Zuberoako artaldeen hotsa museoko pieza bilakatu du Nader Koochakik

‘Hots likidoa’ deitu dute Baionako Euskal Museoan sartu obra. Nader Koochakik Gipuzkoako Gordailuko eta Euskal Museoko burdina urtuz ekoitzi zituen joareen soinu banda presentatu dute.

Nader Koochakiren obra, Baionako Euskal Museoan. GUILLAUME FAUVEAU
Nader Koochakiren obra, Baionako Euskal Museoan. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Baiona
2026ko ekainaren 4a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ziklo baten bukaera». Halaxe definitu du Nader Koochaki soziologo eta artistak Baionako Euskal Museoko erakusketa iraunkorrean sartu duen Hots Likidoa obra. Iazko maiatzean adio erran zien Euskal Museoko eta Gipuzkoako Gordailuko joare zaharrez, golde puskaz eta aizkora buruz fabrikatu 54 joareei. Joare horiek guziek Zuberoako 54 artzaini banatu zituen, eta horien soinua grabatu du iazko udatik hona. «Esanahi handia du lan honek. Ez dira ugariak mota horretako obra garaikideak, museoa kanpoaldean, mendian urtu baitugu azken finean, eta haren soinua jasotzen du obra honek».

Edonola ere, obraren funtsa museoaren kanpoan dela nabarmendu du. Parte bat bakarrik ikus daiteke erakustokian, joareen soinua mendian baita. Haren erranetan, obra osorik ezagutzeko Zuberoako mendietara joatea da egokiena. Hantxe museoko burdina zati zaharrekin egin joareen soinua ingurumenean urturik prezia daitekeela gehitu du.

Baina, konkretuki, museoko etxabean dago Koochakiren landa lanaren soinu banda, erakusleiho batean eman bi bozgorailuetan. Bertara sartuz, grabatu joare eta natura soinuak adi daitezke, eta joareak grabatzerakoan artistak jaso oharrak ikusgai dira liburuxka batean. «Ohar horiek grabaketa egiterakoan idatzitakoak dira. Artzainen izen-deiturak, ardi kopurua, olharen kokapena eta eguraldia jaso nituen besteak beste».

«Esanahi handia du lan honek. Ez dira ugariak mota horretako obra garaikideak, museoa kanpoaldean, mendian urtu baitugu azken finean, eta haren soinua jasotzen du obra honek»

NADER KOOCHAKI Artista eta soziologoa

«Bizitza interpelatzen» duten obrak maite ditu Koochakik, eta zehaztu du horren barnean kokatzen duela Hots likidoa. Funtzio bat betetzen zuten objektuak museo batean sartzean mututzen dira haren ustez, eta nabarmendu du horiei ahotsa ematea kausitu duela. Horiek horrela, museoko kontserbazio lanaren egiteko manera galdekatu du. «Museora sartzen diren gauzak askotan izozten edo ia-ia hiltzen dira». Nabarmendu du bere obrak museoen ohiko kontserbazio ibilbidea aldatzen duela. «Uste dut museoek esperimentaziorako tokiak izan behar dutela, laborategi izaera bat izan behar lukete. Arte garaikidea eta artistak sartzeko beharra ikusten dut hori betetzeko».

Alde horretatik, Euskal Museoak eta Euskal Kultur Erakundeak bultzatu proiektua «ausarta» izan dela erran du. Euskal Museoko zuzendari Sabine Cazenavek kontatu duenez, museoaren zereginetan da erakustokia biziaraztea artistak gomitatuz. «Beharrezkoa zaigu gazteak ekarraraztea, eta, gainera, gure obrak biziarazten dituzten artistak. Nader Koochakik lortu du hori, eta ezohiko obra bat aurkeztu digu egun. Lan artistikoa izateaz gain, lan etnografiko baliosa da».

'Lehen eta orain'

Bertzalde, bozgorailuz osatu erakusleihoaren ondoan, bi koadro presentatu ditu Koochakik. Lehen eta orain deitu ditu bi argazkiak. Batean joarez beteriko bortz makila ageri dira. Eta bertzean, aldiz, hutsik ikusten dira makila horiek. «Joareen presentzia eta eskasia irudikatzen dute bi koadroek. Artzainek, menditik behera datozelarik joareak altxatzen dituzte, eta mendira igotzean zurtoinetarik ateratzen dituzte», esplikatu du Koochakik. Horrela, museoak urtean bi aldiz itzulia emanen dio obrari. Ardiak mendian izanen direlarik, zurtoin hutseko argazkia agerian emanen dute, eta ardiak menditik jaistean, berriz, bertze argazkia; hots, joarez bete zurtoinarena izanen da ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE