Zirudiena ez zen, eta ez da

Rene Magritte jaio zenetik 125 urte bete dira gaur. Surrealismo belgikarraren erreferente nagusia izan zen artista. Ikuslearen pertzepzioa zirikatzea zuen tema, irudiekin eta hitzekin jostalari.

20230814132333_img_5438(2)
Rene Magritten jaiotzaren 125. urteurrenaren harira Bruselako kale batean pintatutako horma irudia. EDURNE MOLINERO
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko azaroaren 21a
05:00
Entzun

Irudipenaren eta egiazko izatearen tartean eta artean aritu zen erosoen Rene Magritte (Lessines, Belgika, 1898 - Brusela, 1967). Surrealismoarekin eta errealismo magikoarekin ia etenik gabeko maite jolasean, artistak behin eta berriz aldarrikatu zuen gauzak inoiz gutxi direla diruditen hori. Are: ideia bat ezin dela begiz ikusi, ezpada, gehienez ere, ideia horren irudikapena. Asmamenez, eta konposizio estrainioak sortuz, ikuslearen pertzepzioa zirikatu zalea izan zen Magritte. Margolariaren jaiotzatik 125 urte bete dira gaur, eta urtarriletik ari dira ekitaldiak antolatzen. Bruselako zenbait kale artistaren obra sonatuenetan oinarrituz eginiko horma irudiz apainduta daude udatik, urtarrilaren 7ra bitarte.

Haurra zelarik hasi zen pintatzen Magritte, baita marrazketa eta pintura eskolak hartzen ere. Chateleten hartu zituen lehenbiziko eskolok, eta Bruselako Arte Ederren eskolan aritu zen gero, 1916tik 1918ra. Garai hartan, lan inpresionistak eta orfistak ondu zituen batez ere. Bruselako Artearen Zentroan ireki zuen bere lehenbiziko erakusketa, 1920an, Pierre-Louis Flouquetekin. Baina Magrittek laster egin zuen topo surrealismoarekin, bestela bezala. Lagun batek Giorgio de Chirico artistaren Maitasun kanta obra erakutsi zion 1922an, eta, urteetara, Magrittek aitortu zuen lan horrek inoiz ez bezalako sentipen bat piztu ziola barrenean. «Nire begiek pentsamendua ikusi zuten lehenbiziko aldiz». Orduz geroztik, kasik salbuespenik gabe izan zitzaion leial surrealismoari, hark ematen zizkion aukerek txoratuta. «Surrealismoa iraultzailea da, mundua egungo baldintza lazgarrietan atxikia duten balio burgesen etsai menderaezina delako».

Publizitaterako eta ilustrazio lanetarako jarduten zuen bitartean, Magritte segituan bihurtu zen surrealismo belgikarraren erreferente handi. Ordea, propio eta bakarrik osatutako lehenbiziko erakusketak ez zuen batere harrera onik izan —1927an ireki zuen, Bruselako Zentauro galerian—, eta, ondorioz, Frantziara mugitu zen, han bide hobe bat aurkituko zuelakoan. Asmatu zuen, nonbait. Izan ere, han bai, arrakasta handia lortu zuen, baita surrealismoaren bueltako hainbat artistarekin harremanak ehuntzea ere. Parisen ezagutu zituen, adibidez, Andre Breton, Paul Eluard, Salvador Dali, Max Ernst eta Joan Miro. Dena dela, Magrittek ez zuen luze iraun Frantziako mugimendu surrealistan. Batik bat Bretonekin zituen desadostasunak tarteko, Bruselara bueltatu zen 1930ean, eta han segitu zuen pintatzen.

Gozamena pinturan

Bigarren Mundu Gerrak erdiz erdi oztopatu zuen Magritten jarduera artistikoa aldi batez. Ordea, pintura ez beste diziplina batzuetan tinko aritu zen orduan, eta 1939an Arte burgesaren kontratua liburua idatzi zuen, Louis Scutenairerekin batera. Lan horretan, besteak beste, gogor kritikatu zuen «hipokrisia kapitalista», argudiatuz injustizia soziala ukatu besterik ez zuela egiten. Halaber, gerraz geroztik bere obran bistaratu ziren zenbait aldaketa ere esplikatu zituen lan horretan. «Niretzat, plazerak eta lilura adieraztea da artea. Gerraren aurretik, nire lanek antsietatea islatzen zuten. Orain, gatazka eta gerraren sufrimendua ezagututa, gozamena ospatzea da gehien inporta zaidana, begientzat eta buruarentzat. Askoz errazagoa baita izutzea, liluratzea baino. Errutinaren itsustasunagatik, gure mundua ez da batere atsegingarria, eta horregatik da nire pintura bataila bat, kontraeraso bat. Mundua hain da estrainioa, inoiz lortuko dugu guztiz ezagutzea?».

Mundu erreala antzemateko bere manera utzi zuen agerian Magrittek pinturaren bitartez, eta, jardun horretan, artistak urteetan izan zuen teman, adibidez, objektuen eta hitzezko lengoaiaren arteko harremanari buruzko gogoeta. Erne egin zion so hari, eta jostetarako bide izan zuen sarri, gainera. Alderdi hori aise erakusten du Irudien traizioa izeneko serieak. Bilduma horretan, lan bat da sonatua, batik bat: Ceci n’est pas une pipe (Hau ez da pipa bat) esaldia idatzia duena. Obra hori 1929koa da. Harridura handia sortu zuen garaian, eta sarri erantzun zion Magrittek erreakzio hari. Beti antzeko: «Pipa famatua. Zenbat aurpegiratzen didaten haren kontura! Baina, bistan da. Pipa hori bete al daiteke? Ez, irudikapen bat besterik ez da! Ezta? Pipa bat dela esanen banu, gezurretan ariko nintzateke!». Hala, beste objektuetara ere hedatzen zuen hausnarketa, gauzen izendapenak dudan jartzeraino. «Ezein objektu ez da hitz bati hain loturik, beste hitz batek hobeki ordezkatu dezakeela ukatzeko beste».

Zeru argiak gauez

Hitz idatzirik gabeko obren bidez ere jakin zuen irudien «traizioak eta «ezin ulertuak» ikusarazten. Biziki ezagunak dira margolanetan hainbatetan irudikatu zituen kapeluak, sagarrak –aurpegiak estaltzeko erabili izan zituen askotan, Gizonaren semea (1964) izeneko obran kasurako–, edo zeru arraroak. Ezagun dira, adibidez, Argiaren inperioa bilduman margotu zituenak. Artistak hala esplikatu zuen obra, 1956an Guggenheim saria irabazi berritan eginiko elkarrizketa batean: «Gaueko paisaia bat, eta soilik egunez ikus genezakeen zeru baten tankerakoa gainean. Paisaiak gauari egiten dio dei, eta egunari ere bai. Botere horri honela deitzen diot nik: poesia».

Bada sarri errepikatu zuen beste elementu bat: aurpegia oihalez estalita ageri diren pertsonak. Maitaleak (1928) da lan horien artean ezagunena; hain justu, koadro hori oinarri duen murala da egun Bruselako horma irudietan daudenetako bat. Hainbat adituk iritzi diote elementu horrek artistaren amaren heriotzarekin duela zerikusia. Magritten amak bere buruaz beste egin zuen hark 14 urte zituenean, ibai batean itota, eta ohe atorrak aurpegia estaltzen ziola aurkitu ei zuten. Dena dela, artistak inoiz ez zuen baieztatu irudi horretan inspiratu zenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.