Beran, Erre musika komunitate autogestionatuaren inguruko hitzaldi bateko galderen tartean, entzule batek galde egin zuen Euskal Herriko musikaren bazter ez-hegemonikoaren aferan dabiltzan gaztetxe, kolektibo eta musikarien militantzia ereduaren higadurak ekar dezakeen ustezko epemugaren inguruan. Galdera interesgarria izan zen oso, oraintxe bertan parametro horretan kokatzen diren eragile ugari baitaude gure mugen barnean, baina argi dago, era berean, militantzia kultural hau hutsaren truk eta borondate osoz egiten den lana den heinean, ez dela inorentzat proiektu egonkor bat, errealitateak ekar ditzakeen erronka eta gorabeheren aurrean.
Jakina da kapitalismoan oinarritutako legeen pean ezin dela kultura librerik eskaini, hau, sorkuntza prozesutik, merkatuan azaltzen den arteko pauso guztietan baldintzatuta dagoelako. Alde horretatik, diruak edozein kultur ekintzatan duen garrantzia ukaezina den arren, Euskal Herrian ditugun baliabide objektibo —azpiegitura aldetik— zein subjektiboek —hots, ohitura eta bazter ez-hegemonikoetan kokatzen diren eragileek— posizio aproposean uzten gaituzte kultura modu egonkor batean dena irensten duen industriaren legeek irents ez dezaten, eta ahalik eta askeen mantentzeko. Horretarako, kontrolpean dauden espazio kulturalen autonomia mantentze aldera eta kultura monopolizatzeko ofentsiban dauden elementuen aurrean (sobera erotu gabe), babes hesi batek garrantzia izan dezake. Autogestioa noizean behin komeni den gaztetxetxo bihurtu ez dadin.
Gaztetxe edo espazio autogestionatuak bezalako tokietan, gainbalioak bilatzen dituzten espazioek errentagarritzat hartzen ez duten eskaintza kulturala antolatzeaz gain, forma ezberdinean eskaini daitezke, alegia, interesa dutenentzat irisgarria bilakatzeko. Dena den, hegemoniaren osagarri izan beharrean, horri aurre egiteko, musikari zein entzulearentzat kalitatezkoa eta erakargarria den zirkuitu bat eraiki beharra da.
Kontrolpean dauden espazio kulturalen autonomia mantentze aldera eta kultura monopolizatzeko ofentsiban dauden elementuen aurrean (sobera erotu gabe), babes hesi batek garrantzia izan dezake. Autogestioa noizean behin komeni den gaztetxetxo bihurtu ez dadin.
Konpromiso hori ezin dute espazioek bakarrik izan. Espazioaren eta artistaren arteko elkarlaguntza sarea eratzea komeni da. Kulturaren independentzian aurrerapausoak emateko, merkatuak ezartzen dituen balio neurriak lausotu behar dira. Sarrera salmenta proposamen artistiko baten diru iturrien neurgailu bihurtuta, industria hegemonikoaren logikari lotuta jarraituko genuke. Artistentzako berme ekonomikoa eta haien arteko parekotasuna lortze aldera, erresistentzia kutxa baten forma har dezaketen baliabideak martxan jar daitezke. Erresistentzia kutxa honetan, epe jakin batzuekin, elkarlaguntza sarea osatzen duten gaztetxeek eskainitako emanaldien sarrerarekin lortutako etekinak bildu eta, taldekide kopuruaren arabera, bertan kontzertua eman duten taldeei modu ekitatiboan emango litzaizkieke. Honek sorkuntzaren eta merkatuarentzat arrakastatsua denaren arteko loturak mugatuko lituzke, eta balioan jarriko luke kultura plural, aberats eta konprometitua.
Elkarlaguntza sare honen parte diren espazioek emanaldi bakoitzeko jartzen duten sarrera, talde kopuruaren arabera, estandarizatua izan zitekeen. Sarreren prezioa betidanik izan da mintzagai, norberarentzat irisgarria eta aldi berean duina izan dadin. Eztabaidak aurrera jarraitu behar du borondate politikoak eta diruak duten garrantziaren ulerkeraren arteko oreka bat mantendu nahian. Hala eta guztiz ere, musikarekiko irisgarritasuna ez da bakarrik sarrera merkeak eskaintzearekin lortzen. Musikari, musikazale eta ekosistema guztian mugitzen diren kolektibo zein norbanakoen loturak estutzeko, elkarlaguntza sarearen agenda osatu dezaketen tailer, hitzaldi, mahai inguru, algoritmorik gabeko streaming plataforma eta nahi adina gauza antolatu daitezke.
Kultur ingurumenaren parte sentitzeak emango dio publikoari kulturalki eragin eta haren ardura izateko bidea. Inor ezin da kontzertu bat ikustera behartu: kontzertuak antolatzen ditugunon zeregina da, handikeriaren industriaren aurrean, guk eskaintzen duguna erakargarria bilakatzea. Gaur egun, kolektiboen, espazioen, musikarien eta entzuleen arteko dinamikak eraikitako ingurumen osasuntsu batez, emanaldian ikusiko diren taldeak aldez aurretik ezagutu gabe publiko nabarmenak bildu dituzten kontzertuen adibideak topa ditzakegu. Horretarako, eragile guztien arteko harremana estua izan behar da, eztabaiden aurrean elkarren arteko komunikazioa sustatuz; finean, entzulea ere elkarlaguntza sarearen subjektu aktibo bilakatuz. Horrela izan ezean denak entzule pasibo eta merkantzia huts bilakatuko ginatekeelako.
Norbaitek jaso dezan, hau da autogestioaren iparra galdu gabe musikariaren ogibidean laguntze aldera nik zerura jaurtitako harrikada. Idatzitakoaren zentzugabekeriaren tamaina neurtzea beste batzuen esku utziko dut. Nolanahi ere, mundua nola dagoen ikusita, nik neuk ere ez nuke auzi hau solastatu beharrekoen zerrendako lehenbiziko ehun postuetan ere jarriko. Kultura librearen alde zabiltzaten guztioi, bejondeizuela!
