Hileta zibilen gorakadan negoziorako aukera ikusi duen 45 urteko Tomas Martinez (Iñigo Azpitarte) eta idazkaritzat kontratatu duen antropologiako ikasle bat (Izaro Nieto) dira Azken agurra filmeko protagonistak. Aurreko urtean Zinemaldiko Sail Ofizialean Zeru ahoak telesailarekin egon ostean, harekin itzuli da Koldo Almandoz (Donostia, 1974) jaialdira, umore beltzetik eta noir zinematik edaten duen komedia batekin.
Nondik sortu zen filmaren ideia?
Uste dut bi gauzaren nahasketatik izan zela. Bata dolua izan da; gertukoren bat hiltzen denean, guztiok momenturen batean edo bestean pasatu behar izaten dugun gai unibertsal hori. Eta bestea, gizon heldu baten inguruko istorio bat kontatzeko gogoa. Badakit ez dagoela oso modan, baina nahi nuen gizon heldu zuri baten miseria txikiak erakutsiko zituen pelikula bat. Momentu bat non gure frustrazio guztiak agerian geratzen diren, non ikusten dugun amesten genuen hori guztia ez dela beteko, non ikusten duzun bizitza nola joan zaigun pasatzen.
Filma egin bitartean, aipatu zenuen gogaituta zeundela zinemara joan eta handik «diskurtso intelektual» batekin ateratzeko joeraz. Horri kontra egitea presente izan duzu?
Bai, baina ez kontra egiteagatik. Azkenean, niri gustatzen zaizkidan pelikuletatik edaten dut, eta helburua beti da ikustea gustatuko litzaidakeen pelikulak egitea. Horretan zorte handia dut. Argi nuen ez nuela hartuko agendan dagoen gai sozial edo dena delako bat, eta ikusi horren inguruan ze pelikula egin dezakedan. Niretzat egitekoa da istorio bat kontatzea, eta gero horrek iradoki ditzala hainbat gauza. Baina uste dut hori galdu egin duela gaur egungo zinemak.
Zer galdu?
Zinema kausa edo diskurtso baten menpe dago. Zinemara joatea ia-ia mezetara joatea bezala da. Gai baten inguruan zer pentsatu behar den esaten dizute, zer den ona pentsatzea. Anbiguotasuna galdu da, eta nik pelikula anbiguo bat egin nahi nuen. Ez ezinbestean pertsonaia maitatuko duzun pelikula bat, egoerak ondo sentiaraziko zaituen pelikula bat.
«Gaur, askotan, gure espektatibak beteko dituzten pelikulak ikustera joaten gara zinemara. Niri kontrakoa gustatzen zait: harritzea, eta magia izatea. Hori izan da saiakera»
Filmak badauka oreka zail bat; doluaren gaiak berekin dakarren sentiberatasuna umore beltzarekin, thriller ukituarekin eta samurtasunarekin nahasturik dago. Tonuarekin asmatzea izan da erronka?
Nik uste dut komedia malenkoniatsu samarra geratu zaigula. Niri gag komedia ez zait gustatzen; egitea ez behintzat. Baina bai nahi nuen apur bat klasikoa izango zen pelikula bat egin. Momentu irrigarriagoak, samurragoak, tristeagoak… izango zituena. Pelikula hasten denean, ikusleak pertsonaia bat aurkitzen du, nahiko zekena eta nazkagarri samarra, baina, apurka-apurka, beste zerbait ere agertzen da. Geruza horiekin jokatzea zen helburua; ordu eta erdiz zinemara joan, pelikula bat ikusi, eta ez sentitzea mezetara edo mitin batera joan zarela eta gero mundua konponduko duzula. Uste dut gaur egun, askotan, gure espektatibak beteko dituzten pelikulak ikustera joaten garela zinemara. Niri kontrakoa gustatzen zait: harritzea, eta magia izatea. Espero ez nuen zerbait ikustea. Gure txikian, hori izan da saiakera.
Ezer azpimarratu gabe, baina badira garaiari egindako kritikatzat jo daitezkeen keinuak ere. Protagonistaren telefonoko sintonia Internazionala izatea, adibidez.
Niretzat polita da ikusleak berak egitea irakurketa bat hortik, eta ez nik. Zinemagile gisara nik egiten badiot horren irakurketa bat, argumentario bat ematen diot, eta ez diot lekurik uzten. Ni, zinemagilea baino gehiago, ikuslea naiz, eta, zinemara joaten naizenean, hauxe nahi izaten dut: nik neuk egin bidea, eta ez beste norbaitek bide hori ezartzea. Baina, bai, Internazionala-rena hortik doa; zu oso komunista izan zaitezke eta, aldi berean, putakume galanta. Kontraesan horiekin ere jokatzen du filmak.
Protagonisten rolak jokatzen dituzten bi aktoreek hau izan dute lehen film luzea. Nolakoa izan da haiekin egindako lana?
