AP-68ko bidesariak nabarmen murriztuko ditu Arabako Foru Aldundiak

Autobidea kudeaketa publikora igaroko da azaroaren 11n, eta ordutik aurrera kobratuko dituen bidesariak finkatu ditu aldundiak: %70 merkatuko da autoentzat, eta %50 kamioientzat.

AP-68 errepidea, Bizkaiaren eta Arabaren arteko mugan. IREKIA
AP-68 errepidea, Bizkaiaren eta Arabaren arteko mugan. IREKIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko uztailaren 28a
15:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

55 kilometro egiten ditu AP-68 autobideak Araban, eta, egun, 11,20 euroren prezioa du tarte horretako bidesariak. Titulartasun publikoko autobidea da, baina kudeaketa pribatua da, eta datorren azaroan kudeaketa ere publikoa izatera igaroko da; hain zuzen, Arabako Foru Aldundiaren eskumenekoa izango da, eta horrek prezioen murrizketa nabarmena ekarriko du. Izan ere, gaur onartu du aldundiak ordainketa sistema publikoa ezarriko duen foru araua, eta prezioak %70 merkatuko dira autoentzat, eta %50 kamioientzat. 

Bidesari berriekin, beraz, aipaturiko 55 kilometroko tartearen prezioa merkeagoa izango da: 3,35 euro. Aplikaturiko murrizketak errepide berberaren Bizkaiko tartean ezarriko direnak baino nabarmen handiagoak dira, Bizkaiko Aldundiak %20ko murrizketa soilik ezarriko baitie bidesariei. Ordainketak kudeatzeko, «plataforma bateratu bat» abiaraziko du aldundiak, eta asmoa dute etorkizunean lurraldeko zirkulazio handiko beste errepide batzuk sistema horretara batzeko.

Izan ere, ohiko ordaintokiez gain, kontrolerako arku bidezko «ordainketa sistema dinamikoa» ezarriko dute progresiboki AP-68an. Sistema horrek autoen matrikulak identifikatuko ditu, autoak gelditzeko beharrik gabe, eta VIA-T sistemaren bidez edo aurretiaz aipaturiko plataforman ibilgailuari loturiko kreditu txartel baten bidez ordaintzeko modua emango du. Horrek trafikoa arinduko duela aurreikusten du aldundiak.

Errepidea kudeatzeak eragin ekonomiko nabarmena izango du Arabako aurrekontuetan. Aldundiaren arabera, egun 12 milioi euroko kostua dute Arabako foru errepideen sareko 1.455 kilometroen mantentze eta kudeaketa lanek. Baina, zenbait azterlan egin dituzte, eta aurreikusi dute gutxienez 16 milioi euroko inbertsioa behar dela AP-68 autobidea eta zirkulazio handiko gainerako bideak mantentzeko. Hori dela eta, aldundiak bidesariak murriztea erabaki du, guztiz kendu ordez. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA