gogoan ditu taldearen hasierako urteak. Haren hitzetan, 2005etik 2010era bitarte izan ziren Aterkingsen urterik onenak: «Garai hartan, punkak eta rock-and-rollak izugarrizko indarra zuten, bai Euskal Herrian baita Espainian ere. Gure doinuak oso freskoak ziren, eta asko deitzen ziguten jotzeko». Urte horiek ondo aprobetxatu zituztela gaineratu du, eta talde «esanguratsuekin» jotzeko aukera izan zutela: New York Dolls, Gerry And The Hot Rolls, Lucifer... Hala ere, taldeak ez zuen bere izaera galdu. Gitarra jotzaileak nabarmendu du beren burua talde txiki baten gisan ikusi izan dutela hasieratik, eta Euskal Herrian eta Euskal Herritik gertu jotzea izan dutela helburu.
Urteen poderioz, esperientzia pilatzen joan da Aterkings. Gonzalez: «Gazteak ginenean kontzertuak ematea falta zitzaigula esaten genuen, baina hori aldatu egin da. Jada ez dago ez beldur eszenikorik ez horrelakorik». Taldearen funtzionamenduan ere nabaritu dute hori kideek; esaterako, abestien konponketak egiteko orduan. Gitarra jotzaileak esplikatu duenez, formula egokia topatzea kostatzen zitzaien lehen, eta orain baliabide gehiago dituzte horri aurre egiteko.
Pasa den maiatzean, diskoa kaleratu zutenean, aurkezpen kontzertu bat egin zuen taldeak Markina-Xemeinen. Ez zen aurkezpen soil bat izan, Aterkingsen ibilbidean modu batera edo bestera parte hartu duten kideak gonbidatu baitzituzten. Bertan izan ziren kazetariak, argazkilariak, kultur eragileak, aktoreak... «Lagundu gaituen jende horri eskaini nahi genion diskoa». Izen batzuk aipatzearren, bertan izan ziren Iñaki Lopez kazetaria —«elkar ezagutu genuenean Tele Bilbao kateko kazetaria zen»—, eta Patricia Lopez Arnaiz aktorea —«Gasteizen kontzertuak antolatzen zizkigun»—. «Nahiz eta izen horiek ezagunak izan, makina bat jende ezezagunak ere lagundu digu», gaineratu du Gonzalezek.
Zuzenekoei dagokienez, oraingoz, udazkenerako kontzertu batzuk hitzartuta dauzka taldeak, eta lanean ari dira data berriak lortzeko.