Zinemagilea

Elsa Oliarj-Ines: «Hori da ene borroka: filmak euskaraz egitea, baina Euskal Herritik kanpo ere ikusi ahal izan ditzaten»

Oliarj-Ines zinemagileak zortzi urtez filmatu ditu Zuberoako ikastola bateko haurren jolas orduak, eta material horrekin 'Txakun Txakür' osatu du, bere lehen dokumental luzea. Nortasunaren eraikuntza du ardatz, eta bazterketa kasu bat ere bistaratzen du.

Elsa Oliarj-Ines zinema zuzendaria. NUEVE CARTAS
Elsa Oliarj-Ines zinema zuzendaria. NUEVE CARTAS
Inigo Astiz
2026ko irailaren 23a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elsa Oliarj-Ines zinemagileak (Lavaur, Okzitania, 1988) zortzi urte eman ditu bere haur denborako Zuberoako ikastolako jolas orduak filmatzen, eta lan horren emaitza da Txakun Txakür dokumental luzea. Filmeko umeek hiru urte zituztela hasi zuen proiektua, eta 11 urte bete arteraino erreparatu die Elise, Añeta, Luka eta taldeko gainerakoen joan-etorriei. Arantza eta guzti, tarteka. Umeek zazpi urte zituztelarik goiz batez jolastokira berandu iritsi baitzen Oliarj-Ines, eta, bat-batean, liskar bat filmatzen topatu baitzuen bere burua. Talde osoa ikusi zuen ume bakarra estu hartzen, eta orduan baizik ez zen ohartu haiei begira egondako denbora horretan guztian ikusi ez zuenaz. «Nola ez nuen lehenago ikusi?». Liskar nahasi horren irudiekin eta zinemagilearen beraren galdera horrekin abiatzen da ordubete pasako lana, eta nortasunaren eraikuntzari eta giza harreman korapilatsuei buruzko material mamitsua eskaintzen dio ikus-entzuleari. Zinemagileak hau du lehen dokumental luzea, eta Zinemaldian estreinatuko dute gaur, Zinemira atalean.

Ia helduen esku hartzerik gabeko umeen jolas orduetako egunerokoa da dokumentalaren lehengai nagusia. Material minbera ere izan daitekeela jakinik, zein izan duzu iparra film hau osatzeko?

Nik zortzi urte grabatu ditut. Parisen bizi nintzen oraindaino, eta urtean bost aldiz etortzen nintzen ikastolara. Aste bat ematen nuen filmatzen, egunean ordubetez, eta urte bakoitzeko hogei ordu baizik ez nituen; horrez gainera, elkarrizketak ere egiten nituen, eta, zortzi urtez, 400 ordu egiten ditu horrek orotan. Oso gutxi da, jakitez taldean hemeretzi haur direla. Horregatik, aldi oroz haur bat segitzen nuen, zeren bestela ez nuen deus ikusten. Horretarako ez nuen ikusi Eliseren bazterketa, zeren eta aldi oroz gauza txiki bat ikusten nuen, baina, editatzen eta muntatzen hasi nintzelarik, ohartu nintzen denak beti ber haur baten gainean zirela, eta horretarako izan da niretzat bortitz: hor nintzen, filmatu dut, eta ez dut ikusi.

Narrazioa behar da horretaz ohartu ahal izateko.

Bai, muntaketak oso urrunak diren irudiak ezartzen ditu elkarren ondoan, eta orduan ikusten da.

Esate baterako, filmak erakusten du ume horri behin ez ziotela jostailu bat utzi, eta, handik urte batzuetara, berriz ere ume hori bera ez zutela jolaserako talde batean ere nahi.

Gauza txiki-txiki askok, elkartzen direlarik, egiten dute gauza handi bat, eta ohartzen garelarik, noiztenka, jadanik berantegi da.

«Aldi oroz gauza txiki bat ikusten nuen, baina, muntatzen hasi nintzelarik, ohartu nintzen denak beti ber haur baten gainean zirela, eta horretarako izan da niretzat bortitz: hor nintzen, filmatu dut, eta ez dut ikusi»

Zer filmatuko zenuen oso ongi jakin gabe hasiko zenuen lana, eta ikastolako gurasoek ere hala onartuko zuten euren haurrak filmatzeko baimena.

Xantza handi bat izan dut, ze Zuberoan jendeek ezagutzen naute, eta nire haur denborako ikastolan filmatu dut dena. Oso lagungarri izan dira andereñoak eta gurasoak. Baina uste dut ez dudala nire asmoa aski ontsa komunikatu, zeren eta ez naiz ohartu behar nuela beharbada gurasoak lehenago abisatu zer ikusiko zuten.

Filma ikustean sorpresa hartu zuten?

Bai. Harrapatuak izan dira, zeren eta ez zuten imajinatzen hori ikusiko zutela. Film honetan badira bi fantasia. Bata da haur denborari buruzko fantasia, eta bestea da ikastolari buruzko fantasia.

Alegia, haurtzaroa sasoi zoragarria dela, eta ikastolak leku erabat seguruak direla.

Bai.

Baina filmak ez du esaten hala ez direnik.

Ez. Erakusten du ez direla hori bakarrik. Lehenago abisatu behar nituen gurasoak beharbada. Edo ez. Ez dakit. Ze erran izan didate ere ezin niela erran zer ikusiko zuten, bestela hori baizik ez baitzuten ikusiko. Batzuek atzera egin dute. Haiek esaten zutelako baimena izenpetu zutelarik ez zekitela zer izenpetzen zuten, eta egia da.

