Zetak-ek bi aldiz joko du San Mamesen. Iragan asteburutik, taldearen Mitoaroa ikuskizunak hirugarren aldia ere izanen zuela izan da notizia, eta, are, Bilboko San Mames estadioan taularatuko zuela hura, 2026ko ekainaren 20an. Gaur 10:00etan ireki dute ikuskizun horretarako sarreren aurresalmenta —besteak beste, aurrez Zetak-en beste kontzerturen batean izan direnek nahiz BERRIAlagunek izan dute aukera sarrerak bide horretatik erosteko—, eta, ordu gutxiren buruan, horrek beste notizia bat ekarri du: bukatu dira. Ez dago sarrerarik. 40.000 lagun baino gehiagorentzako tokia dago estadioan, eta publiko orokorreko leihatila zabaldu baino are lehenago saldu dira ekainaren 20rako sarrera guztiak. Ordea, berandu gabe egin du iragarpena Zetak-ek: bezperan ere joko dute San Mamesen. Eta sarrerak bihar jarriko dituzte salgai: 10:00etan eta esteka berean.
BERRIAlagunek abantailak izango dituzte ekainaren 19ko kontzerturako ere. Gainerako ikus-entzuleek baino ordu erdi lehenago, 09:30ean hasi ahalko dute sarrerak erosten, eta %20ko deskontua izango dute. Guztira, 2.000 sarrera eskuratzeko aukera izango dute BERRIAlagunek: 1.000 harmailetan, eta 1.000 pistan. BERRIA Dendaren webgunean erosi beharko dituzte sarrerak —posta elektronikoz emango ditu BERRIAk xehetasun guztiak—.
Ekainaren 19ko kontzertua iragartzearekin batera, San Mamesen halako kontzertu bat emateak daukan balioa nabarmendu du musika taldeak sare sozialetan. «Historian lehen aldiz euskal talde batek euskaraz bete du estadio bat», adierazi du idatziz, eta kideak «ezin sinetsiz» direla onartu dute segidan. Bi aldiz egin asmo dute orain.
Erlazionatuta
Iragan asteburuan, ostiraletik igandera, Illunbe hiru aldiz bete du Zetak-ek Mitoaroa II ikuskizunean. Kritikak nabarmen goratu du emanaldia, bai alde artistikoari eta baita teknikoari dagokionez ere —publikoak entzungailuak erabilita aditu zuen kontzertua; hori izan zen berritasun nagusietako bat—. Landutako gaiari dagokionez, urtarrilean Nafarroa Arenan egindako ikuskizunaren «prekuela» gisara definitu zuten joan den asteburukoa taldekideek: XV. mendean girotu zuten. Eta atentzioa eman zuen oholtzaratu zen kolaboratzaile mordoak ere. Hainbat azaldu ziren eszenatokira, Pello Reparaz abeslariaren ondora. Pantxoa eta Peio izan ziren gonbidatu nabarmenetako bi.
2026ko ekaineko emanaldian zer eginen ote duten —Mitoaroa III izendatu dute—, hori da duda orain. Gaur-gaurkoz, ez dute informazio askorik eman, baina, Reparazek BERRIAri eginiko adierazpenen arabera, «kutsu kritiko, autokritiko eta politikoa» presente izatea nahi dute, besteak beste. «Ideia asko ditugu. Narratiboan ari gara orain eta arituko gara hurrengo hilabeteetan, eta behin hori dugula hasiko gara forman pentsatzen».