Donostiako 74. Zinemaldia

Egunkari bat hackeatzea

Erresistentziako kide batzuek naziei iseka egiteko faltsutu zuten berripaper baten istorioa kontatu du Michael R. Roskamek ‘Le faux soir’ filmean. Hura izan da Sail Ofizialeko itxierako filma.

'Le faux soir' filmeko lantaldea, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
'Le faux soir' filmeko lantaldea, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
itziar ugarte irizar
2026ko irailaren 26a
17:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Michael R. Roskam zinemagile belgikarraren Le faux soir filmak eman dio itxiera Donostiako 74. Zinemaldiaren Sail Ofizialari. Lehiaz kanpo erakutsi du, jaialdiaren azken egunean, eta, kontatzen diren gertakarien «pisu dramatikoa» alboratu barik, «umorez» egindako film bat dela nabarmendu du zuzendariak. 

Gertakari historiko bat du oinarrian pelikulak. 1943. urtea da: naziek Belgika okupatu eta berehala, Le Soir egunkari nazionala propagandarako tresna gisa bereganatu dute. 1918ko Armistizioaren Eguneko oroitzapen debekatuak tarteko, erresistentziako kide batzuek ideia zoro bat izan dute: belgikarren kemena altxatzeko, Le Soir egunkariaren ale faltsu bat inprimatzea. Paper bera, goiburu bera eta formatu bera erabiliko dute, baina edukia naziei barre egiten dieten artikuluez bete. Komunikazioaren historiako lehen hackeatze gisa hartu izan da. 

Ikusi gehiago

«Jende oso dibertigarriari buruzko pelikula oso serio bat egin nahi genuen», kontatu du R. Roskamek. «Hasieratik izan genuen inpresioa pertsonaia hauek erabat direla Bruselakoak. Hirian badago umore klase bat ezaugarritzen gaituena, eta egunkaria ere egunkari satiriko bat zen. Izpiritu belgikar hori islatu nahi izan dugu: serioa, baina ukitu absurdoak dituena. Ez nuke esango pelikula komedia bat denik, baina badu espiritu komiko bat».

Arieh Worhalter, Melanie Thierry, Karim Loklou eta Mara Taquin aktoreek jokatu dituzte filmeko protagonisten rolak, eta «pelikula historiko bat» bai, baina ez dela «biopic» bat azaldu du Worhalterrek. «Borroka egiteko gogoa dute, baina indarkeriarik gabe. Horregatik daude zenbait egoera komiko pelikulan, nahiz eta drama bat izaten jarraitzen duen», esan du hark ere.

Musikak leku garrantzitsua jokatzen du filmean, batik bat pertsonaiek egoera larrienak bizi dituztenean. «Egunkariaren fabrikazioa, pelikulan zehar, une arriskutsua zen, eta, Chassolen partiturei esker, modu perfektu bat topatu genuen eszena horiek garatzeko. Pentsatu genuen pertsonaietako bat egunkariko testu bat irakurtzen agertzen zen aldiro musikak lagunduko zuela eszena hori, hitz horiek harmonizatzeko». Erabaki hori pelikularen muntaketan hartu zutela zehaztu du zuzendariak, eta «inspiratzailetzat» hartu du momentu hori.

‘Le Soir’-en artxiboan

Dokumentatu ahal izateko «artxibo eta dokumentu solteak» kontsultatu ahal izan dituztela azaldu du zuzendariak. «Ekintzan parte hartu zuten pertsona jakinei buruz ez dugu askorik jakin ahal izan; erredaktoreei buruz zerbait gehiago, baina fabrikazioan aritu zirenei buruz, ezer gutxi». Le Soir egunkariko hemerotekan aritu ahal izana eskertu du. «Ateak parez pare ireki zizkiguten, eta hango adituak hasieratik amaierara arte izan ditugu ondoan».

Adierazpen askatasunaren alde hitz egin du zuzendariak, «aspaldiko bataila bat» dela esanez. «Ez da existitzen narratiba bakar bat, ezta egia bakar bat ere, erregimen totalitarioek nahi duten bezala».

Ez da hau R. Roskam (Sint-Truiden, Belgika, 1972) Donostiako Zinemalditik igaro den lehen aldia. 2014an, Sail Ofizialean lehiatu zen The Drop filmarekin, eta Gidoi Onenaren Saria irabazi zuen orduan Dennis Lehanek. «Belgikara itzulita nengoen; ederra izan zen Gidoi Onenaren Saria jaso genuela jakin eta berriz bueltan etortzeko hegazkin bat hartzea», oroitu du. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA