Luze diraute Arabako esku hartze sozialeko langileen sektoreko hitzarmen kolektiboko negoziazioek. Sindikatuek eta patronalak beste bilera bat izan dute gaur, eta ez dute lortu jarrerak hurbildu eta ados jartzerik. Izan ere, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek salatu dute AISA patronalak ez diola erantzun beren proposamenari, argudiatuta «negoziazio esparrua jada ez dela berdina». Hori dela eta, sindikatuek iragarri dute lanuzteak antolatuko dituztela hurrengo asteetan.Â
Lau sindikatuek joan den abenduan egin zioten patronalari berriro biltzeko eskaera, eta proposamen bateratu bat jarri zioten mahai gainean. Alta, salatu dute patronalak ez duela aintzat hartu eta «lan-baldintzak sektore publikoko baldintzekin parekatzeko prozesutik urrun» jarraitzen duela: «Berriro ere, akordio batera hurbiltzeko proposamenen ordez, akordio hori urruntzen duten aitzakiak jartzen ditu mahaiaren gainean».
Izan ere, milatik gora dira sektoreko langileak Araban, eta eskari nagusia da soldatak eta lan baldintzak sektore publikokoekin parekatzea. Sindikatuek salatzen dute «sektorea bere osoan publikoki finantzatua izan arren», langileek urtean sektore publikokoek baino 16.000 euro gutxiago kobratzen dituztela.
Hori dela eta, sindikatuek grebarako deialdia egin dute, eta mobilizazio egutegi bat iragarri dute urtarrilerako eta otsailerako. Urtarrilaren 21ean izango dira lehenengo lanuzteak, hiru ordukoak, eta otsailaren 4rako eta 5erako, berriz, egun osorako greba antolatu dute. Horretaz gain, urtarrilaren 14rako prentsaurrekora deitu dute Arabako Foru Aldundiaren aurrean, haien proposamenen edukia azaldu eta negoziazioen egoera plazaratzeko.