Ana Arsuaga
Bi ahotsetara

Zinemaldia I

2026ko irailaren 27a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bueltan naiz, sei hilabete inguru kontzerturik eman gabe egon eta gero, haurdunaldiko azken hilabetetik amatasun bajak iraun didan arte. Orain hemen nago, Zinemaldiko inaugurazio galan abesti bat jotzera noala, alabak eta mutilak agertokiaren atzealdean begiratzen duten bitartean.

Atzo entseguak izan genituen. Telebistak egingo zuen errealizazioa ikusi nuen pantailetan, eszenatokia nola izango zen, argi-diseinua… eta konfiantza eman zidan, hori dagoeneko dotorea zelako; abestia jantzi egingo zuelako.

Entseguetan, gazte batzuek, han praktiketan edo egongo zirenek, famatuak ordezkatzen zituzten, eta, beraz, pantailako errotuluan «Orlando Bloom. Aktorea» irakurtzen zenuen bitartean, Realeko kamisetarekin jantzita zegoen mutil bat ikusten zenuen, diskurtso bat asmatuz, eskerrak emanez, pintxoak onak zeudela esanez… Gero, Donostia Saria Werner Herzogi (beste gazte bati) ematen zion, eta saria ur termo bat zen, etiketa kendu gabe zeukana.

Entsegu erdia barrez pasa genuen eszenatoki atzean. Nik ez neukan ordezkorik; pena bat.

Hurrengo eguna da, eta gala erreala iritsi da. Beste behin entseatu dugu, eta abesteaz gozatu dut, baina Kursaala oraindik hutsik dago, noski.

Alfonbra gorrirako momentua iritsi da. Myriamek ekarritako diseinuetatik, jantzi bat aukeratu dut alfonbrarako, eta beste soineko bat abesteko. Alfonbrara atera naiz. Korridorea luzea egin zait, jendea begira dago, baina isilik, noski, inork ez dakielako zein naizen. Mutil batek argazki bat eskatu eta «barkatu, nor zara?» garrasi egin dit ondoren. «Verde Prato» esan diot, «Zerrr??» erantzun hark. Elkarrizketa txiki bat egin didan kazetari batek —elkarrizketa fresko eta frenetiko horietako bat— «Zein pelikulak kargatzen dizkizu pilak?» edo horrelakoren bat galdetu dit, eta nire burmuina huts existentzial batean murgiltzen nabaritu dut. Animaziozko pelikula bat aipatuz erantzun diot azkenean, gainera, isiltasun segundo gehiago ezin izan ditudalako jasan.

Photocall-ean, kamerak eta flashak. «Zuk galan parte hartzen duzu?» dio pinganillodun emakume batek. «Bai, Verde Prato naiz, abestu egingo dut galan», nik. «Bai, banekien zerbait». Eta kamerei hots egiten die: «VERDE PRADO da, VERDE PRADO», oihu egiten die, bere indar guztiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA