Muskildin (Zuberoa) jokatu zen larunbatean Xilaba txapelketaren bigarren faseko bigarren kanporaketa, eta han izandako eraso matxista gaitzetsi du Bertsozale Elkarteak. Hain zuzen ere, Elixabet Etxandi bertsolariak jertsea kentzean, txistuak entzun ziren Posonpesenea aretoan, eta Etxandik berak bukaerako agurrean erreferentzia egin zien txistu eta «esamesei».
Bertsozale Elkarteak, bertsolariari babesa emateaz gain, «irmo» gaitzetsi du gertatutakoa. «Bertsozale Elkartearen ekinbidea da plaza sustatzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da plaza guztiak seguruak izatea. Zehar-lerro dugun feminismoa funtsezkoa da horretarako, eta horretan sakontzen jarraituko dugu. Plazetan askotariko gorputz eta ahotsak nahi ditugu, eta horretarako bidea egiten jarraituko dugu».
Horretaz gain, elkarteak adierazi du ez duela inolako erasorik onartuko, ez Xilaban, ezta gainerako plazetan ere. Halaber, erasoen berri emateko eta horiei ahal bezain ondo erantzuteko, helbide elektroniko bat ere eman dute: lantaldefeminista@bertsozale.eus
Gainera, Xilabako finalean Puntu Ubela ere izango da, erasorik jasan edo ikusiz gero, hara joan ahal izateko.