Begirada ohiko film komertzialetatik aldentzeko asmoz plazaratu dute Dena egiteke dago, zinema tirokatu liburu kolektiboa. Zazpi egilek osatu dute, eta Iratxe Fresneda zinemagile eta EHUko irakaslea izan da koordinatzailea. Nosferatu zikloaren barruan argitaratu dute liburua, Donostia Kulturaren eta Euskadiko Filmategiaren babespean, eta bestelako zinemagintza bat aurkezten du. Mercedes Garciarena da azaleko ilustrazioa.
1988. urteaz geroztik antolatzen dute Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak Nosferatu zikloa, Donostiako Tabakalera zentroarekin eta Valentziako Filmategiarekin (Herrialde Katalanak) lankidetzan. Bestelako zinemagintza batean murgiltzeko asmotan, urtero gai bati buruzko filmek osatzen dute Tabakalerako programa, eta hauxe izan da aurtengoa: Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak. Filmak proiektatzearekin batera, bi liburu argitaratu ohi dituzte urtero; bata, gazteleraz —aurtengoa: Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine—; eta, bestea, euskaraz, Dena egiteke dago, zinema tirokatu liburua, hain zuzen ere.
«Askatasun handia izan dugu idazteko. Normaltasunetik kanpo kokatzen dut liburua, ez baita ohikoa bestelako zinemagintza bati buruzko liburu bat argitaratzea»IRATXE FRESNEDA Zinemagilea
Zazpi dira egileak: Fresneda ez ezik, Tania Arriaga Azkarate, Aitor Arruza, Maitane Hernandez Eiheramonho, Gentzane Martinez de Osaba, Olatz Ovejero Alfonso eta Elisa Villota Sadaba. Zinemaren hariak lotzen ditu artikulu guztiak, eta liburua hiru atal nagusitan dago bereizita: Sorkuntza, absentziak; Errepresentazioa, ordezkatzen nauzu; eta Etorkizuna gaur da, bide berriak. Ekoizpen ereduak, emakumeen ikuspegia, LGTBI kolektiboa, ekologia, paisaia, euskal zinema eta beste izan dituzte hizpide egileek artikuluetan. «Askatasun handia izan dugu idazteko. Normaltasunetik kanpo kokatzen dut liburua, ez baita ohikoa bestelako zinemagintza bati buruzko liburu bat argitaratzea», kontatu du Fresnedak. Euskal Herria liburuan presente dagoela ziurtatu du koordinatzaileak.
«Ohituta gaude plataformen eta zinema komertzialaren bitartez errelatoen autobidean bidaiatzen, baina zinemak bestelako aukera asko ematen dizkigu»IRATXE FRESNEDA Zinemagilea
Pentsatu ohi denaren kontrara, zineman «dena egiteko» dagoela uste du Fresnedak: «Beharbada, istorio guztiak kontatuta daude, baina oraindik ere norberak berea konta dezake, norberak bere begiradatik; hor sorkuntzarako aukera handia dago». Hain zuzen, horixe egiten ahalegindu dira argitaratu berri duten liburuan: «Zinemagintza nola bizi dugun kontatu nahi izan dugu, zenbateraino den garrantzitsua guretzat, zer eragin izan dezakeen eta zein joera sortzen ari diren mundua ulertzeko eta kontatzeko. Ohituta gaude plataformen eta zinema komertzialaren bitartez errelatoen autobidean bidaiatzen, baina zinemak bestelako aukera asko ematen dizkigu. Horri eutsi nahi izan diogu: gaur egun sortzaile berriek hizpidera ekartzen dituzten erronkei. Baina ahaztu gabe nondik gatozen eta zer erreferente izan ditugun».
Zikloaren amaiera
Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak berretsi du Nosferatu zinemazale guztientzako zikloa dela, bai filmei dagokienez, baita liburuei dagokienez ere. «Zinemari buruzko euskarazko bibliografia oso interesgarria osatzen ari gara, eta hutsune bibliografikoak betetzen ari dira pixkanaka-pixkanaka. Jakina, eutsi egingo diogu apustu horri; batetik, garrantzitsua iruditzen zaigulako, eta, bestetik, lan ederrak jasotzen ari garelako».
Zinema saioak Tabakaleran asteazkenetan izaten direla gogorarazi du Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema programazioko arduradunak. Hurrenak abenduaren 10ean —Dans ma peau (2002)— eta abenduaren 17an —La niña santa (2004)— izango dira. Aldiz, datorren urteko zikloak Billy Wilder zuzendaria izango du ardatz, eta urtarrilaren 14an hasiko da.