Nik Iñigorekin pare bat gauza txiki eginak nituen aurretik. Eta oso Tomas ikusten nuen, bazegoen-eta zerbait harengan, itxura aldetik-eta. Hori oso argi izan nuen hasieratik. Izaro film labur batzuetan ikusia nuen, eta izugarria iruditzen zait. Duen indarra ez dator esperientziatik, berezkoa du; instintu moduko bat da, begiratzeko modu bat, txunditzen nauena. Gainera, aktore ezezagunak izatea ere nahi nuen, sinesgarritasuna hor egon zedin, nolabait. Hori pelikularen kontra doa, ze gero pelikula saltzeko askoz ere zailagoa da, jendeak aktore ezagunak ikusi nahi dituelako. Baina, noski, Izarok egunen batean ezaguna izan behar badu, nonbaitetik hasi behar du. Oso kontentu nago haien lanarekin; iruditzen zait bikote ederra egin dutela.
Beharbada, ikusle askok nabarituko dute Hondar ahoak eta Zeru ahoak telesailen segida kutsu bat filmean. Zuk ere sumatzen duzu?
Ez dakit, ez da nahita egiten dudan zerbait. Niri asko gustatzen zait pelikulak egitea —ez hainbeste pelikularen ostekoa—; gozatzen dut argazki zuzendariarekin egoten, soinukoarekin, artekoarekin... eta pentsatzea nolakoa izan beharko lukeen bulegoak, nola egingo dugun soinua, nola mugituko dugun kamera. Hor, bila aritzen gara, eta bilatze horretan, bai telesailetan eta bai hemen, ateratzen dira norberaren gustuak eta egiteko moduak. Nik uste dut pelikulak ez duela zerikusirik ez gaian ez tonuan, baina badaude erreferentzia konpartituak, bai.
«Hemen nolabaiteko burujabetza kultural eta identitario bat nahi baldin badugu, gure erreferentzialtasuna sortu behar dugu. Ez litzateke gauza bera filmean Anari jartzea edo Shakira jartzea»
Anari musikariarena, adibidez.
Niretzat erreferentziak oso garrantzitsuak dira. Batetik, nik Virginie Despentesen liburu bat irakurtzen dudanean, nahi dudana delako Virginie Despentesen liburu bat izatea. Gero izango da izango dena, baina haren ikuspegiaren bila aritzen zara. Eta, bestetik, uste dudalako guk hemen nolabaiteko burujabetza kultural eta identitario bat nahi baldin badugu gure erreferentzialtasuna sortu behar dugula. Ez litzateke gauza bera Anari jartzea edo Shakira jartzea. Nire erreferentzia Anari da; entzuten dudanean, nire mundua hori da, eta sentitzen dut gutxi batzuen mundua dela. Eta hori oso guai da, eta gure lanetan barneratu behar ditugu. Amorru handia ematen dit euskal zinemaz aritu bai baina gero erreferentzialtasun guztia erdalduna izateak.
Euskaraz izateaz aparte, badira istorioa Euskal Herrian kokatzen duten elementuak ere; lehen sekuentziako ikurrina eta txistu doinuak. Inportantea da zuretzat kontakizunari lur konkretu hori ematea?
Bai. Azken agurra, gainera, hemengo dantza bat da, eta hori hemen edo kanpoan oso ezberdina da. Orain, pelikula Varsoviako Zinemaldira doa, eta haiei esplikatzea zer den agurreko zeremonia hori... Sekuentzia horretan mendiak, ikurrina, errautsak eta halakoak daude... eta hor mila konexio sor daitezke. Batek igual zera esango dizu: «ikurrina eta errautsak, herri honek eragindako mina»; beste batek, berriz, «eolikoak gaur egun gure mendietan»... Tira, ikusleak espazio hori behar du bere interpretazioak egiteko. Nik asmo batekin sortu dut, baina, beste norbaitek beste zerbait topatzen badu, zoragarri.
Zure lanetan errepikatzen den beste elementu bat ere badago filmean: nolabaiteko periferiak filmatzeko interesa. Bazegoen Oreina-n, baita azken telesailetan ere, eta film berriko lekuek ere ihes egiten diote ohiko Donostiari. Groseko galeria zahar batzuk ageri dira, zentrotik urrun dagoen taberna bat, Errenteriako boxeo klub bat...
Bai, argi eta garbi. Donostiako zentroa bakarrik Madrilen bizi diren euskaldunei interesatzen zaie. Nire ama Altzakoa da; lagunak han ditu, Altzan, Pasaian; harentzat periferia Donostiako zentroa da. Errenteriako jendearentzat periferia Maria Cristina da. Jende horientzat erdigunea bere etxea da. Ni ere ez naiz Donostiako zentroan bizi. Nik filmeko galeria horiek txiki-txikitatik ezagutzen ditut. Nire aitona-amonak Grosen bizi ziren, eta orduan bazeuden tapiztegi batzuk eta erloju dendak, eta aitonarekin beti ibiltzen nintzen hor zehar. Hori bere egunerokoa da jende askorentzat. Pelikuletan ez dela azaltzen? Ados, baina niri erdigune horiek erakustea asko interesatzen zait. Bidebieta, Trintxerpe, Gros, Errenteria... Jendea toki horietan bizi gara.
Leku «arruntekin» batera, jende «arrunta»?
Nire mantretako bat da epikotasunik gabeko filmak egitea. Epikotasuna eguneroko egoeretan topatu daiteke, eta horixe bera interesatzen zait; zineman, literaturan… Jim Jarmushen pelikulak ikusten ditut, eta istorio horiek interesatzen zaizkit. Pertsonaiak ez dira inor; auzokide bat da, edo autobus gidari bat... Denetatik existitu behar da, baina niri gehiago esaten dit horrek.
«Euskaraz lan egiteak nonbait kokatzen zintuen lehen, baina gaur egun ez. Lehen euskaraz egiten zuen jende askok gaztelerari eman dio lehentasuna orain, arrakasta Espainian dagoelako»
Ikusle euskaldun askoren kasuan, litekeena da kalitatezko fikzioa euskaraz gozatu ahal izateagatik ere emozionatzea, apenas baitu aukerarik. Hori zer da zuretzat?
Patetikoa. Horrek erakusten du nola gabiltzan, horrek ematen du egoeraren neurria. Zerbait euskaraz entzuteak oraindik emozioa sortzen badu, hori da Brasilen yanomami bat izatea, Amazoniara itzultzen denean amonarekin bere hizkuntzan hitz egin eta emozionatzen dena. Hori musikarekin ja ez zaigu hainbeste gertatzen, edo literaturarekin. Zinemarekin zera gertatzen da, denek esaten dutela euskaraz egin behar dela, baina, gero, egin behar denean ez dela egiten. Eta oso erraza da: egitea da kontua. Zergatik ez da egiten? Euskarak ez duelako arrakastarik bermatzen. Esaten dugunaren eta egiten dugunaren artean tarte handia dago, hasi zinemagileongandik eta buka Eusko Jaurlaritzako azken puntan. Hemen jendeak Goya sariak nahi ditu, eta Feroz sarietan arrakasta izan. Eta baleko ikusten dut, baina ez da nire zirkuitua.
Varsovian Sail Ofizialean izango da pelikula, lehiaketarako. Nazioarteko zinemaldi gehiagok ere hartu dute, eta horrekin oso pozik gaude. Goya sarietarako izendatzea baino nahiago dut nik hori. Ikustea pelikulak hemendik kanpo norbaiti esan diola zerbait. Hau guztia [Maria Cristina hoteleko joan-etorriari begira] BBK Live da. BBK Live guai dago? Izan liteke, baina gozatu, beste zerbaitekin gozatzen dut nik.
Beste lan bat ere baduzu ikusgai jaialdian, Gorka Bilbaorekin batera zuzendutako Itzalak argitzen dokumentala. 1980ko hamarkadako lau filmen zaharberritzeari buruzkoa da: Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986). Gaur egungoarekin alderatuta, zer pentsarazten dizu orduko egoerak?
Ba erabat lotzen da esaten ari nintzenarekin. Hura izan zen Eusko Jaurlaritzak egin zuen apustu bat euskarazko filmak egiteko. Egin zen apustua, egin ziren filmak, eta, eten zenean, bukatu ziren euskarazko filmak. Eta hori da. Hemen, azkenean, apustua egin behar dugu denok. Batetik, egileok; nahi badugu behintzat, ze igual ez dugu nahi, baina gero ez eman mitinik. Eta baita ikusleok ere, eta hau bideratzeko ardura dutenek. Ez badugu interesik euskarazko zinema egiteko, ez dezagun egin eta kito. Baina ezin da zerbait kosmetikoa izan, simulakro bat. Niretzat, euskal zinemaren kontu hau guztia simulakro handi bat da orain.
Askotan nahastu egiten dugu gustatuko litzaigukeena eta errealitatea. Gustatuko litzaigukeena hartzen dugu errealitatetzat, eta ez da. Mitoaroan bizi gara: dena da ebentoa orain. Ez dauka hainbesteko garrantzirik zer egiten den, nola, nork. Hori guztia galdu dugu. ETA ez dagoenetik-eta, jende asko lasaitu da. Euskaraz lan egiteak nonbait kokatzen zintuen lehen, baina gaur egun ja ez; lehen euskaraz egiten zuen jende askok gaztelerari eman dio lehentasuna orain, arrakasta Espainian dagoelako. Nobela Espainian editatzea, Espainian itzulia izatea, Ser katean elkarrizketatua izatea edo Broncanoren programara joatea. Hori gara. Ez da ez txarra, ezta ona ere, baina onartu dezagun behintzat.