Igaro den astean, Arabako datorren urteko aurrekontuak onartu zituzten EAJk, PSEk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k, lurraldeko zahar etxe pribatuetako eta etxe komunitarioetako lehen ituna sinatzea lortu ostean. Eta, hain zuzen ere, alderdi horiek gaur onartu dute Gasteizko behin betiko hiri antolamendurako plan orokor berria. Aurretik indarrean zegoen plana 2003koa zen, eta gaur bertan indarrean jarriko den dokumentuak datozen hamar urteetarako hirigintza eredua finkatuko du. 21.000 etxebizitzatik gora eraikitzeko modua emango du.
Otsailean behin-behinean onartu zuten testua, eta akordioa sinatutako alderdi guztiek azpimarratu zuten plan berriari esker hiria «atseginagoa, iraunkorragoa, eta lehiakorragoa» izango dela. Hiriko alkate Maider Etxebarriak nabarmendu zuen hiriaren hazkundea «barrura begira» egingo dutela.
21.148 etxebizitza eraikitzeari bide ematen dio dokumentu berriak, eta horietatik ia %75 babestuak edo tasatuak izango dira. Alkateak «hazkundea barrura begira» egiteko asmoa adierazi bazuen ere, hiriaren kanpoaldeko auzoetan —etengabe hedatzen ari diren horietan— eraikiko dituzte etxebizitza gehienak: Zabalganan, Salburuan eta Goikolarran, baita Lakuan ere, zeina jada nahiko mugatua baitago. Halere, gutxiago izanda ere, Zabalgunea, Abetxuku, Judimendi, Armentia, Ehari-Gobeu eta Elorriaga auzoetan hutsik dauden eremuetan eraikitzeko asmoa ere badute.
Etxebarriak planaren ardatzak definitu ditu: «Dagoeneko eraldatuta dauden lurzoruetan birdentsifikatzeko, birgaitzeko, berroneratzeko eta erabilerak areagotzeko jardueretan oinarritzen da». Nabarmentzekoa da planak bide ematen diola beheko solairuko merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzeari. Horretarako ordenantza bat onartuko dute, beharrezko baldintzak ezartzeko eta arautzeko. Gaurko asmo bera adierazi zuen urte hasieran ere: «Beheko solairuko etxebizitzak ez dira infraetxeak. Eta ez dute ekarriko saltokiak ixtea».
EH Bildu ez dago ados
Azken neurri hori gogor kritikatu du EH Bilduko Xabier Ruiz de Larramendi zinegotziak: «Neurri hori, zalantzarik gabe, negatiboa da tokiko merkataritzarentzat, eta atea irekitzen die espekulazioari eta merkataritza lokalen garestitzeari. Eta gauza bat argi gera dadila: etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituztenek etxebizitza duina behar dute, eta ez trasteleku batean bizitzea».
Gaur egin dute premiazko osoko bilkura, eta koalizio subiranista abstenitu egin da, argudiatuta 2003ko plana «aberrazio hutsa» zela, eta dokumentu berriak hura hobetzen duela, baina ez dela nahikoa. Ruiz de Larramendik adierazi du hiriak «aukera bat galdu» duela.