Zuriuneak, deabruak, pixelak

Ertibil lehiaketan parte hartutako hamazortzi artistaren lanak jarri dituzte ikusgai Bilbon

Paula Huarte Cosin artista nafarraren zeramika lanak, Ertibil 2022 erakusketan. ARITZ LOIOLA /FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Sugar estilizatu batzuk, aurpegi borobil sintetikoak, deabrutxoak, pixelatua dirudien lore bat, beldar bat arrastaka, ileak tentetutako katu izutu bat, aurpegi maskaratu bat, katebegi zuri eta beltzez osatutako kate bat, zuriune oboide bat, gimnasia egiten dabilen giza figura bat, koadrikula bat... Bere irudimena habitatzen duten elementu grafiko guztien katalogo moduko bat erakusten du Alazne Zubizarreta artistaren (Arrasate, Gipuzkoa, 1994) Clotted Cream izeneko 24 grabatu kalkografikoko multzoak. Bizkaiko Aldundiak antolatutako Ertibil lehiaketako sari nagusia irabazi zuen lanak, eta Bilboko Rekalde aretoan dago orain ikusgai, lehiaketan parte hartu zuten beste hamazazpi artistaren lanekin batera. Urriaren 12ra arte egongo da zabalik.

7.000 euroko saria ez ezik, Japonian egonaldi bat egiteko aukera ere irabazi du Zubizarretak, eta, bigarren eta hirugarren saria lortuta, hurrenez hurren, 5.000 eta 4.000 euro jaso dituzte Lucia Pedregal Luchin (Cangas de Onis, Asturias, Espainia, 1997) eta Mar de Dios artistek (Barakaldo, Bizkaia, 1992). Japonian egonaldia egiteko aukera izango dute haiek ere, eta 2.000 euroko ordaina jaso dute erakusketarako hautatutako gainerako artistek.

Luchinena da, hain zuzen, bisitariak erakusketan aurrez aurre topatzen duen lehen lana: argazki bat. Artista bera ageri da bertan, biluzik, kokoriko jarrita, eskutan Tino katua duela, begiak erdi itxita. «Gela moduko bat sortu nahi nuen argazkiarekin», azaldu du artistak. «Norbaitek gertutik begiratzen dizunean izaten den sentsazio horren moduko bat sortu nahi nuen, ezerosotasun moduko horrena, segundo batzuen buruan begirada apartatzera eramaten zaituena».

Metro erdi inguruko buztinez sortutako hiru piezak osatzen dute Mar de Dios artistaren Hiru Satori izeneko seriea. Oin bakarrekoa eta urdina da lehena, bi oinekoa eta gorria bigarrena, eta hiru oinduna eta laranja hirugarrena, eta hirurek dituzte zilarrezko distiradun atalak. Artistak azaldu duenez, bizi duzun unean «erabat murgilduta» egoteari egiten dio erreferentzia satori hitzak Japonian, eta, hain zuzen ere, zeramika lantzeko bere modua ere halakoa delako hautatu du izenburua. Denbora luzea behar izaten dute piezek egosteko, eta, horregatik, familiaka egin ohi du lan. «Niretzat prozesua bera garrantzitsuagoa da azken emaitza baino».

Zeramikazko lanak, argazkiak eta marrazkiak ez ezik, bideoak, pinturak eta collageak ere topatuko ditu bisitariak. Eskuz egindako tapiz bat jarri du ikusgai Izaskun Araluzea Itza artistak (Bilbo, 1994). 40x30 zentimetro ditu obrak, eta kolore mantxa eta elementu geometrikoak ikus daitezke bertan. Korapiloak egiteko moduaren arabera, gainera, bolumena hartzen du oihalak zenbait gunetan. Marrazketa landu izan du batez ere Araluzeak orain arte, baina erakusketako aurkezpenean gogoratu duenez, maiz esan izan diote bere lanek tapiz itxura zutela, eta, hain zuzen, marrazkiak teknika horretara «itzultzeko» saiakera bat da Rekalde aretoan ikus daitekeena.

Elkarren bizkarrean

Funtsean, mendi igoera bat erakusten du Lide Mikele Billelabeitia artistaren (Mungia, Bizkaia, 2001) Erein bideoak, baina ezohiko igoera bat da. Bi neskak, txandaka, bata bestea bizkarrean hartuta igoko dute Ereñozar mendiko aldapa harritsua, eta, horren ondorioz, lanak irauten duen ia ordu erdian, behin eta berriz ikusiko ditu bisitariak erortzeko zorian, atseden hartu beharrean, eskura topatzen dituzten adar zein belarrei heltzen.

Bizkaiko Aldundiak 1983an jarri zuen abian Ertibil lehiaketa, eta Lorea Bilbao Kultura eta Euskara diputatuak azaldutakoaren arabera, gazteen artea «berrikuntza eta sorkuntza bultzatzea» izan ditu helburu hasieratik.

Koronabirusaren eraginez, azken bi urteetan garaile suertatutako artistek ez dute Japoniara joateko aukerarik izan. Aurten bai, ordea, eta han dira orain.

Urteak dira Ertibil erakusketa ibiltaria ere badela. Aurten, esaterako, Bilbon ez ezik, Bizkaiko beste lau hiritan ere jarriko dute ikusgai erakusketa urriaren 17tik aurrera. Basaurin izango da lehenik, eta Arrigorriagara, Santurtzira eta Balmasedara eramango dituzte lanak ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.