Literatura

Xabier Leteren poemak New Yorkeko plazara

'Xabier Lete. 60 poems' antologia elebiduna kaleratuko du New Yorkeko Columbia Unibertsitateak. Kirmen Uribek sustatu du liburua, eta Lourdes Otaegik eta Alex Gurrutxagak egin dute poemen hautaketa.

'Xabier Lete. 60 poems' antologia elebidunaren aurkezpena, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
'Xabier Lete. 60 poems' antologia elebidunaren aurkezpena, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko irailaren 30a
16:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xabier Letek ingelesez egon behar zuen. Urte askoan hori uste izan du Kirmen Uribek, eta New Yorkeko Columbia Unibertsitateak eman dio aukera ustea errealitate egiteko. Sundial House zigiluak Xabier Lete. 60 poems antologia elebiduna aurkeztuko du azaroaren 12an, New Yorken, eta, izenburuak adierazten duen gisan, liburuak Leteren hirurogei poema bilduko ditu: euskaraz alde batetik, eta ingelesera itzulita bestetik. Izan ere, Sundial Housek Iberiar penintsulako eta Latinoamerikako hizkuntzetan idatzitako literatur itzulpenak argitaratzeko xedea du, eta, hain justu, Leterena izango da Iberiar penintsulako bilduman argitaratuko den lehen liburua. Uribek berak bultzatu du proiektua —Sundial House zigiluaren lantaldearen parte da— eta berak idatzi du hitzaurrea. Itzulpenak Kristin Addisek egin ditu, euskaratik ingelesera zuzenean, eta Lourdes Otaegi eta Alex Gurrutxaga EHUko irakasleek egin dute poemen hautaketa eta azterketa kritikoa. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du.

«Poza da euskaldunontzat, baina munduarentzat handiagoa da poza». Uribek hizkuntza gutxituen gaineko kontzientzia sumatzen dio New Yorkeko gizarteari; zehazki, hizkuntza hegemonikoetatik kanpo «hainbat harribitxi» dauden ziurtasuna: «Kultura gutxitu batean idazteak ez du esan nahi gaizki idazten duzunik. Kontrakoa, kalitate handiko lanak egiten dira, eta, gainera, indar berezi bat dute hizkuntz hegemonikoetan sortzen diren lanekin alderatuta». Bada, dio Leteren poemak ondo moldatuko direla gizarte estatubatuarrean; gazteen artean, bereziki. Horren adibide gisa aipatu du proposamena bota zuenean argitaletxeko kideek zera erantzun ziotela: «Lete oso ondo dator garai hauetarako». 

«Euskarari 'habil mundu guzira' esaten dio Etxeparek, eta, edizio honi esker, Leteren poesiak ingelesa ikasi du Kristin Addisen eskutik; hala, mundurako zubiak ireki dizkio oso gurea den obra bati»

LOURDES OTAEGI EHUko irakaslea

Eta begirada New Yorken jarrita, Otaegik Kontrapas kantua gogoratu du, Bernat Etxeparek idatzi eta gero Letek musikatu zuena: «Euskarari 'habil mundu guzira' esaten dio Etxeparek, eta, edizio honi esker, Leteren poesiak ingelesa ikasi du Kristin Addisen eskutik; hala, mundurako zubiak ireki dizkio oso gurea den obra bati».

Baina nola hautatu antologia baterako hirurogei poema? Zer irizpide erabili? Beste ezaugarrien gainetik, Leteren poesiari nolabaiteko «aire eternal» bat igartzen dio Otaegik: «Oso gurea da, oso gure gertakizunez, bizierez hitz egin duen poeta da —aski konprometitua horretan—; baina, era berean, hori munduari adieraztean, jakin zuen esan nahi zuen hori esperientzia humano bilakatzen eta denentzat argigarri izango zen eran adierazten». Hitzei doinua jartzen bezala, Otaegik Leteren Xalbadorren heriotzean kantua aipatuz laburbildu du adierazi asmo zuena: «Oroitzapen den geroan sartzen da Leteren poesia». 

Historiari hitzak jartzeko

Hortaz, Otaegik eta Gurrutxagak euskaldunak ez diren irakurleentzako moduko hautaketa bat egin nahi izan dute, baina baita Leteren poesiak euskaldunen «testuinguruan» hartzen duen esanahia transmititu ere. Hala azaldu du Otaegik: «Obra hau, giza esperientziaren adierazpen den aldetik, obra unibertsal bat da, eta irakurle ororentzat interesgarria izango den eran moldatzen saiatu gara: gaurkoarentzat eta biharkoarentzat, nahiz hemengoarentzat nahiz kanpokoarentzat». Zehatzago, Gurrutxagak hautaketan erabilitako bi irizpide nagusi bereizi ditu: bat, pentsatzea zer testutan agertzen diren Leteren poetikan «sakonean dauden ezaugarri esanguratsuenak», eta bi, pentsatzea nola jaso Leteren ibilbide poetikoa bere osotasunean.

«Zalantza izpirik gabe, agertu behar zuten aberriaren errepresentazioak, haren balio humanistek, indarkeriaren aurrean zuen sentiberatasunak, erlijioaren eta materialismoaren arteko tentsioak...»

ALEX GURRUTXAGA EHUko irakaslea

«Zalantza izpirik gabe, agertu behar zuten aberriaren errepresentazioak, haren balio humanistek, indarkeriaren aurrean zuen sentiberatasunak, erlijioaren eta materialismoaren arteko tentsioak...». Ezinbesteko ezaugarri batzuk aipatu ditu Gurrutxagak, eta, esaterako, Letek munduko gatazken gainean adierazten zuen «sentiberatasun» hori adierazten dute, besteak beste, Malkoak euri balira, Detroit 67, Ez kanta beltza —Benito Lertxundik musikatua— eta Lore bat, zauri bat poemek. Liburuan jaso dituzte horiek denak. Eta, Leteren poesia hizpide, Otaegik nola, Gurrutxagak ere atzoko, gaurko eta biharko irakurleengan jarri du arreta: «Konbentzituta gaude Letek gure nazioaren historia pribatu hori jaso duela; konbentzituta gaude Leteren garaikideek aurkitu dituztela haren obran gure historiaz, barne historia horretaz hitz egiteko hitzak, izan kantuan, izan poesian; eta, era berean, konbentzituta gaude gazteek aurkitzen dutela —edo aurki dezaketela— harengan ahots oso indartsu bat, sufrimenduaz eta arazo sozialez hitz egin dezakeena». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA