2.000 urtez 40 bat kilometrora bereizita eta lurrak estalita izan ondoan, biak ala biak elkarren aldamenean jarrita aurkeztu dituzte piezak orain. Eta ez da kasualitatea. Aranzadi zientzia elkarteak aurkitutako bi urrezko eraztun dira, K.a. I. mende ingurukoak, eta bi nobedade bistaratu dituzte kolpez. Bata, eraztunetako baten agerpena bera: 2024ko ekainaren hondarrean topatu zuten, Donazaharren (Nafarroa Beherea) eginiko indusketa lanetan, eta orain eman dute aurkikuntzaren berri aurrenekoz. Aldiz, azaleratu duten bigarren nobedadea zera da: erakutsi berri duten piezaren eta 2018an Zalduako aztarnategian (Auritz, Nafarroa) topatutako urrezko eraztun baten arteko antza. Zalduako eta Donazaharreko aztarnategietako zuzendari Oihane Mendizabalek nabarmendu duenez, piezak «ia berdinak» dira, eta hori berez Pirinioen bi aldeen arteko «lotura estuaren» erakusle da. Mugaz gaindiko Pirinaeus proiektuaren babesean egin dituzte indusketa eta ikerketa lana.
Iruñeko Kondestablearen jauregian eman dute aurkikuntzaren berri, eta, Aranzadi zientzia elkarteko kideez gainera, bertan izan dira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta euroeskualdeko burua, Fanny Larre arkeologoa eta metaletan espezialista, eta Unai Irigarai Aurizko alkatea eta Pierre Eiherabide Donazaharreko alkatea.
Eraztunei buruzko azalpenak Mendizabalek eta Larrek eman dituzte, eta esplikazioetan murgildu eta segituan nabarmendu dute iaz Donazaharren topatu izanak berez daukala garrantzia. Aurkikuntza «oso bakana» dela azpimarratu du Mendizabalek, eta zenbakiekin ere eman du horren argudioa. Azaldu duenez, Euskal Herri osoan erromatar garaiko urrezko bost eraztun baizik ez dira topatu gaur-gaurkoz —pieza osorik azaldu diren aldiak hartu ditu aintzat zenbaketarako—, eta, are, Donazaharrekoa Ipar Euskal Herrian aurkitu den estreinakoa da.
Erlazionatuta
2024ko ekaineko azken astean eginiko indusketa lanetan aurkitu zuten Donazaharreko eraztuna, zehazki. Eraikin baten barreneko gela bat induskatzea zuten helburu Aranzadikoek. Kanpaina motza izan zen, bost egunekoa, baina azken-aurreko egunerako identifikatuak zituzten murruak, horma bat eta zorua. Hain zuzen ere, zorua induskatzen ari zirela ohartu ziren objektu distiratsu bat azaleratzen ari zela; emeki-emeki pieza atera, eta eraztun bat zela ikusi zuten. Mendizabalen esanetan, jakina da Erromatar Inperioan tankera horretako eraztunak oso arruntak zirela dirudunen artean, baina zaila da ordutik hona ongi kontserbatuta irautea. Horregatik ere bada inportantea aurkikuntza.
Ispilu joko bat
Donazaharreko eta Zalduako eraztunen arteko antza ezin ukatuzkoa da. Biak dira urrezkoak, eta biek dute harri urdinkara bat erdigunean. Gainera, harriok grabatutako motibo bana ere badute, batean eta bestean irudiak diferenteak izanagatik ere. Larrek zehaztu duenez, Zalduako eraztunean Fortuna ikus daiteke irudikatuta, aberastasunaren jainkosa, eta, aldiz, Donazaharrekoan gerlari bat antzeman daiteke. «Zutik eta estilo erromatarrean okertua dagoen gerlari bat da. Esku batean lantza bat du; beste eskuan, ezpata bat —eta hari begira ari da—, eta ezkutu bat lurrean utzita», aletu du Larrek. Gainera, azaldu duenez, trazuetan ere bada alderik bi eraztunen artean: Donazaharreko eraztunean dagoen irudian lerroen ertzak leunagoak dira, eta ez du halako detailerik.
Eraztunok norenak ote ziren jakiterik ez dagoela nabarmendu du Mendizabalek, baina argitu du derrigor beharko zutela izan «eliteko pertsonaren batzuenak, edonork ez baitzuen urrezko eraztun bat izateko gaitasunik». Gainera, zehaztu duenez —Donazaharreko eraztunari buruzko datua da hau—, eraztuna bertan bizi zen inorena edo «erromatar galtzadan barrena» igaroko zen norbaitena zen jakiterik ere ez dago. Ordea, adierazi duenez, eraztunaren agerpena bera bada zona horrek garai horretan zeukan «garrantzi estrategikoaren» froga, eta Erromatar Inperioko beste merkataritza zona batzuekin harremanak zituztela ere erakusten du.

Aranzadi zientzia elkarteko Arkeologia Sailak 2023ko udan egin zituen ikerketak lehenbiziko aldiz Ipar Euskal Herrian, baina hamarkada bat baino gehiago da zona horretako erromatar galtzadaren arrastoei segika ari direla ikerketak egiten. Ordea, azkenerako, mugaz gaindiko euroeskualdeko Pirinaeus proiektuaren babesean egin dituzte indusketak bertan, Pirinioetako bi aldeetan. Hiru udalerriren arteko sare bat osatuta jardun dute: Auritzek, Donazaharrek eta Luzaidek (Nafarroa) hartu dute parte. Gainera, proiektuan lanean aritu diren ikertzaileak ere «bi aldeetakoak» direla nabarmendu dute Iruñeko aurkezpenean.
Bestalde, etorkizunari begirako iragarpen bat ere egin du Mendizabalek: mugaz gaindiko beste proiektu arkeologiko bat abiatuko dute. Atea jarri diote izena, eta, besteak beste, Frantziako Kultura Ministerioaren sostengua izanen du egitasmoak. «Asmoa da hiru urtez Oztibarren hasi eta Errozabalgo zonaraino —Auritzen eta Erroren arteko lautada da hori, zehazki— antzinateko dinamiketan sakontzen jarraitzea».