Arabako ardoaren campusaren lehen harria jarri dute Guardian

Basque Culinary Centerrek bultzatu du Eda Drinks & Wine Campus proiektua, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren sostenguarekin. Gasteizen eta Guardian izango ditu egoitzak. Gaur ekin diote Guardiakoa eraikitzeari.

Agintariak eta erakundeen ordezkariak, Arabako ardoaren campusaren Guardiako egoitzaren lehen harria jartzen. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Agintariak eta erakundeen ordezkariak, Arabako ardoaren campusaren Guardiako egoitzaren lehen harria jartzen. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urtarrilaren 23a
13:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte batzuk daramatza Basque Culinary Centerrek ardoaren sektorea dinamizatuko duen formakuntza zentro bat bultzatzen. Eda Drinks & Wine Campus bataiatu dute proiektua, eta asmoa da 2027-2028ko ikasturtean lehen promozioarekin hastea. Horretarako, egoitzak eraiki behar dira Gasteizen eta Guardian (Araba), eta gaur jarri dute Guardiakoaren lehenengo harria.

Instituzioen presentzia handia izan da ekitaldian, bertan egon baitira Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia, eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere bertaratzekoa zen, baina azkenean ezin izan da ekitaldian egon, Davosko Foroan parte hartu duela eta. Ardogintzaren sektoreko jendea ere izan da, tartean eskualdeko upategi askoren jabeak.

Ardoaren sektoreari bultzada

Proiektuaren bitartez, ardoaren industriari eta lehen sektoreari bultzada ematea da Basque Culinary Centerren eta euskal instituzioen helburua. Erakundeak bere webgunean dioenez, Eda Drinks & Wine Campusek «garapen ekonomiko eta sozial jasangarria sustatuko du ardoaren eta edarien bidez. Horretarako, talentua erakarri eta prestakuntza espezializatua eskainiko du».

Etorkizunean ardoaren sektorea berrituko duten profesionalak heztea da campusaren helburua, azken urteetan egoera kezkagarria pairatu izan duen sektoreari laguntzeko. Barredo sailburuaren esanetan, Edan sortuko den ezagutzak «sektoreari aukera emango dio lehiakortasuna indartzeko egungo exijentzia handiko testuinguruan, baita merkatu berriak irekitzeko ere».

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak zera adierazi du: «Campus honek mundurako ate bat irekiko digu, baina gure nortasuna ahalik eta gehien errespetatuz». Eraikinak ere nortasun propio hori islatuko ei du, mahastiekin eta inguruarekin arkitektonikoki integratzea baita asmoa.

Aurreikuspenen arabera, eraikinak 3.000 metro karratu hartuko ditu. Barruan, hiru laborategi, lau tailer eta gela sentsorial bat daude aurreikusita, baita «ekintzaileentzako inkubagailu bat eta start-up-ak bultzatzeko sei ikasgela». Azkenik, ardogintzan zentratutako solairu pilotu bat eta «wine bar esperimental bat» ere aurreikusten dira Edak Guardian izango duen egoitzarako. Eraikina 2027an bukatzea aurreikusten bada ere, agintariek nabarmendu dute «zenbait prestakuntza programa eta egitasmo» badaudela jada martxan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.