'Sacamantecas' filmaren zuzendaria

David Perez Sañudo: «Biktimak ia ez dira ageri mitoaren transmisioan»

Bigarren Karlistaldiaren garaian Juan Diaz de Garaiok Gasteiz inguruan egin zituen hilketen istorioa kontatu du David Perez Sañudok 'Sacamantecas' filmean. Sail Ofizialean aurkeztu du, lehiaz kanpo, eta gaur ETBk eta RTVEk antolatutako galan emango dute.

David Perez Sañudo zinemagilea, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
David Perez Sañudo zinemagilea, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
mikel lizarralde
2026ko irailaren 21a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errealitatea eta kondaira gurutzatzen dira Juan Diaz de Garaiok XIX. mendearen 70eko hamarkadan Gasteiz inguruan egin zituen emakumeen hilketen gaineko kontakizunetan. Gerora Sacamantecas goitizenarekin igaro zen Diaz de Garaio iruditeria popularrera, eta ezizen horri berari eutsi dio David Perez Sañudo zinemagileak (Bilbo, 1987) haren gaineko filma egiteko. Patricia Lopez Arnaiz, Antonio de la Torre, Josean Bengoetxea eta Eneko Sagardoi ditu protagonista pelikulak.

Sacamantecas-en izenak eta istorioak garai bateko oihartzunak dakartza, eta oso iltzatuta dago herri iruditerian. Zerk bultzatu zaituzte XIX. mendean eta Bigarren Karlistaldian girotutako istorio hau film batean jasotzera?

Sacamantecas bera pertsonaia mitikoa da Euskal Herri osoan. Eta Araban bereziki, oso ezaguna da haren izena, edo goitizena. Baina iturri historikoetara jotzen duzunean, berehala ohartzen zara mito handi bat dela; hau da, mito handi bat eraiki dela haren inguruan. Behin informazioa eta dokumentazioa irakurrita, Sergio Granda gidoigilea eta biok konturatu ginen pertsonaia ez zela oso interesgarria guretzat.

Eta nola egin diozue aurre horri?

Erabat harrapatu gintuen elementu txiki bat aurkitu genuen. Garrotean hilarazi baino egun batzuk lehenago, Juan Diaz de Garaiok irakurtzen eta idazten ikasi nahi zuela esaten zuen behin eta berriz. Eta ideia hori geratu zitzaigun buruan bueltaka. Hau da, hiltzaile alfabetatugabe batek zergatik nahi du irakurtzen ikasi halako momentu batean, heriotzaren atarian dagoenean? Bizitza osoan isilean eraman duen desio sakon bat da? Azken batean, mutur batean indarkeria azaltzen da, eta bestean, berriz, aurrerabidea, kultura eta alfabetatzea. Ideia hori oso indartsua iruditu zitzaigun.

Noiz abiatu zineten proiektu honekin?

Oso prozesu luzea izan da; agian hamar urte daramatzagu honekin. Baina oso zaila izan da aurrera eramateko. 9 milioi euroko aurrekontua daukan film batek tamaina horretako erronkak dakartza berekin. Hau da, aukera handiak ematen dizkizu, baina arazoak eta erronkak ere bai, ekoizle bakoitzak bere ikuspuntua izan dezakeelako, eta ez zarelako erabat libre zuk nahi duzuna egiteko. Baina, era berean, oso pozik gaude emaitzarekin, nahiz eta prozesua ez den erraza izan.

«Mutur batean indarkeria azaltzen da, eta bestean, berriz, aurrerabidea, kultura eta alfabetatzea. Ideia hori oso indartsua iruditu zitzaigun»

Sacamantecas izenburuak berak Juan Diaz de Garaiori erreferentzia egiten dion arren, ez zarete haren bizitzan zentratu, eta Angela Berrostegieta, hark hildako emakume baten ahizpak du protagonismo ia osoa filmean. Zergatik erabaki hori?

Konturatu ginen biktimak ia-ia ez direla ageri mitoaren transmisioan. Eta, horregatik, hasieratik argi izan genuen emakume baten ikuspegiari eman nahi geniola garrantzia. Azkenean, galdera etiko bat dago horren atzean. Sacamantecasen pertsonaia mitifikatuta dago, baina emakumeak ez dira apenas agertzen mito horren atzean. Eta hori nahiko larria da. Biktimek ez dute izenik, ez dute aitortzarik, eta gaur egun biktimen babesa eta zaintza hain presente dauden honetan, erabaki genuen izenen gainean lan egitea. Izena ez bada idazten, ez da existitzen.

Mitoa eta gertaera dokumentatuak nahasten dira Diaz de Garaioren hilketen kontaeran. Zer iturri erabili dituzue dokumentazio lana egiteko?

Diaz de Garaiori buruzko liburu pilo bat irakurri ditugu; horietako azkena Xabier Montoiaren Lautadako mamua, bide batez esan oso interesgarria dela. Eta dokumentazio lan handia egin dugu.

Filmak XIX. mendearen bigarren erdian Gasteizen gertatzen ari ziren aldaketak ere islatzen ditu. Baita euskarak eta gaztelaniak hirian zer leku zuten ere.

Aldaketa handiko garai bat izan zen hura, eta euskararen atzerakadaren sasoia ere izan zen Araban. Hortaz, hasieratik argi izan genuen filma euskaraz egin nahi genuela, baina gaztelaniak ere bere lekua izan behar zuela. Garai hartan gaztelania agintearen hizkuntza zen. Epaileek eta agintariek gaztelaniaz hitz egiten zuten, eta exekuzio publikoetan ere beti gaztelania entzuten zen. Ingurune pribatuan, berriz, euskaraz egiten zen. Nahasketa horrek oso ondo islatzen du garai hartan euskarak izan zuen atzerakada.

