Zinema

Zinemak Euskaraz egitasmoak bukatutzat eman du bere ibilbidea

2021ean jarri zuten martxan egitasmoa, eta Pantailak Euskaraz mugimenduaren orbitan izan dira ordutik. Agur esanagatik, iragarri dute lanean segituko dutela euskarak zineman daukan presentzia legez bermatu dadin.

Pantailak Euskaraz eta Zinemak Euskaraz taldeek 2025ean eginiko agerraldi bateko irudia.  JON URBE / FOKU
Pantailak Euskaraz eta Zinemak Euskaraz taldeek 2025ean eginiko agerraldi bateko irudia. JON URBE / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko otsailaren 24a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

2021eko maiatzean abiarazi zuen bere bidea Zinemak Euskaraz herri mugimenduak. Aldarrikapenak eta eskeak argi, zinema aretoetan euskararen presentzia legez bermatzeko lege propio bat eskatzea izan zuten ekimena martxan jartzeko bokazioa, eta hori exijitzeko sinadura bilketa bat ere antolatu zuten, euskara «zinemetatik deserriratua» zegoela ikusita. Orain, bost urteren ondotik, bidea bukatzea erabaki dute egitasmoko kideek. 

Egitasmoa sortzera eraman zituen hutsuneak bete gabe segitzen du, oraindik ere ez baita pantaila handian euskararen presentzia segurtatzeko legerik ondu. Batik bat horregatik, egitasmoa desegin arren lanean segituko dutela nabarmendu dute kideek. 2021eko maiatzean plazaratutako irudi berbera berriz ere argitaratuz jakinarazi dute asmo hori, izatez. Orduko hartan, zorrotz mintzatu ziren zinemetako egoeraz, eta salatu zuten «ezer gertatuko ez balitz bezala» ari zirela asko. Hori hala, zinemak euskalduntzeko bide horretan nahi bezainbeste aurrerapauso egin ez direla iradoki dute orain, argitalpen hori bera gogora ekarriaz.

Zinemaren lege propioa exijitzeko sinadura bilketa zabalik da oraindik, esteka honetan: labur.eus/zinemakeuskaraz. 6.000 sinaduratik gora dituzte bilduta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.