Zinema

Zinegoak jaialdiak 50 jarduera baino gehiago eskainiko ditu ekainaren 22tik 29ra bitartean

Guztira 53 film lehiatuko dira Sail Ofizialeko hiru kategorietan, eta antzezlanak, hitzaldiak eta mahai inguruak ere antolatuko dituzte. Atzera begirako atala Bev Ditsie zinemagileari eskainiko diote.

Zinegoak jaialdian parte hartuko duen '3670' filmeko fotograma bat. ZINEGOAK
Zinegoak jaialdian parte hartuko duen '3670' filmeko fotograma bat. ZINEGOAK
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko ekainaren 10a
15:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kulturan gabiltzan guztioi gertatzen zaigu orain: ekitaldi bereziak bete egiten dira, baina, gero, zailagoa da jendea zinema aretoetara eramatea». Ekainaren 22an hasi eta hilaren 29ra bitartean, guztira 50 jarduera baino gehiagoko programa eskainiko du Zinegoak LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdiak, eta, orotara, 53 film proiektatuko dituzte Sail Ofizialeko hiru kategorietan. Programazioaren nondik norakoak aurkezteaz gainera, ordea, kulturgintzan egun ageri den paradoxa hori ere azaleratu du Alaitz Arenzana zuzendariak festibalaren aurkezpenean. Azaldu du bitartekaritza lan gero eta handiagoa egiten dabiltzala horregatik, eta, onartu duenez, emaitza onak izan dituzte oraingoz. Publikoa erakartzeko lanketa horri esker, adibidez, iazkoan gorakada izan zuten ikusle kopuruan, zuzendariak esan duenez, eta 6.000 ikusle baino gehiago biltzea lortu zuten. «Esperantza piztu zigun horrek, hein batean». Eta aurten ere bide horretan jarraitzeko borondatea azaldu du Arenzanak. «Ilusio handiz gabiltza».

Jaialdiaren webgunean ikus daiteke programa osoa.

Kultura eta aniztasun sexuala, identitatea, eta generoarekin lotutako gaiak lantzeko jarri zuten abian jaialdia, eta helburu horri helduko dio 23. aldian ere. Hitzaldiak, eztabaidak, kontzertuak eta jardunaldi profesionalak ere antolatu dituzte horretarako, baina, oraindik ere, zinema proiekzioak dira festibalaren alderik identifikagarriena. Eta Arenzanak horrexegatik egin die aipamena zinema aretoei aurkezpenean.

«Kulturan gabiltzan guztioi gertatzen zaigu orain: ekitaldi bereziak bete egiten dira, baina, gero, zailagoa da jendea zinema aretoetara eramatea»

ALAITZ ARENZANAZinegoak jaialdiko zuzendaria

Hamabost film luze izango dira lehian, eta haietako hamar opera prima-k izango direla nabarmendu du Arenzanak: «Sortzaile berriei lekua egiteko konpromisoa dugun erakusgarri da hori». Sahand Kabiri zuzendari irandarraren The Crowd filma da lan horietako bat, eta festa bat antolatzen saiatzen dabilen lagun talde queer baten nondik norakoak kontatzen ditu. Zinemagilea jaialdian izango dela ere iragarri dute. Baina, film horretaz gainera, Arenzanak bereziki nabarmendu du 3670 filma, Ipar Koreatik Seulera bizitzera joan den gazte baten bizitza kontatzen duena, bai eta Belgikako Skiff pelikula ere, nerabe ez-binario baten desioaren esnatzea kontatzen duena. Horiek aipatu ditu, besteak beste. Izan ere, zuzendariak egindako zerrendaren arabera, programan badira Herbehereetako, Suediako, Esloveniako, Ipar Mazedoniako, Mexikoko eta Alemaniako lanak ere.

'The Crowd' filmaren trailerra.

Bestalde, 28 film bilduko ditu Begiradak izeneko film laburren sailak, eta multzoka antolatu dituzte proiekzioetarako. Orain artean bezala, Haurtzaroa eta nerabezaroa izeneko atalak bilduko ditu batzuk, eta izango da Emakume zuzendariak izeneko beste sail bat ere. Baina aurten beste bi atal ere osatu dituzte: Deslotu begiradak izenekoa da bata, eta Piztu piztia bestea. Horrez gainera, TBIQ izeneko atala ere berreskuratu dute. LGTBIQ+ kolektiboaren barruan hain ikusgai ez dauden errealitateak azpimarratzen dituzten lanak batu dituzte atal horretan, hizki zerrendari hasierako L eta letrak kenduta, hain zuzen ere.

Film laburren artean badira Kanbodiako, Kenyako eta Txinako lanak ere. Baina tokiko ekoizpenak ere izango du bere lekua Zinegoak jaialdiaren egitarauan. Erroak atalean, Euskal Herrian sortutako zortzi film proiektatuko dituzte: Eneko Lopez de Luzuriagaren Lamietxe; Guillen Palacin Españolen Los vinilos; Nagore Alonso Perezen Ultravioleta; Maren Zubeldiaren Ultramarino, eta Iker Perezen Maruxak.

