Udako euri gabeziak Arabako hainbat lurraldetan eragindako lehorteak eta ur hornidurako etenak amaitu dira udazkeneko lehen euri jasekin batera, baina ur faltaren zergatiari buruzko eztabaida ez da amaitu oraindik. Izan ere, Saray Zarate Garapen Ekonomikorako eta Jasangarritasunerako foru diputatuak, Arabako Batzar Nagusietako kontrol saioan egindako hitzaldian, Zuiako Udalari eskatu dio egin ditzala «orain arte egin gabeko mantentze lanak» ur hornidurako sarean, aldundiak ezin baitu jarraitu udalerria «ur kamiokadaka» hornitzen.
Ikusi gehiago
Udan, aldundiak ura kamioietan eraman behar izan zuen Galarreta, Molinilla, Arriola, Lukiano eta Domaikiako herri batzarretara, baita Zuia eta Okondoko Udaletara ere. Zarateren arabera, kasu horietan guztietan ur eskasiaren arrazoi nagusia hornidura sareko «ihesak eta matxurak» izan ziren, eta ez lehorteak ibaietan eta urtegietan emaria apalarazi izana. Zuiako Udalaren arabera, udako lehortearen ondorioz Baia errekaren maila apaldu izanak eragin zituen hornidura arazoak, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote konektatu dezala Zuia Zadorrako hornidura sarera konektatzea.
Elkarrekin Ahal Dugu-ko Jose Damian Garcia-Moreno batzarkidearen galderari erantzunez egin ditu adierazpenok Zaratek. Garcia-Morenok «ardura eta kudeaketa partekatua» eskatu dizkio aldundiari, hornidura arazo horiek udalerriekin batera konpontzeko, eta Zaroko urtegiaren proiektua abian jartzeko ere eskatu du, horrela Gorbeialdeko Kuadrillako ur hornidurako arazoak konpontzeko. Halaber, koalizioko bozeramaileak ohartarazi du erakundeek esku hartu ezean uda honetan izandako arazoak urtero izango direla, klima aldaketaren ondorioak direla eta.