Duela zortzi urte inguru izan zen, 2018ko azaroko igande batez. Astoa hartu, atzean gurdia paratu, eta, bere soinu tramankuluak eta mikrofonoa lagun izanik, Parisera joan nintzen kantua zuzenean eman eta grabatu zuen, non eta Donostiako Kontxako hondartzako pasealekuan. Amorantek —Iban Urizar musikariaren izen artistikoa— osaba zenari eskainitako kantua da, hark behinola asto gainean Elgoibartik (Gipuzkoa) Parisera egindako bidaia gomutan hartuta. 20.000tik gora bistaratze dituen bideo xarmagarria da, zoriontasun amiñi bat sorrarazten duena.
Pasealeku horretatik Viktoria Eugeniako Klub aretora kilometro eskas egongo da. Han aurkeztu du Ez dot amaitu disko kaleratu berria, urriak 16 dituela, udazken giroko ostiral arrats euritsu batez. Lan berriko kantu guztiak jo ditu, Zaldunarena izenekoaren salbuespenarekin, eta jo ditu lehenagoko pieza zenbait, eta baita oraindik grabatu gabekoak ere. Kontzertuaren amaiera aldera azaldu da, esaterako, osabari eskainitakoa, dantzarako erritmoan, Amorantek berak aulki gainean dantza egin baitu gerri, aldaka, soin, beso eta esku.
Diskoko kantu leunenetako bat da Una petita canço, Amorantek katalenez idatzi duen aurrenekoa. «Maite dut Kataluniako kultura. Katalanez hitz egiteko gai naiz; ez horrenbeste ondo idazteko, baina hau egin dut. Gauza asko ez ditut egiten ondo, baina sinetsi nahi nuke zoriontasun txoko txiki bat lortzeko gai naizela nire musikarekin», esan du kantua aurkezterakoan. Horixe dio kantuak ere. Tempo geldoa, pausatua, teklatuarekin zedarritua; western mediterraneo bateko atmosfera, eta bukaeran tronpeta... beti tronpeta.
«Gauza asko ez ditut egiten ondo, baina sinetsi nahi nuke zoriontasun txoko txiki bat lortzeko gai naizela nire musikarekin»
AMORANTE Musikaria
Erritu bat hasieratik
Bi telebista monitore txiki alde banatan, eta haietan etengabe artistaren eskuen zuzeneko irudiak, oraintxe teklatuaren gainean, oraintxe efektu eta loop aparatuen laztanean, oraintxe tronpetaren ferekan. Oholtzaren atzean, Itziar Garaluzek sortutako irudiak islatzeko pantaila handi bat. Eta, guztiaren erdian, egurrezko aulki batean eserita, sortzailea, errituaren gidaria, xamana, tresnaz eta aparatuz inguratua —harmoniuma, tronpeta, loop-ak eta beste—.
Kontzertua eskaintzen baitu Amorantek, baina ez hori bakarrik; gertakari kolektibo berezi bat sortu nahi du, mistikotasun laiko batean gorpuztutako transzendentzia bat eragin nahi du. Kantuak samurtasunez bezainbat umorez aurkezten ditu, kritika eta autokritika zertzeladaz. Eskuak darabiltza dantzarako nola barnera biltzeko. Gorputzaren mugimendua, keinuak. Eta musika.
Meza batekoa izan litekeen teklatu organo baten doinuarekin hasi du erritua, hain zuzen ere, Uxue Alberdik idatzitako Eresia aitari izeneko pieza sentikor-katarkikoarekin. Besteak beste abesten du «hegan joan dira beleak» eta «azken hatsa du gabak». Zarata eta distortsioa bukaeran, eta atzean irudiak zuri-beltzean. Disko berrian ageri ez diren kantuetako bat da, eta hainbat poeta lagunek idatzitakoen artean lehena. Aitaren galeratik amaren akordura, Maria Luz Estebaben Amaren eskuak poema baita hurrena. Esku zaildu batzuen irudiak pantailan, eta Amoranteren beraren eskuak monitore txikietan. Perkusio programazioak. Tronpeta agertu da piezaren erdian, kantuari indar dramatikoa gehituz.
Tronpetarekin hasi du Negartegia ere, negar egiteko leku bat beharrezkoa dela galdegiten duen kantu grabatu gabea. Loop-ean grabatzen ditu tronpetak eta gainerakoak: abestia osatzeko prozesua bera erakusten du sortzaileak, nola egiten duen Mursego haren adiskideak ere. Hanka-sartze txiki baten ondorioz, hitzak inprobisatu egin ditu Amorantek, bertsolari baten gisara. Horrek ere osatzen du erritua. Harkaitz Cano entzuleen artean da, eta hark idatzia da Erreka, Harri Herri Har aurreko diskokoa (2023), musikariaren «kuttunetakoa». Hemen ere tronpeta, melodia elegante batez. Eta erreka baten gisan datorren drone soinua, indartsu...
Gertuko giroa sortzen du Amorantek zenbaitetan, baina ez dio muzin egiten esperimentatzeari ere, eta exijentea ere gerta liteke maiz, soinu mozketen eta eztanda zaratatsuen tarteetan, kasurako. Dantzaleku elektroniko ere bilatu du Kluba, Ahaideak berrian, esaterako. Reggaetonera hurbiltzen den erritmo bizi zoroak Iñigo Astizek idatzitako Usozalea-n —diskokoa ez den beste bat—, zeinetan zahar etxe batean bizi den amona usozale eta bokazio hiltzailedun baten istorioa kontatzen den. Garai bateko koplen molderantz egiten du «Disneyko maitasun ereduaren kontrako» Maitasunezkor-en.
Azken txanpa: zuzenean probatzeko gogoa zuen Setiatua berria, Niño de Elcherekin batera grabaturiko Aspaldiko orroak singlea —dronea eta tronpeta—, eta atsedenik gabe itsatsitako Excalibur —haizea eta erritmo eder bat, intziri laboatar batzuk eta amaiera zaratatsu bat irudi gorriz hornituta—.
Ezin bestela izan, tronpeta hutsez hasten den eta balea baten kantua imitatzen duen 52HZ-rekin eman dio finito-a kontzertuari, emanaldiari, errituari. Elementu askoren artean tronpeta gailentzen baita, batzuetan adierazkorrago, besteetan xumeago. Eta eskuak.
Zoriontasuna amiñi bat bihotzean hartuta atera da jendea.