Ditsieren atzera begirakoa

Zinegoak Sari Nagusia izango dute eskura Sail Ofizialeko lanek. Irabazleak 4.000 euro jasoko ditu hari esker. Aniztasunaren eta Giza Eskubideen Saria eskuratzen duen egileak 3.000 euro jasoko ditu. Diru kopuru bera hartuko du Lesbianismoaren eta Generoaren Saria irabazten duenak ere, eta, azkenik, 1.000 euroko saria izango du publikoak aukeratutako film laburrik onenak. Horrez gainera, badira diru saririk gabeko beste hainbat sari ere. Fikziozko film luzerik onenarena, film luze dokumentalik onenarena, eta film luzerik onenaren Krak saria, tartean.

Baina izango dira lehiaz kanpoko proiekzioak ere. Atzera begirakoa eskainiko diote Bev Ditsie zinemagile hegoafrikarrari, esaterako. Antolatzaileek hari eman diote aurten jaialdiaren ohorezko saria, eta, horregatik, haren bi film ere programatu dituzte. Lesbians Free Everyone-The Beijing Retrospective emango dute ekainaren 21ean, eta Simon and I ekainaren 23an. Zinemagilea jaialdian izango da, gainera, bere lanei buruz hitz egiten.

Baina ekitaldi bereziak ere aipatu ditu Arenzanak aurkezpenean. Halakoak ere izango baititu jaialdiak. Ekainaren 22an, irekiera ekitaldia egingo dute Bilboko Arriaga antzokian. Nerea Arriola eta Kepa Errasti aktoreek gidatuko dute saioa, eta Aissa Intxausti bertsolariak eta Jimena Amarillo musikariak ere parte hartuko dute. Eta, azkenik, ekainaren 29an egingo dute itxiera ekitaldia. Orduan jakinaraziko dute palmaresa. Irantzu Varelak eta Unai Izquierdok aurkeztuko dute gala hori, eta proiekzioak ere izango dira.

Ekainaren 22an hasiko da programa ofizialki, baina esfortzu berezia egin dute aurten jaialdiaren aurreko ekitaldiekin. Iaz, asteburu beteko programa antolatu zuten beroketa modura, baina aurten astebeteko egitaraua izango dute, ekainaren 15ean hasi eta jaialdiaren bezperara arte. Hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira programa horren muina. La Sinsorgan egingo dute lehen saioa, film laburren proiekzioak, fanzine tailerrak eta kontzertuak uztartuko ditu, eta Zinetupper bat izango da, iragarri dutenez.

'Lesbian Space Princess' filmaren trailerra.

Horretaz gainera, film proiekzioak eta antzezlanak ere antolatu dituzte. Ekainaren 18an, adibidez, Muro de piedra izeneko antzezlana aurkeztuko du Pabiloi 6ko Gazte Konpainiak, eta ekainaren 19an, berriz, animaziozko eta zientzia fikziozko lan bat proiektatuko dute Bilboko Guggenheim museoan, Berlinalen Teddy saria irabazi zuen Lesbian Space Princess komedia. Ekainaren 20an, Ehgamek Berreskuratu harrotasuna filma proiektatuko du Bira kulturgunean, eta, gero, La Sinsorgan Barjaula Travestiren saioa, Nizeren kontzertua eta Siwanaba DJaren emanaldia izango dira. Baina programa osoa nabarmen zabalagoa da.

Film proiektuak

Profesionalentzako saioak ere izango ditu jaialdiak. ZG Pro deitu dute festibalaren atal hori, eta bi eguneko egitaraua izango du. Ikus-entzunezkoetako eta kultur arloko profesionalen hitzaldiak antolatu dituzte ekainaren 25erako. Euskal Herriko LGTBI disidentziaren memoriaz arituko dira June Fernandez, Oier Zuñiga eta Joseba Olagarai, eta, zineman bestetasunak duen irudikapenaz mintzatuko dira Maria Roson, Fer Rivas eta Isabel Cadenas ere. Film proiektuak aurkezteko eguna izango da ekainaren 26a. Sei proiektu aurkeztuko dituzte, 3.000 euroko saria eskuratzeko aukera izango du haietako batek, eta aholkularitza saioak ere jaso ahalko dituzte.

Eta jaialdia ez da jaialdi egunetan bukatuko. Izan ere, egitaraua amaitutakoan , Zinegoak jaialdiak herriz herri eraman ohi ditu programan izandako hainbat film. Antolatzaileek zehaztu dutenez, esaterako, aurten jadanik 54 herrik eman dute izena proiekzio horietarako. Eta, bestalde, EITB taldearekin duten hitzarmenari esker, jaialdian proiektatuko diren lanetako batzuk Primeran plataforman ikusteko aukera izango da jaialdia amaitu ostean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE