Bernardo Atxagak berak onartzen duenez, «erabilezina» zitzaion erregistro errealista kontatu nahi zuena kontatzeko. Bestelako bideak behar zituen, orokorrean, Euskal Herriak 1970eko hamarkadan bizi zuen giroa, eta, zehatzago, berak soldaduskan ezagututakoa kontatu ahal izateko. Larritasuna. Biolentzia. Agintekeria. Izua. Oihal bat bezala apartatu zituen horregatik Honoré Balzac, Ernest Hemingway, Calo Levi, Heinrich Boll eta beste, eta zuzenean jo zuen Franz Kafka, Eugene Ionesco, Antonin Artaud, Samuel Becket eta Alfred Jarryrengana. Francisco Franco artean bizirik zela hasi zen bere lehen liburua izango zen Ziutateaz eleberri hibridoa idazten, eta 1976an eman zuen argitara, azkenik, diktadorea hil eta hilabete gutxira. Justu duela 50 urte.
Txatalez txatal, poemak eta kontakizunak tartekatuz, pertsonaia grotezko batetik bestera iraganez, bortizkeriaz betetako giro hertsagarri eta krudela irudikatzen du lanak, horretarako, besteak beste, ausazko hilketak, nekrofilia kasuak eta exekuzio publikoak deskribatuz. Baina liburuan inongo datarik edo kokapen geografikorik aipatzen ez bada ere, idazlearen hitzetan, mende erdiaren ostean, gaur egun, berriz ere bere lehen lan hari begiratu, eta garai haren «angustia» ikusten du oraindik bertan itsatsita.
Nobelaren argitalpenaren urteurrenaren harira, egun beteko jardunaldia antolatu du Euskaltzaindiak Bilboko egoitzan, Miren Agur Meabe idazle eta euskaltzainak gidatuta. Goizez, Joseba Sarrionandia idazleak eta Mari Jose Olaziregi, Irati Majuelo eta Beñat Sarasola doktore eta literatur irakasleek hartu dute hitza, eta arratsaldez Atxagak berak liburuko pasarteak irakurri ditu, Gari musikariarekin eta Jose Kruz Gurrutxaga aktorearen laguntzaz. Horrez gainera, eguneko hitzaldi guztiak biltzen dituen argitalpen bat ere kaleratu du Euskaltzaindiak, Galda izeneko bilduman, eta Atxagak berak okasiorako sortutako testu bat ere atxiki dio gehigarri modura. Eta, hain justu ere, hor datoz idazlearen erregistro errealista baliatzeko ezintasunari buruzko gogoetak. ,
«1970eko hamarkadan denoi pasa zitzaigun historia eta errealitatea gainetik, era diferenteetan bakoitzari, baina 1970eko hamarkadak historiara sartu gintuen»
JOSEBA SARRIONANDIA Idazlea
1970eko hamarkada izan du mintzagai Sarrionandiak ere bere hitzaldian. Idazleak gogoratu duenez, Bernardo Atxagak berak ere maiz aipatu izan du, oraindik ere gazte zela, Andoainen egindako Rikardo Arregiren hiletarekin piztu zitzaiola euskal kontzientzia lehenengoz. 1969an izan zen hori. Eta Sarrionandiak esan duenez, bere kasuan, eskuetan esne botila bete berri bat zuela harrapatu zuen historiak 1970ean. «Burgosko Epaiketa egin zutenean, nik 12 urte nituen», gogoratu du. «Orduan esnea hartzera joaten ginen egunero, arratsaldeko zazpietan, eta kristalezko botilatxo bat eramaten genuen, betetzeko. Dendan egon nintzen ni ere egun hartan, esnearen zain, eta irtetean manifestazio batekin egin nuen topo, eta bat-batean manifestazio baten erdian nengoen, eta ni esne litro botila horri ezin eutsiz. Botilaren hiru laurden galduko nituen, nik uste, eta mailatuta iritsi nintzen etxera, eta, uste dut 1970eko hamarkadan denoi pasatu zitzaigula historia eta errealitatea gainetik, era diferenteetan bakoitzari, baina 1970eko hamarkadak historiara sartu gintuen. Momentu oso berezia izan zen, aldaketa asko izan ziren, eta zurrunbilo batean sartu ginen hurrengo urteetan».
Garai hartako idazleek, inguru orokorraren kontra ez ezik, ordura arteko euskal literaturaren kontra ere aritu behar izan zutela aipatu du Sarrionandiak. Eta zehazki jarrera horrekin lotu du, Ziutateaz heldu baino lehen, Bernardo Atxagak eta Koldo Izagirrek 1975an kaleratutako Panpina ustela literatur aldizkaria. «Jarrera kontrakultural batekin, ordura arte egindakoa kuestioan jarri behar zen», azaldu du Sarrionandiak. «Aurreko guztiaren kontra geunden, euskal literaturaren kontra ere bai, baina praktikan ez zegoen ia euskal literatura ofizialik haren kontra egiteko, eta zegoen azkena zen Gabriel Arestik utzitako hori, eta Panpina ustela zen zuzenki, euskal literatura guztiaren aurkako jarrera, eta berriz ere zerotik hasi beharraren aldarri bat».
«Duela 50 urte, Atxagak lortu zuen esan daitekeenaz harago joatea, eta krudelkeria horrentzako hitz egokiak aurkitu zituen»
IRATI MAJUELO Literatur aditua
Franco hil ostean, gizartearen zatirik handienak erreforma sozial handiak espero zituela aipatu du Sarrionandiak, eta, haien artean, gainera, bazirela, berak bezala, iraultza nahi zutenak ere; «pazientzia gutxiago genuenok». Esperotako aldaketa horiek ez ziren esperotako neurrian gertatu, ordea, eta horrek «deslilura» garai bat abiatu zuela uste du idazleak. Eta, haren hitzetan, deslilura horren araberakoa zen garaiko idazle haien literaturaren ahalari buruzko ikuspegia ere. Aurretik, Arestik gizartea eraldatzeko mailutzat irudikatu zuelako poesia, adibidez, eta, aldiz, Sarrionandiaren aburuz, bestelakoa zelako Atxagak sustatutako aldizkariaren espiritua. «Deslilura horren joera paralelo bat izan zen Panpina ustela», azaldu du. «Literatura da panpina ustel bat, panpina itsusi bat, ezertarako balio ez duena, gehienez ere sentsibilitatea aldatu dezakeena, eta ezin duena ezer aldatu. Eta gerora ikusi da politika bera ere panpina ustela dela». Eta, idazlearen arabera, horren guztiaren oihartzuna dakar Ziutateaz liburuak.
Hiriaren gatazkak
Atxagaren liburuaren balioa nabarmendu du Irati Majuelok. «Duela 50 urte, Atxagak lortu zuen esan daitekeenaz harago joatea, eta krudelkeria horrentzako hitz egokiak aurkitu zituen».
Euskal literaturan hiriak izan duen irudikapena hartu du hizpide Majuelok batez ere, eta, gogoratu duenez, inguruko beste hainbat literatura hegemonikok baino beranduago heldu dira kontakizun urbanoak euskal letretara. «XX. mendean ongi barneratuta ere, euskal irakurleen iruditeria paisaia idealizatuek eta pertsonaia lauek finkatu dute, eta, ondorioz, gatazka narratiboak marko horren barnean sar zitekeenak izan dira». Eta, horregatik azaldu du, hiriaren agerpenak gatazka multzo berri baten agerpena ere ekarri duela. «Euskal literaturan hiriak bere lekua egin ahala, aukera irekitzen joan da ordura arte posible ez ziren gatazkak eta eztabaidak agertzeko. Horren erakusgarri da Ziutateaz».
«Izugarrikeriari aurrez aurre begiratzea ezinezkoa denean, itsutu egin gaitzakeenean, mundu arraroak eta umore beltza izan daitezke geratzen zaizkigun aukera bakarrak hara zeharbidez iristeko»
BEÑAT SARASOLA Literatur aditua
Majuelok zehaztu duenez, ordea, «oso zaila» da Ziutateaz liburuko hiria sailkatzea. «Ziutate hau ez da gure gizartearen eta mendebaldeko gizartearen sorrera mito bat ordezkatzen duen hiri bat, ez da industrializazioaren osteko hiri moderno bat, ez eta idatzi zen garaiko hiri bat ere, guztien ezaugarriak biltzen ditu, baina beste zerbait da; nolabaiteko munstro bat da».

Ziutateaz idaztean Atxagak Kafkaren literaturarekiko zuen lilura nabarmendu du Beñat Sarasolak jardunaldietarako prestatutako artikuluan. Azaldu duenez, alde batetik, testuan argia da pertsonaiarik sadikoenek Francoren figurari egiten dioten erreferentzia, baina, era berean, erreferentzia geografiko eta tenporalik ez dagoenez, horrek «erraztu» egiten du kontakizunak «balizko agertoki batetik bestera jauzi egitea» ere: «Borrero Nagusia Franco izan daiteke, baina, zergatik ez, gaur egungo testuinguruan, baita Donald Trump edo Benjamin Netanyahu ere».
Umore mingarria
Krudelkeria betean ere, Atxagaren lanak umorea ere baduela uste du Sarasolak. «Ernagagarria eta mingarria» suerta daitekeen umorea, betiere. Baina, zehazki, umore ezinezko horri erreferentzia eginez borobiltzen du bere artikulua ikerlariak. «Nola erretratatu, bestela, errretratu ezin daitekeena? Izugarrikeriari aurrez aurre begiratzea ezinezkoa denean, itsutu egin gaitzakeenean, mundu arraroak eta umore beltza izan daitezke geratzen zaizkigun aukera bakarrak hara zeharbidez iristeko».
«Eleberrian tiraniaren mapa bat eskaintzen zaigula onartuz ere, ‘egilea bera da mintzo orain’ izendatuko den atalean, hitzaren garrantzia aldarrikatzen da»
MARIJOSE OLAZIREGI Literatur aditua
Mari Jose Olaziregik elkarren ondoan jarri ditu Ziutateaz eta 1978an argitaratutako Etiopia poema bilduma ere. Adituarentzat Literatur lan «ausart» eta «apurtzaileak» dira biak, eta obsesio eta ardatz antzeratsuak partekatzen dituzte. Eta, hain zuzen ere, horregatik, bi lan horiek batzen dituen galdera batekin bukatu du jardunaldietarako prestatutako artikulua ere. «Galdera oso sinplea da: Ziutateaz-en ba al dago ia garai bertsuan Etiopia-n egileak erakutsiko duen baikortasunaren zantzurik? Erantzun azkarregi bat nahi izanez gero, erantzuna baiezkoa da. Lehenengo eleberrian tiraniaren mapa bat eskaintzen zaigula onartuz ere, ‘egilea bera da mintzo orain’ izendatuko den atalean, hitzaren garrantzia aldarrikatzen da, 'hitzak hustuak eta pitzatuak’ badirela onartuz ere, hitzak baitira ‘edozein autoritarismo mota alderatzeko’ modu bakarra».