Arabako Elikagai Bankuak bilketa solidarioa egingo du ekainaren 5ean eta 6an, lurraldeko pertsona zaurgarrientzako «elikadura duina ziurtatzeko». Elkarteko kideek azaldu dutenez, enpresek eta supermerkatuek saldutako elikagaien soberakinak ematen badizkiete ere, dohaintza horiek ez dira nahikoa hileko dieta «modu egonkorrean ziurtatzeko», sarri janari galkorrak baitira. «Esnea, arroza, barazki kontserbak, ekilore olioa eta lekaleak» dira gehien behar dituzten elikagaiak.
Egun, elikagaien bankuak 40 euro baino gehiago balio duen janari sorta banatzen die hilero erabiltzaileei. Inflazioa eta dohaintzen jaitsiera tarteko, ordea, «laguntza horien iraupena arriskuan» dago, elkarteko kideen arabera. Hiritarrei elkartasunerako deia egin diete, beraz, eta kanpainan parte hartzera animatu dituzte.
Lurraldeko supermerkatuetan egingo da diru eta elikagai bilketa. Alcampo, BM, Leclerc, Carrefour eta Eroski kateetako dendetan janaria zein dirua eman ahalko da. Mercadonan, Dian eta Corte Inglesen, berriz, diru bidezko dohaintzak baino ez dituzte onartzen. Arabako Elikagaien Bankuaren webgunearen bitartez eta Bizum bidez ere onartuko dituzte dohaintzak.