Koldo Mitxelena hil zela 25 urte

Zuhur, metodiko, zorrotz

Hura hil zenetik 25 urte igaro eta gero, Koldo Mitxelenaren ekarpena aztertzen ari dira egunotan Gasteizen, Koldo Mitxelena Katedraren III. Biltzarrean. Askotariko laudorioen topaketa izan zen atzoko saioa.

Koldo Mitxelena Katedraren III. Biltzarraren atzoko saioko hizlariak. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Alberto Barandiaran.
Gasteiz
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Koldo Mitxelenak lau hamarkadaz jarri zituen oinarriak, egin zituen ekarpenak eta zirriborratu zituen etorkizuneko lan ildoak oraindik gaur egun bizirik daude, erreferentziazkoak dira euskal hizkuntzalaritzan lanean ari den ororentzat, eta munduan onartuta daude. Hil eta 25 urtera, haren jakinduria, zuhurtzia eta lan sistema goraipatuak dira, oraindik, ikerlarien artean.

Koldo Mitxelenaren Katedraren III. Biltzarraren atzoko ekitaldian, hizkuntzalariaren lan esanguratsuen gaineko irakurketa berritua proposatu zuten hainbat berezilarik, tartean harekin lan egindako askok, eta denek nabarmendu zuten Mitxelenaren ekarpenik gabe ez dagoela gaur egungo euskal hizkuntzalaritza ulertzerik.

Astelehenetik hasi eta gaur amaitu, euskal hizkuntzalaritza eta filologiaren kongresu garrantzitsuetakoa egiten ari da EHUko Gasteizko Letren Fakultateko Areto Nagusian, eta atzokoa Mitxelenaren idazki giltzarrien balioa neurtzeko eguna izan zen. Joakin Gorrotxategi, Javier De Hoz, Ricardo Gomez, Patxi Salaberri Zaratiegi, Lourdes Oñederra, Ibon Sarasola, Gidor Bilbao, Jon Casenave eta Joxean Fernandez Mitxelenaren argitalpen eta ikerketen munduan murgildu ziren, ertz askotatik, eta gaur goizean Pierre Swiggers, Denis Creissels eta Santos Alonsoren hitzaldiak iragarrita daude. Ivan Igartua Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako koordinazio zuzendariak, berriz, Jaurlaritzak berak argitaratuko duen Euskararen historia liburuaren aurkezpena egingo du.

De Hozen hitzaldi berritzailea

Atzoko egunaz, beharbada Javier de Hoz Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedradunak irakurri zuen hitzaldia izan zen berritzaileenetako bat, Mitxelenaren lan baten irakurketa egin beharrean, hark hizkuntza hispaniarraurrekoen ikerketarekin izan zuen harremana aztertu zuelako. De Hozek gogoratu zuen Mitxelena izan zela iberieraren lehen fonetika landu zuena, iberieraren eta euskararen arteko antzekotasunak onartzen hasi berriak zirela.

De Hoz hizkuntzalaritza indoeuroparraurreko Espainiako aditurik onenetako bat da, eta euskara eta iberieraren arteko loturaz hauxe gaineratu zuen: bere iritziz, ezin da esan euskara iberieratik datorrela, «baina ahaidetuta egon daitezke; hau da, familia bereko bi hizkuntza izan daitezke».

Ricardo Gomez EHUko irakasleak Sobre el pasado de la lengua vasca (Euskararen iraganaz) liburu funtsezkoaz jardun zuen. Mitxelenak, lan horretan, egoeraren diagnosia egin eta ikerketek hortik aurrera hartu beharko zuten ildo nagusia marraztu zuen. «Euskararen historiaurrearen ikerketa egitasmoa diseinatu zuen; euskalkien arteko aldea nola ikertu behar zen zehaztu zuen; euskararen mugak nola aztertu azaldu zuen; maileguen azterketa eta datazioa aipatu zuen. Gai batzuk berak jorratu zituen, beste batzuk, geroko egileek».

Hain zuzen ere, Mitxelenak igarritako hiru gai aipatu zituen Gomezek: euskara batu zaharraren ideia, alde batetik; Iruña-Veleian gertatutakoa, beste alde batetik —«edozein eztabaida zientifikotan» idatzi zuen Mitxelenak, «arrazoizko oinarri bakarra da teoria, oso iradokitzailea izanda ere, gertaeren menpe utzi beharra dagoela (…), eta ondo eta egoki baieztatutako gertakizun multzo batek hipotesiz osatutako eraikin oso baten balioa daukala»—; azkenik, Mitxelenak Lazarragarena ere igarri zuela esan zuen Gomezek, «gaur egungo euskal lurraldearen hegoaldean beste hizkuntza aldaera bat» egongo zela idatzi zuenean.

Patxi Salaberri Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak Mitxelenaren onomastikako ikerketak eta, zehazki, Apellidos vascos (Euskal deiturak) lana jorratu zuen. «Jauzi metodologikoa egin zuen, nahiz eta ez den, beharbada, bere lanik onena». Eta aurrera begirako, onomastika ikertu eta arautu behar dela esan zuen. «Zergatik ez arautu, esaterako, Iparraldeko izen-abizenak? Badakit gai irristagarria dela, baina uste dut horri begira urratsak egin beharra dagoela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.