«Hasieratik argi izan genuen filma euskaraz egin nahi genuela, baina gaztelaniak ere bere lekua izan behar zuela. Garai hartan gaztelania agintearen hizkuntza zen»

Filmak ez du Garaioren psikologia aztertzen; ez duzue azaltzen zer motibazio zuen jendea hiltzeko orduan. Zergatik?

Berez ez dakigu ezer hari buruz, eta oso zaila da motibazio bat jartzea mahai gainean, baita oso arriskutsua ere. Horregatik, erabaki dugu galderak egitea, oso konplexua baita gaia. Bestalde, ez genuen indarkeria baliatu nahi ikuslea hunkiarazteko, eta, hori dela eta, indarkeria eszenak beti distantzia jarriz filmatu ditugu.

Haren bizitzari buruz ez duzue askorik kontatzen. Zenbateraino sartu duzue fikzioa istorioan? Esaterako, Diaz de Garaiok pare bat emazte izan zituen eta bost seme-alaba, baina filmean seme bakarra agertzen da.

Halako istorio bat izanda, egiazko gertaeretan oinarritzen dena, iruditu zaigu elementu batzuk sinplifikatu egin behar genituela, eta horregatik ez dugu haren sendiaren inguruko ezer sartu. Gainera, pelikula oso korala da, eta, ondorioz, hainbat elementu fikzionatu egin ditugu. Eta, hala ere, alderdi historiografikoari dagokionez, tentu handiz jokatu dugu, eta oso zehatzak izaten saiatu gara. Adibide bat emango dizut. Bi aldeek, karlistek eta liberalek uniforme oso antzekoak zituzten, eta gure artean eztabaidatu izan dugu ea merezi zuen egiantzekotasuna errespetatzea edo hobe izango zen askeago aritu eta ikus-entzuleari bi aldeak bereizteko erraztasunak ematea. Eta erabaki dugu errealismoari eustea.

Filmean bi kontzeptu ageri dira kontrajarrita. Batetik, indarkeria, gerrarekin eta Sacamantecasen hilketekin; eta, bestetik, aurrerabidea, alfabetatzearekin eta hirian gertatzen ari diren aurrerapenekin.

Gure galdera hasieratik hauxe izan da: alfabetatzea, bake eta egonkortasun ekonomikoko testuinguru batean bizi izan balitz, Juan Diaz de Garaiok hilketa horiek guztiak egingo zituzkeen? Guk ez daukagu erantzunik, baina hari horri esker, bide bat topatu dugu prozesuan, eta alde horretatik, uste dut oso fin jokatu dugula. Dokumentazio lan handia egin dugu.

Filmean nabari da garai hura islatzeko ahalegin handia egin duzuela, baita aurrekontu handiko pelikula dela, figurante askorekin. Zure aurreko filmak, Ane eta Azken erromantikoak, askoz intimistagoak ziren. Filmatzeko zaila izan da?

Ez da batere erraza izan. Baina, aldi berean, oso dibertigarria izan da, eta nik neuk asko ikasi dut. Antonio de la Torre, Patricia Lopez Arnaiz, Josean Bengoetxea eta Eneko Sagardoirekin lan egiteko aukera izan dut, eta hori bera opari bat izan da niretzat. Merezi izan du, baina zaila izan da, azken batean, hau tentsio handiko lanbidea da! [barrez].

Sacamantecas bada euskal serieko hiltzaile baten istorioa, baina filmak baditu dramaren eta westernaren zantzuak ere.

Nik uste dut thriller bat dela, baina bai, baditu dramaren eta westernaren elementu batzuk ere. Horietaz, beharbada, filma muntatuta zegoela ohartu gara.

Filmeko lehen planoak John Forden The Searchers westernaren amaiera ekartzen du gogora. Etxe barruan dago kamera, pertsonaia bat atean, eta haren atzean paisaia ikusten da. Keinu bat da? 

Bai, bai! [barrez]. Nik Enrique Urbizu izan nuen irakasle, eta film hori izugarri gustatzen zaio hari. Nik zinema zaletasuna oso sartuta daukat, eta uste dut aurretik beste batzuek egin duten horren miresmenean badagoela zerbait pedagogikoa eta didaktikoa. Aldi berean, hipernaturalismoarekiko obsesio bat ere badut, eta batzuetan bi alderdi horien arteko elkarbizitza ez da erraza. Batetik, zinema klasikoaren plastikotasuna dago, eta bestetik, hipernaturalismo horrek berak berarekin dakarren perfekziorik eza. Baina iraganean gustatu zaizkidan zuzendarien oinordetza hor dago, eta ez dut ezkutatzen.

«Pertsonaia bera baino gehiago interesatzen zait ikustea zergatik azaltzen den Sacamantecasen moduko pertsona bat testuinguru jakin batean»

9 milioi euroko aurrekontua duen film bat egiteak nolabaiteko presioa eragiten dizu?

Ez, niretzat presio bakarra izan da pertsonaienganako eta lurraldearenganako errespetuz jokatzea. Gorroto ditut iragana goraipatzen duten filmak, eta nire kezka izan da ea mito bat are eta gehiago mitifikatzen ari garen. Pertsonaia bera baino gehiago interesatzen zait ikustea zergatik azaltzen den Sacamantecasen moduko pertsona bat testuinguru jakin batean. Dokumentazio lana egin dugunean, zera aurkitu dugu: Gasteizi [Espainiako] Estatuko Atenas deitzen zioten XIX. mendearen hasieran, eta hamarkada batzuk geroago, kriminalitate handieneko hiria bilakatu zen. Bi datu horiek aukera eman digute kontrakarrean jartzeko indarkeriaren eta kulturaren nahiz aurrerapenaren ideiak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA