Abuztuaren 23a. Egun horretan jarriko du Arabako Foru Aldundiak plaka bat Arte Ederren Museoan, eraikina esklaboen trafikoaren bidez finantzatu zela oroitzeko. Arabako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak gaur onartu du Elkarrekin Podemos-IUren proposamena, EAJren eta PSEren babesarekin. Hala, Arabako Foru Aldundiak plaka oroigarri bat jarriko du museoko sarreran, eraikinaren jatorriari buruzko informazioa emateko eta esklabotzaren biktimak gogoratzeko. Museoa Julian Zulueta negoziolari eta esklabista arabarraren herentziari lotuta dago —Zulueta Kuban aberastu zen, 1830eko hamarkadan, esklaboen salerosketaren eta azukre lantegien bitartez— , eta, beraz, Arabako memoria historikoa eta Agustin Zulueta jauregiaren jatorriari buruzko «egia» transmititu nahi ditu aldundiak plaka jarrita.
Ikusi gehiago
Plaka jartzeaz gain, enkargu bat ere jaso du Kultura eta Kirol Sailak: Arte Ederren Museoaren eraikinaren historiari buruzko argitalpen bat prestatu beharko du, eraikina sortu zenetik gaur egun arteko ibilbidea jasoko duena. Lan hori urtea amaitu aurretik argitaratuko du.
Arabako aurrekontuen akordioan EAJrekin eta PSErekin adostutako konpromisoetako bat da neurria. Elkarrekin Podemos-IUk nabarmendu du erakundeek urrats bat egin dutela Arabak kolonialismoarekin eta esklabotzarekin izan zuen lotura aitortzeko bidean. «Bada garaia Arabak kolonialismoan eta esklabotzan duen erantzukizun partikularra bere gain hartzeko», azpimarratu du David Rodriguez Elkarrekin Podemos IUko bozeramaileak. Kubarekiko eta Amerika eta Afrikako beste herrialde batzuekiko dagoen «zor historikoa» kitatuko dela esan du.
Sare baten parte
Gaurko eztabaidan, Kontrapuntu Dekolonialaren Plataformako ordezkariak izan dira. Gogora ekarri dute jauregia eta inguruko beste hainbat eraikin —Zulueta familiari lotutako txaletak, Santa Isabel hilerriko mausoleoa edo Gasteizko seminarioa, besteak beste— Julian Zuluetak Kuban pilatutako aberastasunaren ondare materialaren adibideak direla.
Hala ere, plataformako kideek ohartarazi dute Zulueta ez zela kasu bakana izan, ezpada esklabotzaren inguruan antolatutako sare ekonomiko eta politiko zabal baten parte. «Sare horretan merkatariak, armadoreak, finantzariak, lur jabeak eta kargudun publikoak bildu ziren, eta guztiek lortu zituzten onurak afrikarren salerosketatik eta esklaboen lanaren ustiapenetik».