7.000 euroren baino gehiagoren isunak 11 pertsonari. Zigor ekonomiko horiek ezarri dizkiete iragan den urtean Gasteizko Alde Zaharreko Korda gunearen hustean Poliziak identifikatu zituen lagunei, mozal legea aplikatuta —Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea—. Horietako hamar gunearen barruan itxita geratu ziren kideak dira —11 izan ziren guztira, eta hamar identifikatu zituzten—; azkena, berriz, zauriturik suertatu zen manifestari bat artatu zuen ospitaleko erizaina. Izan ere, Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, hura ere identifikatu zuen Poliziak, eta hari ere iritsi zaio isuna.
Gasteizko Alde Zaharrean zegoen Korda gunea, Gasteizko Udalaren 21 Zabalgunea enpresa publikoaren jabetzakoa den lokal batean. Eraikina hutsik zegoen, harik eta 2022an Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak, Zaharraz Harro elkarteak eta Herrizoma elikadura sareak «berreskuratu» zuten arte. 2025ean, ordea, udalak lokala husteko asmoa zuela jakinarazi zuen, baita horretarako auzitara jotzeko ere. Ekainaren 4an, Ertzaintzak, epailearen aginduz, gunea husteko operazioa jarri zuen martxan.
Ikusi gehiago
Operazio hartan, lokal barruan itxita geratu ziren 11 lagunei «oldartu» zitzaien Polizia. «Neurrigabeko indarkeria» erabili zutela salatu dute Korda gunea kudeatzen zuten elkarteek. Barruan zeudenetako bat zauritu eta beste hamarrak identifikatu zituen Ertzaintzak, eta, Auzoan Bizi sindikatuak gaur jakinarazi duenez, identifikaturiko hamar lagunei 7.000 euro pasatxoren isunak ezarri dizkiete. Zaurituriko pertsona atxilotu ere egin zuen Ertzaintzak, eta haren aurkako prozedura judiziala abiarazi. Epaileak, delitu zantzurik ikusi ez, eta prozedura artxibatu zuen, baina ospitalean zauritua artatu zuen erizainari ere iritsi zaio isuna.
Isunok herri mugimenduaren aurkako «errepresio estrategiaren parte» direla salatu du Auzoan Bizik. Mozal legea «askatasun politiko eta zibilen kontrako tresna» dela eta Poliziaren «inpunitatea» areagotzen duela ere deitoratu dute elkartekoek. Iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela isunen kontra. Azkenik, errepresioaren aurrean «elkartasuna» erakusteko, maiatzaren 9an Gasteizko Bittori plazan egingo duten elkartasun argazkira biltzeko deia egin diete herritarrei.