Literatura

«Zaintzaren gazi-gozoak» izan ditu hizpide Nerea Baldak bere nobela berrian

'Zure arnasa zaintzeko' du izenburua lanak,eta iazko Ramiro Pinilla sariketako irabazlea izan zen. Alaba nerabearekin ama perfektua izaten saiatzen den emakume bat da nobelako protagonista.

Nerea Balda idazlea, Donostian, aurkezpenaren egunean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Nerea Balda idazlea, Donostian, aurkezpenaren egunean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko ekainaren 13a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nerea Balda idazlearentzat kuttuna da eleberri laburren Ramiro Pinilla sariketa: «Nire ibilbide literarioan erabateko garrantzia du». Getxon (Bizkaia) antolatzen dute sariketa hori; Getxo Kulturak eta Pinillesca kolektiboak elkarlanean, hain zuzen. Euskarazko eleberri labur bat eta gaztelaniazko bat saritzen ditu, eta euskarazko saileko irabazlearen lana Erein argitaletxeak kaleratzen du. Baldak behin baino gehiagotan irabazi du lehiaketa: 2018an Atzerrian-ekin, 2023an Azpimarrak-ekin, eta azkenekoz iaz, Zure arnasa zaintzeko eleberriarekin. Bada, Ereinek orain kaleratu du 2025ean saritutako lan hori.

Ama baten eta haren alabaren arteko harremana da eleberriaren ardatza. Baldak azaldu duenez, «zaintzaren gazi-gozoak» ekarri nahi izan ditu hizpidera, baina modu orokorrean, komunitatearen, lagunen eta norberaren zaintza aipatu nahi izan ditu eta. «Zaurgarritasunaz eta erresilientziaz mintzatzen naiz liburuan», azaldu du. Protagonista, urteetan alaba zaintzen aritu ostean, lanera itzuliko da; liburuzaina da. Alaba nerabezaro betean du, eta harreman konplikatua dute. 

Egileak kontatu duenez, ama perfektua izaten saiatzen da protagonista, baina kostata lortzen du halakorik: «Gauzak ongi egin nahi ditu, eta ongi egin nahi horretan, hanka sartzen du, normala den bezala». Hanka sartze horiek nola bizi dituen eta halakoak nola bideratzen dituen ikusi ahal izango du irakurleak. Balda: «Lagun batek liburua irakurri berri du, eta protagonista antiheroi gisa definitu du; bada definizio egoki bat».

Halaber, protagonistak Alize izeneko emakumea ezagutuko du lanean. Liburuak izango dira bien arteko harremanaren ardatza; izan ere, liburuzainak liburuak gomendatuko dizkio, eta Alizek, trukean, abestiak. Idazleak aipatu du eleberrian aipatzen diren liburuak literatura unibertsalekoak direla, gaur egun euskaraz irakurri daitezkeenak, eta mintzagai dituzten musika lanak euskal artistenak direla. 

Arazoak eta erresilientzia

Badira beste bi pertsonaia esanguratsu nobelan: Demetrio izeneko gizon zaharra, eta Nunkui haren zaintzailea. Erresilientziaren gaia jorratu nahi izan du idazleak haien bidez: «Protagonistarekin alderatuta, askoz ere arazo potoloagoak dituzte, modu erlatiboan begiratuta behintzat». Eleberrian, hain zuzen, azaltzen da pertsonaiek nola aurre egiten dieten egunerokoan dituzten arazoei, baita elkarri «gauza txikietan» nola laguntzen dioten ere.

«Lagun batek liburua irakurri berri du, eta protagonista antiheroi gisa definitu du; bada definizio egoki bat»

NEREA BALDA Idazlea

Duela pare bat urte bururatu zitzaion Baldari nobelaren muina, hainbat arrazoiengatik. Batetik, amatasunaren inguruko idazketa eta irakurketa tailer bat ematea egokitu zitzaion. Eta, bestetik, 2023ko azaroan egin zen greba feministak ere eman zion abiapuntua. Zaintza erdigunean jartzea zen grebaren helburuetako bat, eta zaintzaren inguruko tailer bat ematea proposatu zioten. Bestalde, bertatik bertara ezagutu du zer den zaintza lanetan aritzea: «Nire gertuko egoera da ama-alabaren artekoa, bai harremana, baita zaintza horrek dituen adarrak ere».

Baldak, hala, ama denetik buruan izan dituen kezkak azaleratzeko erabili du liburua; protagonistaren kezkak noizbait egileak berak izandakoak dira. Tartean daude, besteak beste, pantailen erabilera, sare sozialak eta jazarpena. «Betiko arazoak eta oraingoak, bietatik topatu daitezke».

Musikak protagonismo berezia du liburuan; bai pertsonaien artean, baita egilearentzat ere. Eleberriko lehen orrian, bi abestiren aipuak topatu daitezke: Esanezin abeslariaren Oraindik abestikoa da bata, eta Gorka Urbizuren Janela bat kantakoa bestea. «Nire bizitzan zerbait garrantzitsua gertatzen denean —liburu bat idaztea, adibidez—, kantu bat entzun, eta 'niri buruz ari da' pentsatzen dut». Halaxe gertatu zitzaion Esanezinen abestiarekin lehenengo, eta Urbizurenarekin gero. Zehazki, liburuaren izenburua Janela bat-en pasarte bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE