AHTa lehenbizi lur gainetik iritsiko da Gasteiza, eta beranduago lurperatuko dute

Santanok argudiatu du presa dagoela, horregatik egingo dela bi fasetan. 2028an hasiko dira obrak, eta 300 milioi euroko inbertsioa egingo dute. Berrehun tokiko aparkaleku bat ere egingo dute, Gasteizko Udalak eskatuta.

Gasteizko gaur egungo tren geltokia, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Gasteizko gaur egungo tren geltokia, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
2026ko urriaren 15a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko tren geltokia berritzeko lanak 2028an hasiko dira, eta lehen fasean lur gainetik egingo du hiriko ibilbidea AHTak. Baieztapen hori Jose Antonio Santano Espainiako Gobernuko Garraio idazkariak egin du gaur, Gasteizko Abiadura Handia sozietatearen bileraren ostean. Bertan izan dira Maider Etxeberria Gasteizko alkatera, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Adif-eko eta Eusko Jaurlaritzako zenbait ordezkari ere. Santanok argudiatu duenez, denbora gutxi dute, eta ahalik eta errazen askatu nahi dute AHTaren hiri ibilbidearen korapiloa: hasieran lur gainetik joango da, eta, behin geltoki berria martxan dagoela, hurrengo fase batean trena lurperatzeko lanak egingo dituzte.

Hala ere, oraindik ez du guztiz argitu noiz hasiko diren lurperatze lanekin. Azaldu duenez, onenean, egin nahi duten merkantzien trenbide saihesbidearen ostean hasiko lirateke lurperatze lanekin, baina hori korapilatuko balitz lehenago hastea ere mahai gainean dagoela azaldu du Santanok, nahiz eta aitortu duen horrek inpaktu handiagoa izango duela. Izan ere, ideia da trenbidea lurperatzen den bitartean pasabidea beste saihesbide horretatik desbideratzea.

300 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da Zerio (Araba) eta Jundiz industrialdea (Gasteiz) lotzen dituzten hamalau kilometroetarako. Lurpeko geltokiak abiadura handiko trena Gasteizera «modu duinean» iristea ahalbidetuko du, Santanok adierazi duenez. 

Haren esanetan, Arkautiko korapiloa (Araba) amaituta dagoenean iritsiko da AHTa Gasteizera. Ez dago asmorik geltoki berria amaitu arte itxaroteko, «kasurik okerrenean» lur gaineko egungo geltokia erabiliko baita. Arkautiko lotunea Gasteiz ekialdean eraikiko den 10,7 kilometroko azpiegitura bat da, abiadura handiko trena hiriburuarekin eta gainerako trenbide sarearekin lotuko duena.

Bigarren faseari dagokionez, Gasteizen trenbidea lurperatzeari lotutakoa, Santanok adierazi du informazio azterlana «amaituta» dagoela. Gasteizko Abiadura Handia sozietateko administrazio kontseiluak beste bilkura bat egingo du obren «kronogramari» heltzeko, baina ez du zehaztu bilera noiz egingo den.

Lurperatzearen atzerapena

2024an, Gasteizko Udalak adierazi zuen 2027tik aurrera hasiko zituztela obrak, baina berriz ere atzeratu egin da proiektua. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ohartarazi duenez, ez dago zehaztuta noiz iritsiko den abiadura handiko trena lurpetik. Hala ere, baikor agertu da, eta abiadura handiko trena lurpetik iristeko akordioa «sinatuta» dagoela berretsi du.

Bestalde, Espainiako Gobernuak onartu egin du Gasteizko Udalaren eskarietako bat: berrehun tokiko aparkaleku bat egingo dute. Bi pisu izango ditu: lehenengoan 50 ibilgailu kabituko dira, mugikortasun urria dutenentzat, eta bigarren pisuan, berriz, 150 ibilgailu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA