Iazko urtea 100.000 bidaiarirekin itxi zuen Arabako Eskualdeko Garraioak. Ez da datu makala, kontuan harturik duela hamar urteko kopuruekin konparatuz gero %350eko hazkundea dakarrela, Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Azpiegituren foru diputatuak azaldu duenez. Hain zuzen ere, zerbitzua indartzeko eta linea berriak sortzeko planak aurkeztu ditu gaur diputatuak, aldundiko Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuko zuzendari Patricia Perezekin batera.
Aurretiaz eskatuta funtzionatzen duen taxi zerbitzua da Arabako Eskualde Garraioa, eta Araba Busen autobus zerbitzuak osatzeko erabiltzen da. Zerbitzuaren aurrekontua %58 igoko dela eta 1,9 milioi eurora iritsiko dela nabarmendu du Nogalesek. Igoera hori zerbitzuen indartzean eta areagotzean nabarituko dute erabiltzaileek. Izan ere, hainbat linea berri sortzeko asmoa dute, eskualdeen irisgarritasuna hobetzeko. Tartean, linea berriak ezarriko dira Arabako Errioxan, Aiaraldean eta Gorbeialdean. Beste eskualde batzuetan, Añanan esaterako, orain arteko zerbitzuak hobetuko dituzte.
Linea berriak
Perezek azaldu duenez, eskualdeko autobus lineen emakidak eta kontratuak berritzen hasiko dira ekainaren 1ean. Lehen fasean, Arabako Errioxarako linea berria sortuko dute. Orain arte, linea bakarra zuen eskualde horrek, 22. linea, Guardiatik Lezako ospitalera doana. Ekainetik aurrera, bikoiztu egingo da zerbitzua eskualdean, eta bi linea izango ditu, Errioxa Mendebaldea 22 izenekoa eta Errioxa 23 izenekoa.
Araba Busen 9. linearekin lotura egingo dute zerbitzu horiek. «Linea bikoiztuko dugunez, tokien eskaintza handituko dugu eskariaren gorakadari erantzuteko, maiztasuna handituko dugu Elvillarren, Kripanen eta Lantziegon, eta eskualdeko garraio zerbitzua emango dugu lehen aldiz hiru herritan: Moredan, Gorrebuston eta Labrazan», ospatu du Moralesek.
Bigarren fasean, uztailaren 1etik aurrera, gainerako emakidak berrituko dituzte, eta, ordutik aurrera, bi linea berri sortuko dira, Amurrio, Arespalditza eta Artziniegako udalerriei zerbitzua emateko. 1A lineak Añes, Lexartzu, Erbi, Erretes Lanteno, Opellora, Lanteno, Campijo, Santa Koloma, Mendieta, Retes Tudela, Gordeliz, Soxo eta Soxoguti lotuko ditu Artziniegarekin. 1B lineak, berriz, aipaturiko herriak Artziniega, Arespalditza eta Amurriorekin lotuko ditu.
Azkenik, «datozen hilabeteetan» aldundiak zerbitzu berria jarriko du martxan Gorbeialdean. Oraindik ez dute zehaztu noiz jarriko duten abian, baina Zigoitiko udalerriko herriak lotuko ditu Arabako hiriburuarekin. Zehatzago, Gorostiza, Zestafe, Akosta, Maurga, Ondategi, Olano, Zaitegi, Letona eta Mendarozketa herriak lotuko ditu Gopegirekin, Gorbeia merkataritza zentroarekin eta Gasteizekin.Â
Zerbitzua indartzea
Añanako eskualdean, berriz, linea berririk sortuko ez bada ere, orain artekoak indartuko ditu aldundiak. Gaubea eta Añanako udalerriei zerbitzua ematen dieten ibilgailuen kopurua bi halakotu egingo da, eta 15. lineak lotura berria izango du Arabako Lautadako aldiriko trenarekin, Argantzongo tren geltokian geraleku berria izango baitu zerbitzu horrek.
Erreserbak bidaia abiatu baino bi ordu lehenago egiteko aukera izango dute uztailaren 1etik aurrera zerbitzuaren erabiltzaileek. Orain arte, erreserbak bezperako 20:00ak baino lehen egin behar ziren. Hala izango da orain ere, baina, salbuespen gisa eta «ezohiko egoerei erantzuteko», egun horretatik aurrera erabiltzaileek bi ordu lehenago erreserbatu ahalko dute, toki libreak badira, betiere. Azken orduko erreserba horietarako, 5 euroko tarifa berezia ordaindu beharko dute.Â