Xipri Arbelbide idazlearen ibilbidea du ardatz nagusi 'Jakin'-en 254. zenbakiak

Bizkaiko auzo ikastoletan aritutako zenbait maistraren historia eta jasan zuten errepresioa ere aztertu ditu Karmele Artetxe Sanchezek aldizkarian

Xipri Arbelbide kazetari eta idazlea. BOB EDME.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Xipri Arbelbide (Heleta, Nafarroa Beherea, 1934) idazle, kazetari eta apaiza da Jakin aldizkariko zenbaki berriko protagonista. Jose Luis Aizpuru Ostolazak egin dio elkarrizketa, eta haren ibilbide osoa hartu dute hizpide. Besteak beste, haurtzaroa, gerra garaia eta alemaniarrak, misiolariekin eginiko ikasketak, Aljeriako gerrako esperientzia, apaiz eta misiolari bizitza Boli Kostan, Euskal Herrirako itzulera, 1980ko urteetan argitaratutako lehen liburuak, Ipar Euskal Herriko gizartearen bilakaera eta Elizaren krisia aipatzen dituzte. Bien arteko solasaldi luze bezain sakonak ardazten du, bada, Jakin aldizkariaren 254. zenbakia.

«Eliza, euskara eta euskalduntasuna izan ditu bere bizitzako ardatz nagusi», nabarmendu du Lorea Agirre aldizkariko zuzendariak hitzaurrean: «Euskararekin erradikala izatea defendatu eta praktikatu du beti». Berez, teologian lizentziatu zen Arbelbide, baina kazetari gisa ere aritu izan da urte luzez. 1981. urtean, kasurako, Gure Irratia sortu zuen, Ipar Euskal Herriko euskarazko lehen irratia. Horrez gainera, hainbat liburu ere idatzi ditu. Elkarrizketak Arbelbideren ibilbidean sakontzen du, biografia osoa errepasatuz eta egindako lan askotarikoei erreparatuz.

Historia bizia sailaren hogeita seigarren emanaldia da Xipri Arbelbiderena. Lehenago ere, beste hainbat pertsonaiaren bizitzari eta lanari buruzko testigantzak bildu ditu Jakin-ek sail horretan.

Kolaboratzaile berria

Karmele Artetxe Sanchez EHUko irakasleak Bizkaiko auzo ikastoletako irakasleen egunerokotasunera hurbiltzeko ariketa egin du Euskal hezkuntzan ahaztutako auzo-ikastoletako maistrak artikuluan. «Hori ere badelako historia bizia, argira ekarri beharrekoa, ezinbestean, hil ostean bada ere», aldizkariko zuzendariaren hitzetan. Bereziki, maistra haiek 1936ko gerran jasan zuten errepresio politiko-militarrean jarri du arreta Artetxek.

Egunen gurpilean atalari dagokionez, berriz, kolaboratzaile berria estreinatu da Jakin-en: Joanes Igeregi Santamaria. Auzi ekologikoak eta euskararen biziberritzea landuko ditu, besteak beste, eta horiek biak lotuta ondu du Atzo egin behar zenuena ez utzi biharko artikulua. Maialen Akizuk kulturaz idatzi du.

Zenbaki berria ixteko, Dom Campistron marrazkilariak ondu du kontrazala; Maialen Lujanbio Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlea marraztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.