Zuk zeuk ere ez baitzenekien.

Hori da. Egin nuen lehen film bat Zuberoan, Haien gaztaroan iragana agerian; han, nirekin kolegioan izan ziren gazteak filmatu nituen, deliberatu zutenak hemen egotea. Ni Parisera joan nintzen, eta nire galdera zen ea nola dakizun nor zaren ez baldin bazara sekula joan. Zeren ni ohartu nintzen behar ukan nuela Zuberoa utzi nire nortasunaren xerkatzeko, lagunak egiteko eta beste. Ohartu nintzen ez zutela galdera honi erantzuten ahal, zeren, zure bizitza bizitzen ari zarelarik, ez duzu erraten hau edo hura egiten duzula honegatik edo horregatik. Filma bukatu nuelarik, pentsatu nuen: ados, ulertzen dut gauzak ohartu gabe egiten direla, eta nahi nukeela filmatu gure nortasunak nola egiten diren gu ohartu gabe, gure lehen mikrogizartean, eskolan. 2014an bukatu nuen nire lehen filma, eta 2014an hasi nintzen Txakun Txakür egiten.

Txakun Txakür filmeko irudi bat. Zuberoako ikastola bateko jolas
Txakun Txakür filmeko irudi bat. NUEVE CARTAS
Helduen esku hartzerik ia batere gabe ikus daitezke umeak. Eta elkarrekiko harremanez gainera, argi ikusten dira diglosia eta genero eraikuntza ere. Mutiko batek min hartzen duenean, esaterako, haren lagunek ez dute negarrez filmatua izan dadin nahi.

Haurtzaroa eta euskara ikertzen dutenei erakutsi genien telesaila, eta denek erraten zuten bazela hor lan egiteko asko. Haurrek euskara edo frantsesa nola erabiltzen duten ikusten da. Eta ikusten da haurrek ere nola bazekiten filmatuak izaten ari zirela, eta hori erakusten duten momentuak ere ikusten dira. Haurrek bazekiten zer egiten nuen eta telebistan eta filmean iganen zela.

Amaieran, halako erritu sendagarri moduko bat proposatzen diezu haurrei, bakoitzari izan nahi lukeen animalia izateko aukera eskainiz. Halako arazoak gainditzen saiatzeko eredu bat sortzea izan da erronka?

Rol joko horrek ematen ahal dio haur bati posibilitate bat bere nortasuna aldatzeko, besteen artean egon baina beste norbait izan ahal izateko. Urtebetez egin genuen rol joko hori, eta bakoitzak bazuen bere animalia kuttuna, eta botere magikoak ere bazituzten.

Eta funtzionatu du?

Bai!

«Ez dakit zerendako dokumentalgintza ez den hain komertziala, dena baitu komertziala izateko: bizitzen duguna kontatzen du!»

Zuk zeuk sortutakoa da filmeko musika ere, eta badirudi musika hori ere ia-ia musika dokumentala dela, kanta batzuk sortzeko filmatutako irudietako esaldiak erabili dituzu-eta, besteak beste.

Muntaketa lana egiten ari nintzelarik hasi nintzen musika egiten. Ari nintzen irudiak ikusten, eta ari nintzen bozaren idazten, eta momentu batzuetan ohartu nintzen [isilune bat] ez nuela deus erraten ahal. Haurrekin egoteko ene manera zen kantatzea. Haur txiki batek mina baldin badu zangoan, noiztenka, ez duzu deus egiterik, baina kantatzeak ematen du laguntzeko beste manera bat, eta horrela hasi nintzen musika egiten. Ni bakarrik hasi nintzen ordenagailuaren aitzinean, eta gero ene anaiarekin [Oihan Oliarj-Ines-ekin]. Filma egin eta gero gehitzen dugu musika, baina iruditzen zitzaidan nire egiteko maneran musika kasik istorioaren barruan zela.

Ez-fikziozko lana da, haurtzaroari buruzkoa, euskaraz… Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu duzue lana orain; zer ibilbide izan dezake gerora?

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak berak ere erran dit filma oso maite izan duela, baina oso zaila izanen dela saltzeko. Niretzat, dokumentala fikzioa baino interesgarriagoa da, zeren nik ez nuke hor dagoena asmatuko! Nola mugitzen diren haur horiek, zer rol duten, haien harremanak nola aldatzen diren… Ez dakit zerendako ez den hain komertziala, dena baitu komertziala izateko! Bizitzen duguna kontatzen du! Horrendako ez du ikusi nahi jendeak beharbada, gure errealitatearekin aski badugulako. Film honekin, entseatu gara bizi izan dugun baina ahantzi dugun errealitate bat erakustera, eta poesia ere sartu nahi genuen, ze bada poesia ere errealitatean. Momentukoz ez dugu Donostiakoaz beste emanaldirik, baina espero dugu filmari lagunduko diola, eta nahi nuke filma Euskal Herritik kanpora ere heltzea, hori baita ene borroka: filmak euskaraz egitea, baina Euskal Herritik kanpo ere ikusi ahal izan ditzaten. Oso zaila da hori, beti pentsatzen dutelako euskaraz baldin bada Euskal Herrian baizik ezin dela ikusi. Eta Donostia leku ona da horretarako ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA