Zortzi dantza ikuskizun eskainiko ditu Dantzaldia jaialdiak

Gaur hasiko du 24. aldia, eta, abendura bitarte, Euskal Herriko eta nazioarteko konpainiak ikusteko aukera egongo da.

Dantzaldia jaialdiaren aurkezpena, gaur goizean, Bilboko Rekalde aretoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko irailaren 26a
14:48
Entzun

Urte luzez nazioartean ibili ondoren etxera itzultzea erabaki duten euskal artistak omenduko ditu aurten Dantzaldia Bilboko Nazioarteko Dantza Jaialdiak. Horixe nabarmendu du gaur goizean Laura Etxebarria festibalaren zuzendariak, Bilboko Rekalde aretoan egindako aurkezpenean: «Joan-etorriko bidaia hori egin duten eta Euskal Herrian finkatuta dauden dantzari eta koreografo horiek ezagutzea da asmoa». Horren adibide izango dira Asier Zabaleta, Igor Calonge eta Olaia Valle, aurtengo egitarauan parte hartuko duten dantzariak. Zehazki, gaur arratsaldean abiatuko da 24. jaialdia, eta, abendura bitarte, dantza garaikidearen zenbait ezpal bilduko dituzte.

«Dantza garaikidea publiko zabalari helaraztea» du helburu jaialdiak, Etxebarriak azaldu duenez. Eta asmo hori betetzen ahaleginduko dira aurten ere. Gaur arratsaldean egingo dute lehenengo emanaldia, Bilboko Rekalde aretoan: Galiziako Colectivo Glovo taldeak Alleo lana aurkeztuko du. Esther Latorre eta Hugo Pereira konpainiako zuzendariek interpretatuko dute pieza, eta zaintza lana izango da abiapuntua.

Bilboko Arte Ederren Museoan izango da bigarren saioa, urriaren 3an. Chey Jurado & Javito Mario taldeak Samsara ikuskizuna eskainiko dute. Haren ondotik, Asier Zabaleta dantzari eta koreografoaren Ertza konpainiak Otempodiz aurkeztuko du. Museoaren eraikin zaharreko atarian izango da emanaldia.

Filipe Moreira koreografoaren txanda urriaren 29an izango da, Fundicion aretoan. Isiltasunari buruzko Escuta ikuskizuna eskainiko du.

Azaroan, berriz, hiru hitzordu egongo dira: Estevez & Paños konpainiak Triptico#1 aurkeztuko du; Jesus Rubiok Acciones sencillas; eta Madrilgo Stocos institutuak Oecumene. Hilaren 11n, 18an eta 23an izango dira horiek, hurrenez hurren.

Igor Calonge dantzari eta koreografoaren Cielo Raso konpainiak itxiko du aurtengo aldia, abenduaren 14an. Fikzioaren eta errealitatearen artean dabilen Hamaika emanaldia eskainiko dute.

Dantza eta ikus-entzunezkoak

Dantza emanaldiez gainera, zinema proposamen bat ere izango da jaialdian. Jean Nesprias, Philippe Oihanburu eta Koldo Zabala dantzariei buruzko dokumentala proiektatuko dute azaroaren 2an, Fundicion aretoan: Oroitzen naiz. 2011. urtean egindako koreografia bat jasotzen du ikus-entzunezkoak, eta dantzarien gorputzaren zahartzea irudikatzen du. Etxebarriaren arabera, baina, asmo nagusia ez da izango omenaldi bat egitea: «Hiru protagonistek dantzari eskaini diote euren bizi osoa; gizatasun osoa eman nahi dugu argitara». Mizel Theret aritu da zuzendari.

2000. urtean abiarazi zuen Dantzaldia Bilboko Fundicion aretoak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten du programa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.