Antzerkia

Xabi Solanok antzerkira emango du saltoa, bizipen pertsonaletatik sortutako 'Aitaren Hauspoa' antzezlanarekin

Ximun Fuchsek idatzi eta zuzendu du, eta, Solanorekin batera, Sua Enparantza ariko da aktore gisa. Abeslariaren aitaren heriotzetik abiatutako obra da, eta aitatasuna jorratzen du batik-bat. Urtarrilaren 21ean estreinatuko dute, Hernanin.

Ximun Fuchs, Xabi Solano eta Sua Enparantza, Hernaniko Biteri Kultura Aretoan, gaur goizean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ximun Fuchs, Xabi Solano eta Sua Enparantza, Hernaniko Biteri Kultura Aretoan, gaur goizean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Hernani
2026ko azaroaren 5a
18:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamaika eszenatokitan jo du Xabi Solanok, baina Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxeko eszenatoki txikitik onartu du «beldurtuta» dagoela datorkionarekin. «Musikariok beti esan izan dugu areto txikietan jotzea nahiago dugula, jendea gertu dugulako. Antzerki honekin gertutasun hori bilatu dugu, baina beldur naiz oraingoan aktore gisa aritu beharko dudalako». Rol horretan ariko da estreinakoz Solano Aitaren Hauspoa obran, Sua Enparantza aktorearekin batera. Abeslariaren bizipen pertsonaletatik sortutako obra bat da, baina ez da autobiografia bat. Ez Da Entzuten S.L. konpainiak ekoitzi du, eta Ximun Fuchsek idatzi eta zuzendu. Datorren urtarrilaren 21ean estreinatuko dute.

Antzezlanak Solanoren aitaren heriotza du abiapuntua. «Duela hiru urte hil zen eta hutsune handia utzi zuen etxean. Gure etxean arreba eta biok jotzen dugu trikitia, baina aita zen benetako trikitilaria. Harentzat bizimodu bat zen instrumentua, musika baino gehiago», kontatu du abeslariak. Ordutik, «trikitia hartze hutsa pisutsua» zaiola onartu du, oroitzapen asko ekartzen baitizkio gogora. Aitak oinordekotzan hauspo bat utzi zien anai-arrebei, eta, orain, Fuchsek antzezlan bilakatu du.

«[Xabi Solanok] Berak ezagututako istorioetatik abiatutako antzerki bat egin nahi zuen. Tiraka eta tiraka, atera zen aitaren heriotza izatea obraren abiapuntua»

XIMUN FUCHS Zuzendaria

Zuzendariak, normalean, ez ditu besteentzako obrak idazten, azaldu duenez, «denbora faltagatik». Are, aitortu du hasieran ez zuela ulertu Solanok zer nahi zuen, «bere buruarentzat omenaldi bat egin nahi ote zuen edo zer». Ez zen hala, ordea. «Berak ezagututako istorioetatik abiatutako antzerki bat egin nahi zuen. Tiraka eta tiraka atera zen aitaren heriotza izatea obraren abiapuntua». Hortik dator obrak planteatzen duen hausnarketa: Nola egin aurre bizitzari, aita hil denean?

Aitatasunaren inguruan

Testuinguru horretan eraiki dute Enparantzak jokatzen duen alabaren rola. Telebistan eta zirkuan aritu da orain arte, eta hauxe du bere lehen antzezlana. Fuchsekin eta Solanorekin antzerkian lana egiteko aukerak bultzatu zuen proiektura, baina baita gaiak ere. «Nire aita euskal preso politikoa da. Aurten bosgarrenez sartu dute espetxean. Beti izan naiz motxiladun haurra, eta orain motxiladun gaztea, eta horrek eraman dit bestelako ikuspuntu batetik bizitzera berarekin dudan harremana», azaldu du Enparantzak. «Txikitan aita beti ikusten dugu erraldoi baten antzera, baina hazten joan ahala erraldoi hori nekatzen da, eta zenbaitetan ezbaian jartzen dugu. Hori antzerki honen bidez ikasi dut, baina bizitzan ere gertatu zait».

«Txikitan aita beti ikusten dugu erraldoi baten antzera, baina hazten joan ahala erraldoi hori nekatzen da, eta zenbaitetan ezbaian jartzen dugu. Hori antzerki honen bidez ikasi dut, baina bizitzan ere gertatu zait»

SUA ENPARANTZA Aktorea

Aitatasunaren gaiarekin jarraituta, antzezlanak zalantzan jartzen du garai bateko aitatasun eredua. Enparantza: «Duela 40 urteko aitatasuna eta egungoa oso ezberdina da. Gure aitek badituzte deseraikitzeko gauza asko eta ikasteko beste hainbat. Guk antzerkiarekin ez dugu epaitu nahi, baizik eta begiratu, egungoa ulertzeko».

Solanok argi esan du obra ez dela bere aitari omenaldi bat; baina, gustatuko litzaiokeela antzezlanak elkarrizketarako tartea irekitzea. «Beti hitz egiten nuen aitarekin kontzertuen ostean, baina orain beranduegi da. Ikusleei antzezlanetik ateratzerakoan aitaren ahotsa entzuteko gogoa piztu nahi diet».

«Beti hitz egiten nuen aitarekin kontzertuen ostean, baina orain beranduegi da. Ikusleei antzezlanetik ateratzerakoan aitaren ahotsa entzuteko gogoa piztu nahi diet»

XABI SOLANO Abeslaria

Oholtzaren gainean Solano eta Enparantza egoteaz gain, trikitia bera ere egongo da; hildako aita irudikatuko du. Ez da instrumentu edo sinbolo soila izango, haren bitartez taularatuko baitituzte zenbait gai, adibidez, euskara, militantzia eta festa. «Debekatutako festak alaitzeko, langileen kultura hauspotzeko, gure memoria transmititzeko... Hori guztia ordezkatzen du musika horrek», azaldu du zuzendariak.

Ikuskizuna urtarrilaren 21ean eta 22an estreinatuko da, Hernaniko Biteri kultur etxean. Sarrerak bihar jarriko dira salgai. Aurretik, urtarrilaren 7tik 20ra egonaldi bat egingo dute herrian bertan, obrari forma emateko. Aitor Huizi Hernaniko Kultura zinegotzia harro azaldu da proiektua herrian hasiko delako. «Pozgarria da halako proiektu bat Hernanin hastea. Horrelako sormen proposamenei espazioak ematea garrantzitsua da. Horretarako lanean ari gara, maila honetako artistei lekua emateko, eta, are, herriko jendea bada».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA