Arkeologia

Zalduako terma erromatarrak berotzen zituen labearen bila aztarrika segitzen du Aranzadik

Bihar bukatuko dute Zalduako aztarnategiko aurtengo indusketa kanpaina; termen iparraldeko bi sektoretan jarri dute arreta. Iaz labe bat topatu zuten, baina ondorioztatu dute kozinatzeko eta jakiak gordetzeko zona batean zegoela eta ez zela termetarako.

Zalduako aztarnategian induskatzen ari diren eraikinaren iparraldeko partea, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
Zalduako aztarnategian induskatzen ari diren eraikinaren iparraldeko partea, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko uztailaren 23a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan urteetan baino indusketa kanpaina motzagoa egin dute aurten Zalduako aztarnategian, Auritz eta Aurizberri artean dagoen eremuan (Nafarroa), baina eman du fruiturik. Hipotesi batzuk berresteko zenbait froga eskuratu ondoan etxeratuko dira Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariak eta haiekin lanean jardun diren hamabost boluntarioak, eta, ohi denez, zenbait galdera ere eramanen dituzte opari. Zehazki, uztailaren 13an hasi eta bihar bukatuko dute aurtengo landa lana aztarnategian. Erromatarren garaian martxan izandako termetan aztarrika aritu dira berriro ere, eraikinaren iparraldeko zonan batez ere, eta preseski han azaleratu zaizkie antzinako hirigune hark zeukan irudia osatzeko behar zituzten arrastoetako batzuk, baina ez denak. 

Iaz, labe bat aurkitu zuten eraikinaren ipar-mendebaldeko sektorean, eta, aurten aurkitutako aztarnei esker, hari buruz gehiago dakite orain: labe hori elikagaiak biltegiratzeko eta kozinatzeko gune batean zegoen, eta termak martxan ziren garaikoa ez, termak jadanik abandonatuta zeuden garairen batekoa da. Aztarnategiko zuzendari Oihane Mendizabalen esanetan, hipotesi bati atea ireki dio horrek: terma erromatarrak berotzeko labea azpian egon liteke. Zuhur mintzo da, betiere: «Egon liteke, edo ez». 

Pirinioen magalean, Auritz eta Aurizberri herrien artean dago Zalduago aztarnategia. I. U. / FOKU
Pirinioen magalean, Auritz eta Aurizberri herrien artean dago Zalduago aztarnategia. I. U. / FOKU

Aranzadi 2012tik ari da Zalduako aztarnategian ikerketa arkeologikoa egiten. 2017an aurrenekoz, erromatarren garaiko sei metro zabal zen galtzada bat topatu zuten, eta, ondotik, baita bi eraikinen arrastoak ere. Haietako bat harrizkoa da, eta, hain zuzen, hori induskatzeari eman diote lehentasuna. Urtetik urtera, sakonerago jo ahala, azpiegitura horri eta haren ingurukoei buruzko informazio gehiago jaso dute apurka. Tartean, K.o. lehenbiziko mendean eraikitako terma batzuk topatu dituzte eraikin harexetan, eta zona horretan dihardute orain ere lanean, arrasto gehiagoren bila. 

Termen eraikinaren iparraldean dauden bi sektoretan jarri dute arreta aurten ere; horiek direlako eraikina osoki mugatzeko falta dituzten azken biak

Iaz egin gisan, eraikinaren iparraldean dauden bi sektoretan jarri dute arreta oraingoan, besteak beste horiek direlako eraikina osoki mugatzeko falta dituzten biak. Fase hori burutzeak ikerketarako daukan garrantzia nabarmendu du Mendizabalek: «Ikuspegi orokorra izatea beharrezkoa da interpretazioak egoki egiteko, bai alderdi kronologikoari eta bai alderdi geografikoari begira».

Helburu horrekin ekin zioten aurtengo kanpainari, horregatik, baina iaz airean utzitako galderentzako erantzunak bilatzea ere teman izan dute, orobat. 

Besteak beste, iaz labe baten arrastoak aurkitu zituztelako eraikinaren ipar-mendebaldeko sektorean. Mendizabalek zehaztu duenez, zirkulu erdi baten formakoa da, eta, aurten, inguruan zeukanari behatuta zabaldu dute hari buruzko informazioa. «Ikusi dugu labe horren garaikidea izan daitekeen zoru moduko bat, hartxintxarrez osatutakoa, eta hartxintxar horien gainean zeramika zati dezente aurkitu ditugu, dolia izeneko zeramikazko ontzi handi batzuen puskak diruditenak», garatu du azalpena zuzendariak. Erantsi duenez, animalien hezurrak ere azaldu dira gune horretan, bai eta nabala bat ere. «Ez dakigu zehazki etxebizitza baten parte izango zen gune hori, baina behintzat imajina dezakegu elikagaiak biltegiratzeko eta prestatzeko gune bat zela».

Eta horrek badu esplikazio posible bat, Mendizabalek nabarmendu duenez. Orain arteko ikerketekin ondorioztatu dutenez, termak K.o. lehenengo mendean eraiki zituzten —mende horren lehenbiziko erdian eraikuntza fase bat izan zen; bigarren erdian, beste bat—, haiek erabiltzeari utzi zioten K.o. II. mendearen hastapenetarako, eta, ondotik, «moldaketa batzuk» eginda, eraikin hori bera beste gauza batzuetarako erabili zuten. Eta, gaur-gaurkoz, hau da Aranzadikoen hipotesi nagusia, hartara: II. mendearen eta V. mendearen arteko garairen batekoa da biltegi eta sukalde gisara identifikatutako zona hori, bai eta labea bera ere. 

Aurtengo indusketa kanpainan aurkitutako zeramika zatietako bat, Oihane Mendizabal zuzendariaren eskuetan. I. U. / FOKU
Aurtengo indusketa kanpainan aurkitutako zeramika zatietako bat, Oihane Mendizabal zuzendariaren eskuetan. I. U. / FOKU

Pixkanaka baizik ezin da

Baina indusketa ez da hor bukatuko. Ipar-mendebaldean kokatutako sektore horretan aztarrika segituko dutela adierazi du Mendizabalek. «Ikusteko dago ea badugun iristea termak aktibo zeuden garai horri buruzkoak erakutsiko dizkigun geruzaren batera», esan du, baikor antzean. «Ikusita eraikinaren antolaketa orokorra nolakoa den, hor bertan egon beharko litzateke inoiz termak berotzeko erabili zuten labea, praefurnium deritzona». Haren esanetan, hori hala den argitzeko bidea are sakonagoraino iristea da, izatekotan. «Beti daude zalantzak, halere. Baina hori da, horregatik, datorren urterako airean geldituko zaigun galdera handietako bat». 

«Ikusteko dago ea badugun iristea termak aktibo zeuden garai horri buruzkoak erakutsiko dizkigun geruzaren batera»

OIHANE MENDIZABAL Zalduako aztarnategiko zuzendaria 

Aurten induskatu duten beste sektoreari loturiko diagnostikoa diferentea da, bestetik. Mendizabalek bukatutzat eman du eraikinaren ipar-ekialdeko zonan eginiko indusketa lana. Ikerketarako baliagarriak zaizkien zenbait aurrerapauso egin dituzte egunotan, dioenez. 

Iaz, ipar-ekialdeko sektore horretantxe aurkitutako zabalgunea eraikineko sarrera zela baieztatzea lortu zuten Aranzadikoek. Zehazki, harrizko zutabe zilindriko batzuen oinarriak aurkitu zituzten, bai eta marmol zati batzuk ere, eta haiek guztiek, Mendizabalek oroitu duenez, berretsi egin zuten «sarrera monumental bat» egon zela han. Aurten, horri loturiko bi erronka nagusirekin abiatu zuten indusketa kanpaina: sarbidearen ezaugarriei loturikoa zen bat; fatxadaren garaierari loturikoa bestea. Mendizabal: «Batetik, jakin nahi genuen ea nolakoa zen eraikinaren barnealdearen eta justu ondoan dagoen kale nagusiaren arteko trantsizioa; ikusia genuen zutabeei esker bazela aterpe moduko bat atarian, eta nahi genuen jakin zehazki nolakoa zen sarbide hori; adibidez, zuzena ote zen. Bestetik, ikusi nahi izan dugu zutabeen oinarriak zenbateko sakoneran zeuden, horrekin kalkulatu ahal izateko gutxi gorabehera zer altuera zeukan fatxadak; zutabea nolakoa izan, eutsi dezaketen karga diferentea delako».

Kanpainan jasotako material eta datuak azterketa fasera igaroko dira orain, eta soilik horiek guztiak xeheki aztertu ondotik aurkezten ahalko da aipatu dudei buruzko hipotesirik, Mendizabalen esanetan. 

'Zoom out', ikuspegia zabaltzeko

Lehenbiziko aldiz, aztarnategitik kilometro erdira dagoen Jauregiaroztegiko hezeguneari ere behatu diote kanpainan. «Zuk iker dezakezu aztarnategi bat oso-osorik, baina herri bat ulertzeko ezinbestekoa da inguruko paisaiaren eta inguruko lurraldearen gutxieneko ezagutza batzuk ere izatea», nabarmendu du Mendizabalek. Gainera, xedea iraganari buruzko pistak eskuratzea izaki, hezegune bat informazio iturri bereziki eraginkorra dela azaldu du. Dioenez, etengabe heze izaten diren guneak izanik, materia organikoak hobeki irauten du hondatu gabe; ez du usteltzeko halako arriskurik. 

Zaldua inguruan mendeetan ingurugiroan izan diren aldaketak ezagutzea da asmoa, eta zundaketa geoarkeologiko bat egin dute horretarako. Zuzendariak oroitu duenez, ATEA mugaz gaindiko ikerketa proiektuaren gerizpean egin dute hori. «Metodologia bera aplikatu da erromatar galtzadaren ertzetako bi aldeetan, bai hemen, eta bai, besteak beste, Nafarroa Behereko beste bi gunetan: Gamarten eta Hoztan. Pirinioen ipar isurialdearen eta hego isurialdearen artean dauden ezaugarri komunak eta desberdintasunak identifikatzea da asmoa». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA