Musika

Ura Bere Bidean jaialdiak 29 artista «bertsio sinfonikoan» elkartuko ditu gaurtik larunbatera

Hiru kontzertu izango dira, hirurak Barakaldoko BECen. Besteak beste, Mirua, Maruxak, Olaia Inziarte, Lendakaris Muertos, Zea Mays, Eñaut Elorrieta, Alaitz eta Maider, Evaristo eta Niko Etxart arituko dira Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera.

Ura bere bidean jaialdia, aurreko edizioetako irudi batean. URA BERE BIDEAN
Ura bere bidean jaialdia, aurreko edizioetako irudi batean. URA BERE BIDEAN
itziar ugarte irizar
2026ko urriaren 22a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Musika sorkuntzak azkar zaharkitzen diren mundu globalizatu eta bizkor batean, garrantzitsua da gutxiengo kulturak eta haien artistak baloratzen dituzten proiektuak sortzea». Uste horretan ardaztuta ekingo dio gaur Ura Bere Bidean egitasmoak beste edizio bati: lehen aldiz, hiru egunez segidan egingo dute aurten jaialdia, eta 29 artista inguru bilduko ditu BECen, Barakaldon (Bizkaia), 20:00etatik aurrera. Biharko eta larunbaterako sarrera guztiak salduta daude, baina gaurko emanaldirako oraindik geratzen da sarrerarik. 

Euskal artistak «bertsio sinfonikoan» elkartzea izan da Ura Bere Bidearen bereizgarria sorreratik, beste jatorri batzuetako musikariak ere gonbidatzen badituzte ere. Fair Saturday fundazioak jarri zuen martxan jaialdia duela bost urte, eta zenbait «artista nabarmenek» Fernando Velazquez zuzendariak konposatutako orkestra bertsioak interpretatzen dituzte, Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak lagunduta.

1970eko hamarkadatik gaur egunera arteko errepertorioari egin ohi diete leku, eta horren isla da aurtengo egitaraua ere, belaunaldi ugari gurutzatuko baitira agertokian. Bosgarren urtemugara heldu direla eta, «edizio berezia eta berritua» izango da aurtengoa, antolatzaileen esanetan.

Denera, 29 izen iragarri dituzte antolatzaileek, baina ezustekoetarako tartea ere utzi dute, karteleko hiru puntu etenek adierazten dutenez, eta beste urte batzuetan ere egin izan dutenez. Iragarritako izenak, bederen, hauek dira: Mirua, Maruxak, Tatta, Merina Gris, Dupla, Olaia Inziarte, Hofe, Bengo, Sara Zozaia, Judit Nedderman —jatorri katalaneko abeslaria—, Emeli Sande —jatorri ingeleseko kantaria—, Shinova, ETS En Tol Sarmiento, The Uskis, Lendakaris Muertos, Betizu taldea, Eñaut Elorrieta, Zea Mays, Betagarri, Alaitz eta Maider, Pasion Vega —jatorri espainiarreko kantaria—, Xabi Solano, Deabru Beltzak, Doctor Deseo, Evaristo, Niko Etxart, Joselu Anaiak, Gontzal Mendibil, eta Pantxoa eta Peio.

Partiturak eskura

Zerrendako zenbait artista aurrez ere arituak dira jaialdian —Elorrieta, Solano, ETS, Zea Mays eta Doctor Deseo, esaterako—, baina hamarretik zazpi Ura Bere Bidean egon gabeak direla nabarmendu dute arduradunek. Zerrendako izen bati ere egingo diote azpimarra berezia: Joselu Anaiak taldearenari, zeina omendu egingo duten urte luzez egindako jardunagatik. Deabru Beltzak taldeari dagokionez ere, haien 30. urtemuga ospatzeko baliatuko dute kontzertu sorta.

Hain justu, aurreko edizioetako zenbait partitura edonoren eskura jarri ditu jaialdiak bere webgunean. Libre deskargatzeko moduan dira Velazquezek egindako moldaketak dituzten partiturak; besteak beste, Zea Maysen Elektrizitatea, Gatiburen Euritan dantzan, Su Ta Garren Mari, Idoiaren Hitzetan eta Anje Duhalderen Bakezaleak kantuenak. Abesbatzetan, ikastetxeetan, musika eskoletan eta haien gustuko abestiak interpretatzeko interesa dutenen artean «euskal kantak zabaltzeko eta gizarteratzeko» asmoz jarri dituzte eskuragarri.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA