Literatura

Zinemaren eta literaturaren arteko harremanaz hitz egingo dute aurtengo 'Euskal literatura Nafarroan' jardunaldietan

Nafarroako literaturak duen «loraldia» gizarteratzeko gogoak bultzatu ditu antolatzaileak. Solasaldi bat egingo dute ostiralean, eta poesia errezital bat larunbatean; biak, Iruñeko Kondestablearen jauregian.

Castillo Suarez, Paskual Rekalde, Aitziber Campion eta Jabier Arakama, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Castillo Suarez, Paskual Rekalde, Aitziber Campion eta Jabier Arakama, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2026ko maiatzaren 4a
15:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Castillo Suarez euskaltzain eta idazleak uste du Nafarroako literaturak «loraldi bat» duela, baina ez daki idazle eta lan horiek egiazki ezagutzen ote diren ere: «Inoiz baino sortzaile gehiago daude Nafarroan, baina Nafarroako gizarteak ezagutzen al du sortzen den hori? Ezagutzen al ditu sortzaileak?». Kezka horri aurre egiteko antolatu zituzten iaz Nafarroako euskal idazleei buruzko jardunaldiak, eta kezka horrek eraman ditu aurtengo jardunaldiak antolatzera. Iazko aldian, euskal literaturak Nafarroan azken 50 urteetan egindako ibilbideari erreparatu zioten; aurten, berriz, literaturaren eta zinemaren arteko loturan jarriko dute jopuntua. Ostiralean eta larunbatean egingo dituzte saioak, Iruñeko Kondestablearen jauregian.

«Inoiz baino sortzaile gehiago daude Nafarroan, baina Nafarroako gizarteak ezagutzen al du sortzen den hori? Ezagutzen al ditu sortzaileak?»

CASTILLO SUAREZ Euskaltzaina eta idazlea

Hasieratik antolatu ditu jardunaldiak Euskaltzaindiak, eta hainbat idazlerekin aritzen da elkarlanean. Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntza jasotzen dute horretarako, eta, antolatzaileek adierazi dutenez, zera dute asmo nagusia: «Nafarroan sortzen diren lanak eta euskaraz idazten duten idazleak ezagutaraztea eta hauspotzea».

Zinema eta literatura izeneko solasaldiarekin hasiko dira aurtengo Euskal literatura Nafarroan jardunaldiak, ostiralean. Lau kide batuko dituzte mahai inguruan: Pello Lizarralde idazlea, Imanol Rayo zinemagilea, eta Gaizka Izagirre zinema aditua eta Begoña del Teso zinema kritikari, biak BERRIA egunkariko zutabegileak. Zinemarako egokitu diren literatur lanei buruz arituko dira, besteak beste, bai eta egokitzapen prozesuan gainditu beharreko erronkei buruz ere. Ariane Kamio kazetariak gidatuko du saioa.18:30ean izango da, Kondestablearen jauregian. 

Bestalde, maiatzaren 9an, Poesiagintza berri bat zedarritzen poesia errezitala egingo dute, 12:00etan, hori ere Kondestablearen jauregian. Bertan izango dira Uxue Juarez, Hasier Larretxea eta Arantzazu Lizartza nafar poetak, eta, horrez gainera, saioa musikatuko du Alicia Erkuden Griffiths Turrillas harpa jotzaileak. 

Elkarlanaren emaitza

Aitziber Campion Iruñeko Udaleko Euskara, Hezkuntza eta Herritarren Partaidetza alorreko delegatuak dio euskararen prestigio soziala handitzeko ezinbestekoak direla kultura eta sorkuntza: «Iruñea ez da soilik jardunaldi hauen agertoki, euskararen eta euskal kulturaren bizileku ere bada, eta izan nahi du; gainera, geroz eta gehiago». Dioenez, horren erakusle dira Euskaltzaindiaren Euskal literatura Nafarroan jardunaldiak, eta uste du literatura zinemarekin lotzeak jardunaldien eragiteko gaitasuna handitzen duela. Hala iritzi dio Jabier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ere: «Azken urteotan, zinema euskararen ispilu bikain bihurtu zaigu, eta erakutsi digu zenbait muga, nahiz eta apurtu ezinak iruditu askotan, gainditu daitezkeela zenbaitetan». 

«Nafarroako literatura oso Iruñekoa eta oso Iruñerrikoa da», azpimarratu du Suarezek. Izan ere, nafar literaturak gorakada bat izan duela uste badu ere, orain arte «ikusezina» izan dela dio, eta, oraindik ere, Iruñerrian gotortzen dela gehien. Halere, gabeziak sumatzen dituen arren, euskaltzainak nafar literaturaren lorpenak ere nabarmendu ditu: esaterako, literatur generoen arteko oreka —1975etik 2024ra bitarte 134 nobela, 97 saiakera eta 29 antzerki lan argitaratu dira—. Horrez gainera, literaturaren sustapenean Nafarroako argitaletxeek egiten duten lana nabarmendu du: «Argitaletxe inportanteak ditugu, eta aipagarria da hori». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA